Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gripearen aurkako txertoa jarri nahi duenak eskatu besterik ez du gaurtik aurrera. Zehazki, bere osasun zentrora deituta edo Osakidetzaren webgunearen bidez ordua eskatuta. Urriaren 7an hasi zen txertaketa kanpaina, eta ordutik arrisku kolektiboetako 349.066 laguni jarri diete injekzioa.
Talde horien parte dira 60 urte baino gehiagokoak, patologia kronikoren bat duten pertsonak —biriketakoa, bihotzekoa, diabetesa...—, haurdun dauden andreak, hainbat profesional —osasun langileak, gizarte zerbitzuetakoak eta zaintzaileak— eta zahar etxeetan bizi diren pertsonak.
Dena den, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, multzo horietan sartzen ez diren lagunek ere txertoa hartzea garrantzitsua da immunitate kolektibo handiagoa lortzeko.
Sudurretik
Oraingoz, aurtengo txertaketa kanpainan iaz baino %3,8 txerto gehiago jarri ditu Osakidetzak. Gainera, gripearen aurkako txertoa hartu dutenen %70ek COVID-19aren aurkakoa ere hartu dute, arrisku taldeetakoei biak batera jasotzeko aukera eman baitiete.
Umeei, berriz, 10.689 dosi jarri dizkie Osakidetzak, iaz baino %30 gehiago. Dena den, uste du oraindik txikia dela kopuru hori, eta 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrak dituzten familiei dei egin die txertoa jar diezaieten. Izan ere, Osasun Sailaren arabera, «haurrak ere kalteberak dira, eta, gainera, kutsatzaile handiak». Ziztadak saihestu eta atxikimendu handiagoa lortzeko, 2 eta 5 urte artekoei haurrei txertoa sudurretik ematen zaie.