Gaur ekin diote Iraultza Txikien Akanpadari, Izarran (Araba). Asteazkenetik igandera bitartean izango da, herri mugimenduak biltzeko xedez. Aurten, 230 pertsonak eman dute izena, baina gehiago espero dira. Goizean azpiegiturak muntatzen hasi dira, eta arratsaldean ekingo diote ofizialki topaguneari: 16:00etan egingo dute harrera ekitaldia, eta, horren ostean, film laburren lehiaketa. Ondoren, 18:30etik aurrera, hiru hitzaldi egongo dira, faxismoaz, borrokak uztartzeaz eta eraso sexistez.
«Herri mugimenduaren eta bertan dabiltzanen topagunea» da Iraultza Txikien Akanpada, «Euskal Herriko borroka ezberdinen plaza». Izan ere, Euskal Herrian dagoen herri mugimendu masa handia denbora batez elkartuko zuen espazio bat sortzeko sortu zen ekinaldia. Herri mugimenduak saretzeko helburua du, «nahiz eta bide desberdinetatik gai desberdinak jorratu norabide berera» doazelako. Aurten Euskal Herriko mugimenduen mapa osatuko dute.
2018an egin zuten akanpada lehen aldiz, Zubietan (Gipuzkoa), eta orain hirugarren aldiz egingo dute, Izarrako Ostuño parkean. Aurrekoen antzera, hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, haurrentzako jarduerak, kultura eskaintzak, jolasak eta abar izango dira kanpaldiko «txinpartak».