EBBren hautespen aldia hasi da, Ortuzarren laugarren agintaldirako aukerarekin

Bi aste iraungo du Uri Erakundeetan EBBko kideen izenak proposatzeko lehen hautespen aldiak. BBBko buru Iñigo Ansolak esan du «aldaketak, besterik gabe», ez duela zertan ona izan.

Andoni Ortuzar EAJko afiliatu batekin Leioako batzokian. LUIS TEJIDO / EFE
Andoni Ortuzar EAJko afiliatu batekin Leioako batzokian. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2025eko urtarrilaren 20a
12:30
Entzun

Andoni Ortuzarrek San Sebastian egunerako egun gutxi falta zirela jakinarazi zuen hilabete askoan ezkutuan izan duen erabakia: EAJko presidente izaten jarraitu nahi du, alderdiko lurraldeetako buruzagitzak eta alderdiak erakundeetan dituen goi ordezkariak aldatu ondoren. Oinarrien txanda da orain. Azken hamabi urteetan EAJren lema eduki du, eta afiliatuen babesa eta oniritzia jaso beharko du batzokietan, gaur hasi eta martxoaren 29an eta 30ean amaituko den barne prozesuan. Ezin da baztertu Ortuzarrekin lehiatu nahi duen hautagairen bat azaltzea, baina ez da erraza izango.

Horiek horrela, martxan da gaurdanik Euzkadi Buru Batzarra —EAJren zuzendaritza— berritzeko lehen hautespen aldia. Bi astez —otsailaren 2ra arte—, afiliatuek adierazi beharko dute nortzuk esertzea nahi duten EBBko aulkietan, eta izenak proposatu. Hautagai horien artean, Ortuzarren izena azalduko da, jakina, baina baita EBB osatzeko beste kide zenbaitena ere. Mahai horretan lekua dute jada lurralde zuzendaritzetako presidenteek, hau da, ABB, BBB, GBB, NBB eta IBBko buruek: Jone Berriozabalek, Iñigo Ansolak, Maria Eugenia Arrizabalagak, Unai Hualdek eta Pantxoa Bimboirek.

Beste zortzi kideak aukeratu behar dira orain, EBBko presidentea eta zazpi kide, baina dagoeneko ezaguna da historikoetako batzuk ez direla egongo bertan; hasteko, Koldo Mediavilla. Ortuzar eta Mediavillarekin batera EBBko hiruko sendoa osatu duen beste kide batek segituko duen argitu gabe dago, Joseba Aurrekoetxeak. EAJren erabaki estrategiko garrantzitsuenetan Ortuzarren eskuin eskutzat jotzen denak segituko duen ala ez da galderarik handienetako bat orain.

Ortuzar eta Mediavillarekin batera EBBko hiruko sendoa osatu duen beste kide batek segituko duen ez dago argi: Joseba Aurrekoetxeak. Ortuzarren eskuin eskutzat jotzen dute Aurrekoetxea.

Lehen hautespen aldian azaltzen diren hautagaiak prozesua zaintzen duen organoaren galbahea igaro eta bigarren hautespen aldian lehiatuko dira EBBko kide izenda ditzaten, ez badira aurretik lasterketa horretatik erretiratzen. Bigarren hautespen aldira igarotzeko, gutxienez hiru Uri Erakunderen babesa jaso beharko dute. Bigarren txanda otsailaren 10etik 26ra egingo dute. Eta horrez gain, EBBk eztabaidarako proposatu dituen bost txosten politikoak bere bidea egiten ari dira jadanik Uri Erakundeetan. Besteak beste, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea proposatzen duten agiri horiek aztertu, zuzendu eta onartu beharko dituzte alderdikideek, EAJren ideiak eguneratzea ekarriko baitute.

Hori horrela, Ortuzarren iragarpenaren ostean iritsi dira lehen erreakzioak. EAJren barruan, BBBko presidente Iñigo Ansola Ortuzarren alde aritu da Euskadi Irratian, helarazi baitu «aldatzeak, besterik gabe» ez duela zertan ona izan. Ortuzarri bere «prestasuna» eskertu dio, «garrantzia, pisua, eskarmentua eta kontaktuak dituelako». Ansolak ez du ezusterik hartu Ortuzarren erabakia dela eta. EBBko batzarrean eman zuen Ortuzarrek bere asmoen berri, ez alferrik, egun batzuk lehenago. «Alderdiaren barruan Andoniren moduko pertsona bat edukitzea balio handikoa da, presidentea izan ala ez; haren laguntza apartekoa da».

Ortuzarren konpromisoa

Onartu du EAJren buruzagitzetan «aldaketa asko» egon direla, eta EBBn ere aldaketak egongo direla aurreratu du, baina azpimarratuz aldaketak ez direla zertan onak izan ez badute helburu jakin bat. «Gaurtik aurrera ikusi beharko dugu pertsona bakoitzak zenbat babes lortzen duen». Horrez gain, EBBren osaketan eragin handiena duen lurralde buruzagitzako presidenteak adierazi du  EAJk «gauza garrantzitsuak» dituela «esku artean». Ortuzarrek «konpromiso sendoa du EAJrekin eta Euskadirekin», Ansolaren arabera.

Halaber, gogoratu du Gernikako Estatutua aurten osorik betetzeko konpromisoa baduela Espainiako Gobernuak, EAJrekin egindako akordioari jarraikiz, eta «EAJk hori bete dadin nahi» duela. Beraz, Ortuzar aurrerantzean ere EAJko buru izatea datozen hilabeteetan iritsiko diren eztabaida eta akordioekin lotu du Ansolak, zeharka bada ere, baina nabarmendu du «normaltasun osoz» hartu beharko litzatekeela beste hautagai batzuk azaltzea hautespen aldian. Gertatuko balitz, horrek ez luke zertan islatu «ezinegona» dagoela alderdiaren barruan, baina bai «iritzi desberdinak» daudela EAJ nork gidatu behar duen.

«Alderdiaren barruan Andoniren moduko pertsona bat edukitzea balio handikoa da, presidentea izan ala ez; haren laguntza apartekoa da»

IÑIGO ANSOLABBBko presidentea

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ere hitz egin du, labur bada ere, dagoeneko abian den barne prozesuari buruz. «Errespetua» adierazi dio Ortuzarri hartu duen erabakia dela eta, eta «militantziaren txanda» dela azpimarratu du. «Konfiantza osoa» dauka Pradalesek «EAJrekin eta EAJren afiliatuekin». Gogoratu du militanteek ere badutela zeresana «ideien eztabaidaren inguruan», txosten politikoak eztabaidatu eta onartzeko prozesua ere bai baitago zabalik. «Berrindarturik aterako gara prozesu honetatik».

Bestalde, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere erreparatu dio Ortuzarrek EAJko buru gisa jarraitzeko egin duen adierazpenari. «Errespetu osoz begiratzen diot EAJren prozesuari», esan du Naiz-en. «Sinetsita nago herri honek zentro-eskuin abertzalea behar duela. Ez dakit beraiek berdin pentsatzen duten gure inguruan. Zorte ona opa diet». Edonola ere, Otegik esplikatu du EH Bilduren nahia dela «esparru abertzalearen batuketa hutsean ez egotea»: «Espazio amankomun batzuk daude, eta zentzuzkoa da gu bion artean akordioak egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.