Iritsi da eguna. Ia hiru urteren eta ehunka bileraren, prentsaurrekoren eta protestaren ostean, gaur onartu dute behin betiko EAEko Hezkuntza Legea, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Horrek ordezkatuko du jada 30 urte dituen Euskal Eskola Publikoaren Legea. Ezusterik ez da izan, eta EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu dute testua, eta aurka egin dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, C's-ek eta Voxek. Hauek izan dira batzuek eta besteen legearen alde eta kontra legebiltzarrean esandakoak:
EAJ
«Gaur oso egun pozgarria eta garrantzitsua da gure hezkuntza sistemaren eta gure herriaren etorkizunerako, ilusioz bideratutako prozesu sendo baten emaitza defendatzera gatozelako». Hitz horiekin hasi du hitzaldia Gorka Alvarez EAJko legebiltzarkideak. Areago, aldi «historikoa» dela ere esan du. Ikastetxe publikoei begirakoa zen orain arte hezkuntza arautu duen legea, eta uste du aurrerapauso handia dela lege berriak ikuskera «holistikoagoa» izatea.
Horiek horrela, Alvarezek esan du «epe luzerako» helburuak lortzeko bideak ematen dituela legeak. Gainerako taldeentzat izan ditu kritikak. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Miren Gorrotxategiri eta haren taldeari egotzi die legea «hondatu» izana: «Ez duzue inoiz nahi izan». Adierazi du legeak «segregazioari» aurre egiteko oinarriak jartzen dituela. «Aztertu arretaz legea: herri honen gizarte kohesioaren aldeko apustu serioa egiten du».
EH Bilduri ere kritika egin dio Alvarezek: «Ez dugu ulertzen zuek lege honekin bat ez egitea». Legea lantzeko prozesua «sendoa» izan dela nabarmendu du. «Benetan ez da ezer aldatu. Gauza bakarra aldatu da: zuen jarrera». Eta gaineratu du: «Zuek hautsi duzue akordioa, eta inongo eraginik ez duen esaldi batengatik, gainera». Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk lege proiektuari jarritako zuzenketa batean hizkuntza ereduak aipatu izanak eragin du arrakala, eta, hizkuntzei dagokienez, hauxe esan du: «Esparru eleaniztun baten alde egiten dugu, Euskadiko bi hizkuntza ofizialekin eta atzerriko hizkuntza batekin». Halaber, Alvarezek azpimarratu du EH Bilduk aurkeztu zituen zuzenketen erdiak onartu egin direla: «Esango nuke lege hau zuekin adostua dela; gustatu ala ez, halaxe da». Eta lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du: «Egunero gure hezkuntza sistema propioaren alde lan egiten jarraituko dugu».
EH Bildu
EH Bilduren izenean, Ikoitz Arresek Beskoitzeko ikastola gogoratuz hasi du hitzaldia; Seaskaren ikastetxeetako bat da, eta asteon jakin da herriko etxeak baimena kenduko diela egun erabiltzen duten terrenoan jarraitzeko. Arresek oroitu nahi izan du gaur-gaurkoz ez dagoela Euskal Herri «osoa» aintzat hartzen duen hezkuntza sistemarik: «Euskal Herriak ez du hezkuntza sistema propiorik». Ondoren, esan du lege honen lanketak «aukera leiho bat» ireki zuela bide horretan urratsak egiteko, eta legea lantzen hasi aurretik lortu zuten akordioarekin sortu zen «ilusioa» ere gogoratu du. Baina azaldu du gaurkoa oso bestelako irudia dela, eta nahigabetuta agertu da. «Beste modu batekoa irudikatzen nuen osoko bilkura hau».
Esan du bidean usu «begirunez» jardun duten arren «joko arauak» hautsi zirela irailean. EAJk eta PSE-EEk hitzartutako zuzenketak kritikatu ditu: «Eztabaida honetatik kanpoko zenbait pertsonak joko arauak aldatu zituzten». Harago joan da: «Hezkuntza sistemak behar duen legea adostu beharrean, EAJren eta PSEren gobernua salbatzea hobetsi duzue, hezkuntzarekin zerikusirik ez duten interesak lehenetsita».
Deitoratu duenez, ordura arteko jarrera «kolaboratiboa» hautsita hitzartu ziren bi talde politiko horien arteko zuzenketak, eta uste du EH Bildu «kanporatzea» izan zela helburua. Ordutik nahi eta ezin aritu direla erantsi du. «Modu eraikitzailean egindako zuzenketei monosilaboekin erantzun zaie; gehienetan, ezetz». Adierazi du EH Bildurenak ez ezik hezkuntza eragile gehienen eskeak ere alboratu direla.
Horiek horrela, Arresek uste du legeak ateak zabalduko dizkiola «ituntze unibertsalari», eta ez dela egongo «mekanismo juridiko eraginkorrik» horiek kontrolatzeko. Gainera, iruditzen zaio bide emango diola «D eredua degradatzeari», eta, halaber, nabarmendu du hautsi egin dituztela «segregazioaren aurkako estatu ituna lortzeko konplizitateak».
PSE-EE
PSE-EEren izenean, Maria Jesus San Jose solastatu da. Esan du «ezinbestekoa» zela lege berri bat osatzea, eta adierazi bidean txertatu dituzten moldaketekin are testu hobea egin dutela. Halaber, erantsi du «oso pozik» dagoela EAJrekin egindako negoziazioekin, zuzenketen bidez «ezinbesteko» aldaketak txertatu dituztelako. Besteak beste, zuzenketa horien bidez hizkuntza ereduak legean aipatzea erabaki dute. Beharrezkoa zela esan du PSE-EEko kideak: «Bermatu nahi dugu gure ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz ikastea».
Legearen lanketan EH Bilduren hainbat zuzenketa ere onetsi direla azaldu du San Josek, eta ez dutela ulertzen zergatik dauden orain haren aurka. Argudiatu du kontrako jarrera horrek soilik hezkuntzaz bestelako motiboekin duela lotura. «Lege hau hezkuntzarako izango da, ez eraikuntza nazionalerako». Adierazi du EH Bilduren jarrera ez dela onartzekoa: «Eredu elebakar baten alde egin nahi zuen».
Elkarrekin Podemos-IU
Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Miren Gorrotxategi ezkor mintzatu da: «Pentsatzen dugu galdu egin dugula gure hezkuntza sistema hobetzeko aukera». Azaldu du zergatik dauden legearen kontra: egungo arazoak «betikotu» egingo dituela uste dute, pribatizazioa eta segregazioa areagotuko dituela. Gogoratu du legea idazten hasi aurretik lortu zuten akordioak legebiltzarreko talde ia denen babesa izan zuela, haiek ere sostengatu zutela, baina okertzat dauka gobernuak ordutik egindako bidea: «Aldebakartasuna izan da nagusi».
Batez ere, eskola publikoa indartzeko «konpromisoa» ahuldu izana kritikatu du, eta «erretorikan» galdu izana horri buruz jaso ziren lehen asmoak. Azaldu du legearekin sare publikoa eta itunpekoa «parekatu» egingo direla, eta guztiz arbuiagarria iruditzen zaiela hori: «Hezkuntza eskubidea gauzatu ahal izateko ezinbestekoa da hezkuntza publikoa». Eskola publikoaren aldeko konpromiso argiagoa nahi luke. «Esan digute ez dela apartekoa ikasleen erdiak ikastetxe pribatuetan matrikulatuta egotea; gure altxorra dela ere entzun dut», kritikatu du. Salatu du legearen bidez haurrak «burbuila apartekoetan» haziko direla aurrerantzean ere. «Hau da nahi dugun Euskadi?», galdetu du: «Benetan uste dugu lege honek hobetu egingo duela eskola publikoaren egoera?».
PP, C's eta Vox
PPk, Ciudadanosek eta Voxeko ordezkariek gogor kritikatu dute legea. «Ama hizkuntza errespetatzea eta familien hautatzeko eskubidea bermatzea; horiek izan behar lukete lege honen oinarriak», argudiatu du PPko kide Carmelo Barriok. «Lege honekin, euskaldunek bakarrik izango dute arrakasta», gaitzetsi du: «Ez da hezkuntza lege bat, hizkuntza politikarako lege bat baizik».
Jokin Bildarratz
Osoko bilkurako eztabaida amaitu berritan, prentsaren aurrera atera da Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Hezkuntza Saileko ordezkariak ondoan zituela. Asebeteta agertu da: «Zailtasunak izan ditugu, baina lortu dugu: euskal gizarteak merezi eta nahi duen hezkuntza lege berria du».
Azaldu duenez, proiektua hasi zutenean bi aukera zituzten: bakarrik landu edo hezkuntza komunitatearekin batera aritu. Ziurtatu du bigarrena aukeratu zutela: «Legea guztiona da. Horrela sentitu dezan eskaintzen zaio hezkuntza komunitateari. Hezkuntza komunitateak berak eskatu zizkigun hitzarmena eta legea». Sinetsita dago babes politikoa ere baduela: «Azkenean emandako botoa gorabehera, hezkuntza hitzarmenak eta hezkuntza lege berriak babes sendoa, sakona eta zabala daukate».