AZPEITIA. Gaurtik hasi eta igandera arte, Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topaketak egingo dituzte, Azpeitian (Gipuzkoa). Antolatzaileek Gedar hedabideari azaldu diotenez,«sozialismoaren defentsa egiten dugunok batera jarduteko» antolatu dituzte jardunaldiak.
«Ezinbestekoa den Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzan lan egin behar dugu», nabarmendu dute topaketen antolatzaileek. Horregatik, «nazio zapalkuntza gainditzeko eta klase batasuna gorpuzteko», hainbat hitzaldi eta lanerako saioak prestatu dituzte datozen lau egunetarako. Besteak beste, hezkuntzaz, generoaz eta gazte problematikaz aritzeko hitzaldi bat antolatu dute, baita prozesu sozialistaz eta gazte antolakundeez hitz egiteko ere.
IAko eta GKSko kideek oroitarazi dute gogoetarako eta lanerako egunak direla: «Jaialdi kapitalisten ospakizun eredu hutsala alboratu nahi dugu». Edonola ere, aisialdirako tartea ere izango da. Esaterako, larunbat arratsaldean, Bake Faltsua taldea eta Rodeo arituko dira.
Lau eguneko egitaraua Azpeitiako Esklaben eraikinean egingo dute,«husteko arriskuan» baitago gunea. «Proiektu eta praktika lokalen artean existitzen den bakartzea gainditu eta guztion babes eta indar kolektiboa antolatzea berebizikoa zaigu», gaineratu dute.
Gaur hasiko da Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea
Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu dute topaketa, «komunitatea indartzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu