Soldadutza

Gaur hogei urte ezabatu zuten derrigorrezko soldadutza Hego Euskal Herrian

Soldadutza 165 urtez izan zen derrigorrezkoa, eta 2001eko martxoaren 9an indargabetu zuen Aznarren gobernuak. Kakitzat koordinakunde antimilitaristak gogorarazi du «gaur egun agian konturatzen ez garen arren» intsumisioa ez zela bide erraza izan. Hegoaldean 12.000 lagun deklaratu ziren intsumiso.

Joxe Lacalleren 'Si te mandan una carta' liburuko argazki bat. Intsumiso presoen protesta kartzelako patioan, zigor kodearen aurka, 1995ean. JOXE LACALLE
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 9a
12:40
Entzun

«Une honetan egokia da derrigorrezko soldadutza ezabatzea». Hala zioen Espainiako Gobernuak 2001eko martxoaren 9an argitaratu zuen lege dekretuak, eta urte bereko abenduaren 31n amaitu zen derrigorrezko soldadutza Hego Euskal Herrian. Hala, bukaerara heldu zen hogei urte geroago ere askok eredugarritzat duten borroka bat: intsumisioarena. Espainian 165 urtez izan zen derrigorrezkoa soldaduska egitea.

Hainbat izan ziren Jose Maria Aznarren gobernua erabaki hori hartzera bultzatu zuten arrazoiak. Batetik, Espainiako Armadak eta derrigorrezko soldadutzak gizartean zuen babes falta: CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak 2001. urtean eginiko inkesta baten arabera, Espainiako biztanleen %80 zegoen soldaduskaren aurka.

Bestalde, militarren jardunak geroz eta profesionalizazio maila handiagoa eskatzen zuen. Derrigorrezko soldadutza egin ostean, armadak herritarrak dei zitzakeen gerra bat pizten bazen. Estrategia hori eraginkorra zen garai batean, I. eta II. mundu gerretan adibidez, baina Madrilek ondorioztatu zuen gaur egungo gatazka eta erronkei erantzuteko formakuntza eta espezializazio maila handiagoa behar dutela militarrek.

Euskal Herrian, 1980ko hamarkadatik indar handia zuen intsumisioaren aldeko mugimenduak. Kakitzat koordinakunde antimilitaristak gogorarazi du Hego Euskal Herrian milaka gaztek ezetz esan ziotela soldaduska egiteari, batzuk kartzelatan sartu zituztela eta beste batzuek bizitzarekin ere ordaindu zutela: Unai Salanueva eta Kike Mur izan dituzte gogoan. Mugimenduak, ordea, babes eta legimitate handia zuen, eta erakunde publiko batzuek ere babestu zuten.

Kakitzat-en arabera, soldadutza amaitzea lortu zen «mugimendu antimilitaristak egindako borrokari esker, gizartearen babes handiarekin». Gogoratu dute Hegoaldeko herritarrek lehenago ere erakutsi zutela militarismoaren aurkako jarrera, besteak beste, 1986ko martxoaren 12an egin zen erreferendumean: bozketan parte hartu zutenen %60k baino gehiagok ezezkoa eman zioten Espainia NATOn sartzeari.

12.000 Hegoaldean

Lehen intsumisioak 1989ko otsailaren 20an aurkeztu zizkioten Espainiako Armadari. Denera 25.000 lagun deklaratu ziren intsumiso, horietatik 12.000 Hego Euskal Herrian. Dena den, Kakitzat-ek gogorarazi duenez, «gaur egun agian konturatzen ez garen arren», intsumisioa ez zen bide erraza izan, eta estatuak «errepresio makineria guztia» erabili zuen mugimenduaren aurka.

Erakunde antimilitaristak aipatu du soldadutza amaitu zenean borroka bat besterik ez zela amaitu, eta hogei urte geroago ere euren leloa orduko bera dela oraindik: Ez derrigorrezkoa ez mertzenarioa: ejerzitorik ez!. Azkenik, gaitzetsi egin dute pandemia garaian militarren eta polizien gastua handitu eta kontrol soziala areagotu izana, baita Espainiako Gobernuak egoera «armadaren irudia garbitzeko» erabili izana ere,  nahiz eta «pobrezia eta murrizketak areagotzen eta askatasunak murrizten aritu».

Intsumisioaren gaia, besteak beste, landu du iaz aurkeztu zuten Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalak. Intsumisioaren mugimenduaz dihardu dokumentalak, haren inguruko ertz ugari erakusten ditu, baina Iruñeko espetxean preso egon zirenen lekukotasunak ardatz nagusi hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.