Gaur hasi da, Bizkaiko probintzia auzitegian, Alonsotegiko Udaleko (Bizkaia) ustezko ustelkeriarekin lotutako lehenengo epaiketa. Akusatuen aulkian eseri dira Alberto Zulueta eta Marta Novo arkitektoak, eta Francisco Javier Bediaga eta Eduardo Ibarra Laneder eraikuntza enpresako langileak. Kasu horretan auzipetuta egon da Jose Luis Erezuma EAJko alkate ohia ere, baina instrukzio fasean hil zen. Prebarikazioa egitea, dirua bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta iruzurra egitea egozten diete, itxuraz diru publikoa kobratu zutelako burutu ez zituzten obra batzuengatik. Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat; EH Bilduk, berriz, akusazio partikular gisa, zortzi urtekoa.
Gaurko lehen saioan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak lekuko gisa deklaratu du. Foru diputatu zenean, Alonsotegiko Udalari 600.000 euroko diru laguntza bat eman zion Bizkaiko Aldundiak, baina Aburtok esan du ez dela oroitzen «zehazki» laguntza hori bideratzeko agindua sinatu izanaz. «Astero ehunka foru agindu sinatzen nituen», adierazi du. Erezuma orduko alkatearekin eta akusatuekin elkartu ote zen ere ezin izan du gogoratu Aburtok.
Martxan den epaiketa bertan behera utzi zuten 2022ko urtarrilean. Izan ere, akordio bat lortu zuten, akusatuek aitortu zuten errudunak zirela, eta iruzur bidez hartutako dirua —681.000 euro eta interesak— bueltatuko zutela hitzeman zuten. Alabaina, ez zuten itzuli, eta epaiketa 2022ko urriaren 18an egitekotan geratu ziren. Ordea, Erezuma gaixo zegoela eta, atzeratu egin zuten. Alkatea eta kasuan inplikatuta zegoen beste teknikari bat hil ostean, gaur hasiko da epaiketa, azkenean.
2011ra egin behar da atzera auziaren sorburura joateko. Alonsotegiko Udalak diru laguntza bat eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari, uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Ordea, itxuraz, laguntza ez zuten horretarako erabili; ustez, udalak beste obra batengatik eraikuntza enpresa batekin zuen zorra ordaintzeko erabili zuten. Akusatzaileen arabera, akusatuak ados jarri ziren horretarako, eta egiaztagiri faltsuak ere egin zituzten.
zigor eskaerak
- Fiskaltza. Sei urteko espetxe zigorra eskatzen du akusatu bakoitzarentzat. Horretaz gainera, nahi dute urte horietan sufragio pasiborako inhabilitatzea, hamar urteko erabateko inhabilitazioa eta prozesuko kostuak ordaintzea. Zigor ekonomikoa ere galdegin dute: 600.000 ordainarazi nahi dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari, eta 63.277,36 Alonsotegiko Udalari. Horiei interesak gehitu beharko zaizkie.
- Akusazio partikularra (EH Bildu). Espetxe zigor handiagoa eskatzen du EH Bilduk, zortzi urtekoa akusatu bakoitzarentzat. Halaber, hamabost urtean erabat inhabilitatzea nahi dute, baita 30 hilabeteko isun bat jartzea ere —egunean hamabi eurokoa—. Gainera, eskatu dute Alonsotegiko Udalari 681.398,38 euro eta interesak ordaintzeko, Bizkaiko Foru Aldundiari 600.000 euro itzul diezazkion.