Nafarroako irakasleek Gimenoren pultsuari eutsi diote hirugarren greba egunean

Steilas, LAB, CCOO eta ELAren arabera, «arrakastatsua» da irakasleek emandako erantzuna. Espainiako Poliziak LABeko afiliatu bat atxilotu duela salatu du sindikatuak.

Nafarroako sare publikoko irakasleen greba. Hezkuntza Departamentu aurrean elkartu dira, manifestazio nagusiari ekin aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako sare publikoko irakasleen greba. Hezkuntza Departamentu aurrean elkartu dira, manifestazio nagusiari ekin aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

«Euripean ere hezkuntza publikoaren alde». Nafarroan, ehunka irakaslek lelo hori oihukatu dute eguerdian Iruñeko Alde Zaharrean barna, Nafarroako Jauregi aurrean amaitu den manifestazioan. Goiz osoko euritea ez da oztopo izan sektore publikoko irakasleentzat, eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari pultsua bota diote berriz. Ikasturtea hasi denetik hirugarren aldia da greba egiten dutela. Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatu deitzaileek «arrakastatsutzat» jo dute eguna. «Ez dugu asmorik uzteko, Hezkuntza Departamentuak jarrera aldatzen ez duen bitartean», ohartarazi du Josu Arraiza LABeko bozeramaileek. 

Goizeko 11:00etan, Hezkuntza Departamentuak San Domingoko aldaparen alboan duen plaza aterkiz bete da. Bertan, kartel ugarien artean, Josu Arraizak eta CCOOko Unai Alabak grebaren inguruko lehen balorazioa egin dute. Goizeko une horretan, ez dute jarraipenari buruzko daturik aurreratu, horiek biltzen ari baitira —arratsaldean emango dituzte—. Sindikatuak, dena den, pozik agertu dira irakasleek emandako erantzunarekin. «Iruñeko kaleak bete ditugu berriro. Ematen du gobernuak onartutako neurriek ez dituztela asebete irakasleak, eta horregatik atera dira kalera», adierazi du Alabak. «Esanguratsua da hirugarren greba eguna dela. Urtarrila da, ikasturte hasieratik ari gara borrokan, eta orain arte ez dugu ezer lortu», gaineratu du Arraizak.

Nafarroako Gobernuak eguerdi aldera eman ditu bere datuak: Hezkuntza Departamentuaren arabera, sare publikoko irakasleen %23,14k egin dute bat greba deialdiarekin: 2.372 irakaslek, guztira. «Ikastetxeek jakinarazitako datuen arabera, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan, guztira, 1.319 irakaslek egin dute greba. Bigarren Hezkuntzan, berriz, 1.053 pertsonak», azaldu du departamentuak, ohar batean.

Testuingurua

Hezkuntzako sare publikoko irakasleak ordezkatzen dituzten sindikatu guztiek mobilizazio dinamika betean abiarazi zuten ikasturtea Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak ordura arte izandako immobilismoa salatu eta hezkuntza publikoa hobetzeko negoziazioei ekiteko asmoz. «Arrakasta» handia izan zuten bi greba egin zituzten udazkenean. Mobilizazio haien harira, Gimeno mugitzen hasi zen, eta proposamen batzuk egin zituen. Azaroaren hasieran, berriz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak akordioa sinatu zuen Afapna, ANPE eta UGT sindikatuekin. 

Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek ez zeuden ados akordio horrekin eta hura izenpetu zen egunean bertan deitu zuten greba egunera. Sindikatuek gehiengoa dute hezkuntza publikoan, eta, akordio hori onargarria ez zela aurreratuta, berehala deitu zuten gaurko greba egunera, borrokan segitzeko asmoa agerian utziz. Gaur, Arraizek eta Alabak, beste sindikatu deitzaileekin batera, ondorioztatu dute «bide zuzenetik» doazela, irakasleen babesa dutelako. «Sindikatuok negoziatu egin nahi dugu. Hezkuntza Departamentuak, ordea, ez du hemen eseri nahi, eta xantaia erabiltzen du», adierazi du Arraizak.

«Sindikatuok negoziatu egin nahi dugu. Hezkuntza Departamentuak, ordea, ez du hemen eseri nahi, eta xantaia erabiltzen du». 

