Koronabirusa

Gaurtik aitzina ziurtagiririk ez eskatzea ebatzi du Jaurlaritzak

Neurriaren inguruan asteon jasotako epaia aintzat hartuta hartu dute erabakia. Txertatze ziurtagiria lortzeko bidea arindu du Parisek

Osasun ziurtagiria, telefono mugikor batean. GORKA RUBIO /FOKU.
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Osasun ziurtagiria gehiago ez eskatzeko araua argitaratuko du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik; horiek horrela, ez da inon eskatu beharko. Azaroaren 17ko arau bat indarrean zegoen atzo arte oraindik, eta, horren arabera, gaueko aisialdian eta 50 bezerorentzako baino gehiagoko tokia duten jatetxeetan eskatu egin behar zen ziurtagiria, baina bertan behera uzteko asmoa azaldu zuen atzo Jaurlaritzak.

Jaurlaritzak adierazi duenez, erabaki horren atzean dago asteon EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezetz esan izana ziurtagiriaren erabilera luzatzeko eta zabaltzeko egindako eskeari. Halaber, esan dute egoera epidemiologikoari ere erreparatu diotela. Osasun Saileko iturriek esan dute arau hori bertan behera utzita ere «zuhur» jokatu behar dela.

Iparraldean, indarrean

Nafarroan indarrean dago oraindik ziurtagiria eskatzeko agindua. Ipar Euskal Herrian, berriz, txertatze ziurtagiriak ordezkatu zuen urtarrilean osasun ziurtagiria. Bada, Frantziako Osasun ministroak herenegun adierazi zuen txertatze ziurtagiria lortzeko baldintzak malgutuko dituztela. Hala, Ipar Euskal Herriko herritarrek ez dituzte baitezpada hiru dosi jarri beharko txertatze ziurtagiria lortzeko, gaitza pasatu badute. Azaldu duenez, eritasuna pasatu duten pertsonek ez dute indartze dosirik beharko; berdin du noiz pasatu duten COVID-19a. Izan ere, «sistema immunitarioak hiru aldiz akuilatua» izan behar duela erran du, izan infekzio baten bidez edo txertoaren dosi baten bidez. Gaitza bi aldiz pasatu dutenek dosi bakarrarekin eskuratzen ahalko dute agiria, beraz. Haatik, gaitza ukan, eta agiriak sei hilabetez balio du orain arte, baina otsailaren 15etik aitzina lau hilabetera murriztuko dute epea, eta tarte horretan txertorik jartzen ez dutenek ez dute eskuratu ahal izanen.

Ziurtagiria uztaila aitzin kentzeko asmoa adierazi du Veranek, «egoera epidemiologikoak bide ematen badu hala egiteko». Dena den, legea uztailera arte izanen da indarrean, gehienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.