Gaurko eta biharko grebara deituta daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sare publikoko irakasleak

Gaur mobilizazioak egingo dituzte; 11:30ean hasiko dira, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Bihar, Gasteizko Europa jauregian elkartuko dira, 11:30ean.

Irakasleen protesta bat, urtarrileko greba egunetako batean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irakasleen protesta bat, urtarrileko greba egunetako batean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun

Lan zamak arintzea, erosahalmena berreskuratzea...; finean, lan hitzarmen berria izenpetzea, lan baldintza hobeak erdiesteko. Sindikatuen irudiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan badago zer aldarrikatua; horrenbestez, 40.000 irakasle inguru grebara deituta daude gaurko eta biharko. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek egin dituzte deialdiak.

Greben karietara, protestak ere antolatu dituzte. Gaur, 11:30erako egin dituzte deialdiak: Bilbon, hezkuntzako lurralde ordezkaritzatik abiatuko da mobilizazioa; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Bilbo plazatik. Bihar, berriz, manifestazio bakarra egingo dute: Gasteizen izango da, eta Europa Jauregitik aterako da 11:30ean. Gainera, zenbait ikastetxetan itxialdiak ere egin dituzte, esaterako, Diman, Plentzian eta Markina-Xemeinen (Bizkaia).

Gaurkoa eta biharkoa sare publikoan abiatutako greba sortaren parte dira. Hain zuzen, urtarrilaren 22an eta 23an ere ikasgelak hustu eta kaleak bete zituzten irakasleek. Sindikatuen esanetan, erantzun handia izan zuten deialdiek, %70 ingurukoa; Hezkuntza Sailak, aldiz, ziurtatu zuen apalagoa izan zela, erdiek inguruk bat egin zutela. Haurreskolak partzuergoan eta sukaldeetan eta garbiketan ere egin dituzte grebak, eta, lehen greben ostean, Haurreskolak partzuergorako lan itun berria lortu zuten.

Aurrera, baina ez nahi beste

Irakasleen greba deialdiaren atarian, LABek ohar bat atera du. Azaldu duenez, aurreko bi greben «erantzun zabalak» eraginda, Hezkuntza Sailak mahai negoziatzaile batera deitu zuen astelehenean. LABen esanetan, edukien inguruan «urrats bat» egin dute, eta hasi dira proposamen berriez hitz egiten; alabaina, sindikatuaren irudiko, oraindik ez da nahikoa.

Izan ere, LABen esanetan, eskola ordu gutxiago ematea eskaini diete; ez, ordea, etapa guztietan. Halaber, lantaldeak gaztetzea ere eskatua dute, eta aitortu dute «aurreraurratsak» egin dituztela; aski ez, ordea: «Neurriok ez diete langile guztiei eragingo administrazioak ezartzen dituen baldintzengatik». Erosahalmenari dagokionez, diote idatzizko proposamenean ez dutela jaso langile guztiei eragingo dien osagarririk. Eta, gainera, nabarmendu dute Hezkuntza Sailak ez duela «inongo neurrik» proposatu lan osasunaren arloan.

Horiek horrela, LABek ziurtatu du idatziz helarazi dizkieten proposamenak beren komunitatearekin landuko dituztela datozen asteetan, eta ekinean jarraituko dutela: «Borrokan jarraituko dugu aldarrikapenak lortu arte; izan ere, Hezkuntza Sailak mobilizazioen eta greben bidea besterik ez digu utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.