JOSU ARRAIZA LABeko Hezkuntza arduraduna

Hilabeteotan guztiotan, hasiera-hasieratik, lau aldarrikapen nagusi egin dituzte sektore publikoko sindikatu guztiek, elkarrekin. Nahiz eta agerian utzi nahi izan duten horiei buruz hitz egiteko prest daudela, gobernuak ez die erantzun proposamenei. Aldarrikapen nagusia ratioen murrizketa da. Alabak nabarmendu duenez, gero azaroan beste hiru sindikatuekin hitzartu zen gutxieneko akordioak ez du jaso hezkuntzako maila guztietan ratioak modu iraunkorrean jaistea: «Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa kanpoan geratu dira». 

Gainera, salatu dute sektore publikoko irakasleak lanez «gainezka» daudela eta horrek koordinazio lanak behar bezala egitea eragozten diela. Hori konpontzeko, langile kopurua handitzea eta egungo behin-behinekotasun tasa handia murriztea proposatzen dute. Horrekin batera, gogora ekarri dute irakasleek erosahalmena galdu dutela. 

«Ratioak murrizteko neurri gisa hartu dute errepikatzaileak ez zenbatzea ikasle gisa. Erabat onartezina iruditzen zaigu»

UNAI ALABA CCOOko Hezkuntza arduraduna

Aldarrikapen horiek hasieratik egin dituzte sektoreko sindikatu guztiek, baina azaroan Afapnak, ANPEk eta UGTk bide hori utzi zuten. Gutxiengoa izanik ere, akordioa sinatu zuten, eta orain ez dute babestu greba. «Haiei galdetu beharko zaie zergatik», esan dute Arraizak eta Alabak. Haien esanetan, irakasleen «%100ek» agerian utzi dute sinatutako lan itunak ez dituela konpontzen euren eguneroko arazoak. «Adibidez, ratioa murrizteko neurri gisa hartzen da errepikatzaileak ez zenbatzea ikasle gisa. Erabat onartezina iruditzen zaigu», kritikatu du Alabak.

Manifestazioak aurrera egin du San Domingoko aldapatik gora, Estafetatik, eta handik Karlos III.aren etorbidera joan da, Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean amaitzeko, eguerdi aldera. Aterkiz bete da kalea. Bertan, errepikatu dute sinatutako gutxieneko akordioa «arriskutsua» dela. «Departamentuak orain hezkuntzarako itun berri bat nahi du, baina beraiek epeak, gaiak eta egutegia markatu dituzte, eta horrela guztiz baldintzatu joko arauak. Partida horrela jokatzea oso zaila dugu», ohartarazi diete bertan bildutako irakasleei. Hezkuntza publikoari «kalte handiagoa egiteko» eta baldintzak okertzeko bidea ireki dezaketela uste dute. Gaineratu dute aurreko ituneko hainbat neurri ez direla bete. «Zertarako itun berri bat aurrekoa bete gabe dagoenean?».

Unai Alaba (CCOO) eta Josu Arraiza (LAB), kazetariei adierazpenak egiten. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Alaba (CCOO) eta Josu Arraiza (LAB), kazetariei adierazpenak egiten. IÑIGO URIZ / FOKU

Poliziaren jazarpena

Arratsaldean ere kalera atera dira Nafarroako sare publikoko irakasleak. 17:30ean, elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udaletxe plazan, eta bertan, grebara deitu duten sindikatuetako ordezkariez gain, hitza hartu dute 0-3 zikloko haur eskoletako langileek eta Hezkuntza Laguntzako espezialistek ere. Ezinbestekotzat jo dute indarrak batzea, «kalitatezko hezkuntza publikoaren bidean».

Adierazi dutenez, ikasturtea «malkartsua» izaten ari da hezkuntzako sektore guztientzat, eta Hezkuntza Departamentua jo dute horren erantzuletzat: «Bidea oztopoz bete digu, mehatxuak tarteko, baina ez gara Gimenoren sarean eroriko. Ez dugu atzerapausorik onartuko, eta ikasle zein irakasleen egoerek hobera egin arte jarraituko dugu borrokan».

Bestalde, LAB sindikatuak salatu du Espainiako Poliziak sindikatu horretako kide bat atxilotu duela goizeko protestetan. Atxilotua «berehala eta batere ondoriorik gabe askatzeko» exijitu du LABek, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez. Arratsaldeko elkarretaratzean, sindikatu guztiek bat egin dute eskaera horrekin, eta poliziaren jazarpena salatu: «Gure elkartasun osoa, gaur goizean identifikatu eta atxilotu dituztenei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.