Hasi da EBB berritzeko prozesuaren bigarren itzulia, Estebanek bidea zabalik duela

EAJko afiliatuek otsailaren 26ra arte izango dute epea euren botoen bidez EBBko buruzagia eta beste zortzi burukide aukeratzeko. Lehen itzulian Arantxa Tapiak ere lortu zituen babesak bigarren itzulirako, uko egin dio.

Aitor Esteban, atzo, Arabako Errioxan, Uztaberri Eguneko ospakizunean. L. RICO / EFE
Aitor Esteban, atzo, Arabako Errioxan, Uztaberri Eguneko ospakizunean. L. RICO / EFE
xabier martin
2025eko otsailaren 10a
09:55
Entzun

EAJren zuzendaritza hautatzeko prozesuaren lehen hautespen aldia ez da erabakigarria gertatu ohi, baina oraingoan ez da horrela izan. Lehen itzulian, afiliatuen botoek eragin duten aparteko egoerak bidea zabalik utzi dio Aitor Estebani bigarren hautespen aldian EBBko buruzagi berri hauta dezaten. Markel Olanoren eta batik bat Andoni Ortuzarren ukoek hautagai bakar gisa utzi dute Esteban. Arantxa Tapiak ere jaso zituen lehen itzulian nahikoa babes bigarren hautespen aldirako, baina uko egin zion, Eldiario.es-ek lehen hautespen aldiko aktak argitaratu ostean jakitera eman duenez. Gaur bertan hasiko den bigarren hautespen aldirako.

Horiek horrela, otsailaren 26ra arte izango dute afiliatuek epea EBBko buruzagia eta beste zortzi burukide aukeratzeko euren botoen bidez. Lehen itzulian, oso jende gutxik parte hartu du batzokietan. Datu ofizialik ez dago, baina jakina da militanteen gutxiengo batek bozkatu duela. Horien babes handiena Andoni Ortuzarrentzat izan da, baina Aitor Estebanek ere babes handia jaso du; eta Markel Olanok, berriz, bigarren itzulian hautagai gisa jarraitzeko txartela lortu du Gipuzkoako batzokietan gailenduta.

Orain, Esteban geratzen da soilik buruzagitzarako bidean, baina Ortuzarren eta Olanoren ukoen osteko akordioak EBBren mahaiaren osaerari eragingo dio. Berez, afiliatuek izen solteak bozkatu behar dituzte Uri Erakundeetan, baina ezaguna da zerrenda osoak zabaltzen direla, izen multzoak batera babes daitezen. Hedabide batzuek ziurtatu dute Ortuzarren alboko pertsona batzuk azaltzen direla zabaltzen hasia den zerrenda batean, Estebanen inguruko beste batzuekin batera. EBB berria osatzeko multzo horretan, halaber, Gipuzkoako bi jeltzale azaltzen dira: Markel Olano eta Jon Ganbra.

Olanoren ardura

EBB goitik behera berrituko delako ustea oso zabaldua dago, zeren, Estebanek buruzagitza nagusia hartuta, orain arte EAJren boteregunean ardura gorenak izan dituzten beste bi kide ez baitira bertan egongo: Joseba Aurrekoetxea eta Koldo Mediavilla. Olanok har dezake EBBn bi horiek izan dituzten arduretako bat, hark ere EBBrako presidentetzarako lasterketan egoteari uko egin ondoren. Guztira, hamalau pertsona eseriko dira EBBren mahaian: lurralde zuzendaritzetako bost presidenteak, EBBko zortzi kideak eta presidentea.

Batzokietan zabaltzen hasi ei den zerrenda bateratuan, belaunaldi erreleboa egiteko bi izen esanguratsu azaltzen dira: Joseba Diez Antxustegi eta Javier Ollo

Batzokietan zabaltzen hasi ei den zerrenda horretan, belaunaldi erreleboa egiteko bi izen esanguratsu azaltzen dira, bestalde: Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko eleduna eta Altsasuko alkate Javier Ollo. Otsailaren 26an bukatuko da bigarren itzulia, eta martxoaren 29an eta 30ean izendatuko dute EAJko presidentea; militanteen parte hartzea handiagoa zein txikiagoa izan, Aitor Esteban gaur egungo EAJko Kongresuko eledunak izan beharko luke. Madrilgo ganberan gaur egun duen ardura, beraz, beste diputatu batek hartuko du ordurako, eta hedabideetan izen bat nabarmendu da orain arte: Idoia Sagastizabal. Azken legealdian arlo ekonomikoa kudeatu duen diputatua da, Estebanen oso albokoa.

Era berean, Ortuzarrek EAJko presidentetzan beste lau urtez jarraitzeko aukera eragotzi duen ituna oztopo handia da Bizkaian azaleratu den ildo kritikoak ordezkaritza lor dezan EBB berrian. Eneko Lekue buru izan duen saioak porrot egin du lehen itzulian, Ortuzarren eta Estebanen arteko lehiak EBBko presidentetzarako lasterketatik kanpo utzi baitu Lekue. Gutxienez hiru batzokitan gailendu behar zuen bigarren hautespen aldian egoteko, eta bitan bazik ez du lortu boto gehien.

Horiek horrela, EAJren barruan aurrera egin duen eraberritze prozesua alderdiaren zuzendaritza nagusira ere helduko da. Lehenik, erakundeetarako erreleboa iritsi zen, aldundietan bai, baina batez ere Imanol Pradalesek Iñigo Urkullu ordezkatu zuenean lehendakarigai gisa. Gero, lurralde zuzendaritzetako presidenteen txanda izan zen, iazko hondarrean. Joseba Egibarrek, Itxaso Atutxak eta Jose Antonio Susok GBBn, BBBn eta ABBn zituzten ardurak utzi zituzten. Horien lekuak hartu zituzten, hurrenez hurren, Maria Eugenia Arrizabalagak, Iñigo Ansolak eta Jone Berriozabalek. Eta, orain, EBB berrituko dute, nahiz eta, buruzagitzaren kasuan, Estebanek ez duen errelebo hori islatuko ez adinaren eta ildo politikoaren aldetik eta ezta sexuari dagokionez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.