Gaur sartuko da indarrean Euskal Elkargoaren konpentsazio legea

Urte guziko turismorako etxebizitzak mugatzea da arauaren helburua. Legearen ondorioz, 11.000 bizitegi libratzea aurreikusten dute

Bikote bat etxebizitza iragarkiei begira, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki - Garazi Aduriz Zuñeda
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun

Gaur sartuko da indarrean turismorako etxebizitzak mugatzea helburu duen Euskal Hirigune Elkargoko konpentsazio legea. Hemendik aitzina, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak, bestelako lokal bat bizitegi bilakatuz konpentsatu beharko du; bestela, ez du etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena eskuratuko. Gaur egun turismorako diren etxebizitzak urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi dute neurri horren bidez. Aurreikuspenen arabera, 11.000 bizitegi libratu daitezke ondoko urteetan.

Iazko martxoan bozkatu zuen elkargoak araua, baina higiezinen eta turismoaren arloko hainbat eragilek jarritako helegiteari erantzunez, neurria behin-behinean etetea erabaki zuen Paueko Administrazio Auzitegiak, proportzionaltasun falta argudiatuta. Epaitegiak azpimarratutako elementuak kontuan hartuta, arau berria bozkatu zuen elkargoak uztailean. Ontzat eman zuen auzitegiak, eta etetea bertan behera utzi zuen. Oraindik ez da jakina helegitearen sakoneko azterketa noiz eginen duten.

Printzipio sinple bat aplikatzea proposatzen du konpentsazio arauak: bizitegi bat urte guzian turismora bideratua bada, bizitegi hori komertziora bideratua dela kontsideratzen da. Ondorioz, lokal komertzial bat bizitegi bilakatzeko eskatzen zaio jabeari. Beren etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei dagokie neurria, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Konpentsatzeko, bizitegia hiri berean eskaini beharko dute, eta gutxi gorabehera ezaugarri berdinak izan beharko ditu. Etxebizitzaren tentsio eremuan kokatzen diren Ipar Euskal Herriko 24 herrietan izango da indarrean neurria.

Neurriaren garrantzia azpimarratu du Xebax Christy Alda mugimenduko bozeramaileak. «Mozten ahal du arrunt urte osoan turistei alokatuak izateko transformatuak diren etxebizitzen joera. Bizpahiru urte barne posible eginen du milaka etxe berreskuratzea», adierazi du. Arriskua ikusten du, hala ere: bigarren etxebizitza bilakatzea. «Jabe batek ez badu gehiago baimenik etxe turistikoa egiteko, etxebizitza hutsik uzten du, edo beste norbaiti alokatzen dio urte osoan, edo saltzen du. Gure helburua urte osoan alokatzea da. Horretara bultzatu nahi ditugu jabeak».

Kontrol beharra

Bigarren etxebizitza turismora bideratu nahi duenak erabilera aldaketa bat eskatu behar du, eta erregistratze zenbaki bat emanen dio administrazioak. Aipatutako 24 herrietan, konpentsazio araua betetzeak baldintzatuko du erabilera aldaketa. Baionan, Angelun, Bokalen eta Miarritzen (Lapurdi), herriko etxeek berek kudeatuko dute; gainerako hogei herrien ardura Euskal Elkargoak izanen du. Lantalde berezi bat izanen dute horretarako. Arauari izkin egiten saiatzen denak 50.000 euroko isuna eta erabilera aldaketa bertan behera uztea arriskatzen du. Elkargoaren komunikazio zerbitzuak zehaztu du hainbat daturen gurutzaketarekin eginen dutela kontrola, hala nola egonaldi zerga, datu fiskala, eta alokatzeko webguneetako iragarkiak.

Erregistratze zenbakiak ezagutarazteko eskatu du Aldak, webguneetan kontrol lana egin eta iruzurrak identifikatzeko. Horrez gain, herritarren parte hartzea ere eskatu du: «Lurralde txiki batean gara eta aski erraza da jakiten zerbait urte osoan alokatua delarik. Uste dugu denen gain dela zaintza hori egitea», azaldu du Christyk.

Baina salbuespenak ere baditu konpentsazio arauak: turismora bideratutako bizitokia jabearen etxebizitza nagusiari lotua bada, ez da arauaren irizpideetan sartzen, adibidez. Beste aukera bat da bederatzi hilabetez ikasleei alokatu eta udan turismora bideratzea. Kasu horretan erabilera aldaketaren baimena urtebetekoa da. Elkargoak adierazi du unibertsitateko zerbitzuekin elkarlanean arituko dela alokatze kontratu horien egiazkotasuna kontrolatzeko.

Ikasleentzako kontratuekin egindako salbuespena ez du gaizki ikusten Aldak, baina urrunago joateko eskatu du, salbuespen hori araua saihesteko jukutria gisa erabilia ez dela ziurtatzeko. «Galdegin diogu Euskal Hirigune Elkargoari argitaratzea zenbat kasutan erabili den ikasleen salbuespena eta zenbat kasutan erabili den egoitza nagusiarena». Kopurua lurraldeko ikasle kopuruarekin «koherentea» ote den kontrolatu nahi dute horrela.

Apirilaren 1eko protesta

Christyk baieztatu du herritarren mobilizazioaren ondorioa izan dela elkargoak onartu duen konpentsazio araua, 2021eko azaroan Baionan manifestazioa egin zutenen eskaera zela oroituta. «Borrokatzeak balio du». Apirilaren 1ean etxebizitza eskubidearen alde Baionan eginen den protestan ere parte hartzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.