Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatzen diete bi herritarri. 2021eko urtarrilaren hasieran gertatu zen, akusatuek 24 eta 23 urte zituztenean. Gaur hasi da epaiketa: epaimahaia osatuko dute bederatzi titularrek eta bi ordezkok. Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen du hilketagatik, bortz urteko kartzela zigorra Pujana legez kanpo atxikitzeagatik, eta hiru urte eta sei hilabetekoa sexualki esplotatzeagatik. Lehenbiziko aldia da Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen duena.
Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira bi akusatuak, gizonezko bat eta emakumezko bat. 2021eko urtarrilaren 12an atxilotu zituzten bi akusatuak, eta Azpeitiko instrukzio epaitegiak prebentziozko espetxeratzea ebatzi zuen biendako, hilabete hartako 15ean.
Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Urola ibaiaren ertzean garbiketa egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten. Hala ere, biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu zen orduz geroztik. Gorpuari autopsia egin zioten Donostian, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan.
Elkarrekin bizi ziren bi atxilotuak eta Pujana, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean. Ikerketak erakutsi zuenez, gorpua ibai ondoan utzi eta gero, Gipuzkoan zehar ibili zen bikotea, frogak ezkutatzeko. Etxea ere goitik behera garbitu zuten, delituaren zantzuak ezabatzeko.
Bertze hipotesiak
Urtarrilaren 1eko goizaldean Urtezahar gaueko festa bat ospatu zuten landetxean. Besta hartan parte hartu zuten hogei lagun identifikatu zituen Ertzaintzak, eta gero elkarrizketatu, hilketarekin lotura izan zezaketelakoan.
Ordea, epaileak ondorioztatu zuen urtarrilaren 1ean hasi eta 2ko goizaldean segitutako haserrealdiaren ondorioz hil zuela bikoteak Pujana, eta Ertzaintzak zehaztu zuen andrearen hilketak ez zuela zerikusirik gau hartan landetxe berean ospatzen ari zen bestarekin.
Erantzun irmoa
Urte hartan izandako lehenbiziko hilketa matxista izan zen Pujanarena, eta mugimendu feministak erantzun irmoa eman zuen: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak antolatu zituzten. «Beste behin salatu nahi dugu biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala gure munduan. Inor ez da arduratzen horretaz, baina gizartearen erdiari eragiten digu, eta ozen salatuko dugu ez gaudela prest gaitz hau gehiago jasateko», erran zuten.
2003tik —orduan hasi ziren instituzioak hilketa matxisten gaineko informazioa biltzen—, 122 dira Euskal Herrian hil dituzten emakumeak, horietako lau aurten. Yanely Gonzales hilaren 12an hil zuten, Bilboko Santutxu auzoko etxebizitza batean. Bilboko Emakumeen Aurkako Indarkeriako Lehen Zenbakiko epaitegiak behin-behineko espetxeratze komunikatua eta bermerik gabea ezarri dio haren bikotekideari, hilketa egotzita. Etxean entzuten ziren oihuek ohartarazita deitu zuten bizilagunek larrialdi zerbitzuetara. Zerbitzuok bikotea bizi zen etxera iritsi zirenean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu zuten, larri. Han bertan hil zen, zauri horien eraginez. 31 urte zituen.
Maiatzean 33 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Aste pare bat lehenago, ospitalean artatu behar izan zuten emakumea, Ziburuko hotel batetik erori zelako. Ospitaletik desagertu zen, eta handik bi egunera aurkitu zuten gorpua. Handik hilabete batera 43 urteko emakume bat desagertu zen Urruñan (Lapurdi): Laure Zacchello. Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak.
Horietaz gain, Eneritz Argintxona Fraile bizkaitarra hil zuten uztailean, Panaman. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.