Koronabirusa

Gaurtik arindu egingo dira gaueko aisialdiari ezarritako neurriak Nafarroan

Nafarroako Auzitegi Nagusiak gobernuaren dekretua onetsi du. Ostatuen itxiera, oro har, ordubete atzeratuko da: 02:00 arte. Labik bilera izango du gaur goizean

Txertoa jartzeko gunea, Iruñean, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez dio ezetzik esan aste honetan Maria Txibiteren gobernuak koronabirusaren kontrako neurriak arintzeko atera duen foru dekretuari. Izurritearen bilakaera onbidean dela iritzita, ezarriak diren mugak leuntzeko asmoa iragarri zuen Gobernuak, eta auzitegiak bide eman dio asmo horri. Bihar jarriko dira indarrean neurri berriak, eta, gutxienez, hilaren 30era arte iraunen dute. Aldaketek ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegietan eraginen dute, batik bat: ordubete atzeratuko dute ostatuen itxiera ordua, hau da, 02:00 arte izaten ahalko dira zabalik.

Izanen dira, hala ere, ñabardurak. Lizentzia bereziak dituzten lokalek 03:00 arte ematen ahalko dute zerbitzua; diskotekek eta dantzalekuek, 04:30 arte. Orain arte bezala, debekatua izanen da barran kontsumitzea. Gainera, etxabeen erabilera baimendua da atzera ere. Dena dela, baldintza batzuk bete beharko dituzte: agiri bat helarazi beharko zaie Osasun Departamentuari eta tokian tokiko udalari, erabilera egokia eginen dela adieraziz. Halaber, garraioan baimendua den gehienezko edukiera zabalduko du Nafarroako Gobernuak: %75era handitu nahi dute muga, eta gogorarazi dute ezinbestekoa izanen dela aireztatze egokia bermatzea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere izurriaren aurkako neurrien arintzea espero da gaur. Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak bilera du gaur goizean, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik agerraldia eginen du, zer erabaki den azaltzeko.

Datuak

265. Horiek izan ziren asteazkenean atzemandako COVID-19 kasuak. 215 Osakidetzak detektatu zituen, eta 50 Osasunbideak. Bizkaian atzeman ziren gehienak, 131; Gipuzkoan 64 izan ziren, eta Araban 18. Denera 7.669 test egin zituzten bi osasun sistemek, eta %3,4 izan ziren positiboak. Transmisioa nabarmen ari da behera azken asteotan. Beherako kurba agerikoa da uztailetik hona; uztailaren 30ean, positiboen hamalau eguneko batez bestekoa 1.763 kasukoa zen; orain, 303 kasukoa. 40 paziente ospitaleratu behar izan zituzten atzo infekzioaren ondorioz: denak Osakidetzan. Ospitaleratzeen kurba ere beheraka ari da, baina motelago, eta gorabeherekin. Hilaren hasieran, adibidez, 207 pertsona zeuden Osakidetzan ospitaleratuta; orain, 166. Denera, bi osasun sistemetan 67 eri daude ZIUetan. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek atzo iragarri zuen espero dutela urrian txertatuta egotea herrialdean txertoa har dezaketenen %90.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.