Luze itxaron ostean, Lur-1 satelitea jaurti dute: ostiralean, 20:56an zirenean, espazioratu dute osorik Euskal Herrian egindako lehen satelitea. Kaliforniatik (AEB) bota dute, Elon Musk enpresari estatubatuarraren SpaceX enpresaren Falcon 9 suziri batean —guztira, 116 satelite eraman ditu berekin—. Eta hamasei ordu geroago, larunbateko 12:42 zirenean, satelitearekin konexioa egitea lortu dute.
Liftoff of Transporter-11! pic.twitter.com/R7UoMknxRk
— SpaceX (@SpaceX) August 16, 2024
Jaurtiketa AEBetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik egin dute. Hasiera batean, 20:19rako zuten programatuta, baina ia hiru ordu laurden atzeratu zuten jaurtiketa, sateliteak hedatzeko orduan «talka arriskua txikiagotzeko».
Suziria jaurti eta hiru minutura, 20:59an, satelitea eta suziria banandu egin dira, eta suziria itzuli da lurrera, abiatu den toki berera. Operazio luzea izan da, ordubete baino gehiago luzatu dena, baina, azkenean, 22:00ak baino pixka bat lehenago heldu da Lur-1 helmugara, hots, lurrazaletik 515 kilometroko garaierara.
Hedatu egin da suziria jaurti eta 80 minutu geroago, eta orbitan sartu da gauean. Ondoren, 90 minutuan eman dio munduari lehen itzulia.
Stage separation confirmed. Falcon 9’s first stage will now return to Earth, creating a brief sonic boom prior to landing at the landing zone → https://t.co/25MrsXiVQMpic.twitter.com/0Q2qKtDJLV
— SpaceX (@SpaceX) August 16, 2024
Ostiral gaua eta larunbat goiza urduri igaro dituzte AVS Added Value Solutions enpresan, satelitea eraiki duen enpresan. Azkenean, enpresak berak duen antenarekin kontaktatu du sateliteak larunbat eguerdian, 12:42 zirenean. «Gertakari historikotzat» jo du enpresak berak. Konexioa ongi egin dela bermatuta, espero dute satelitea irudiak hartzen hasteko prest egongo dela aurki.
%100 Euskal Herrikoa, nolatan?
AVS Added Value Solutions enpresaren azkeneko misioa da Lur-1. Elgoibarren (Gipuzkoa) sortu zen enpresa, baina egoitza nagusia Gasteizen du 2021etik, Arabako Parke Teknologikoan. Bertan diseinatu eta muntatu dute satelitea, osorik. Behin espazioan, enpresak bere gain hartuko du satelitaren kontrola, eta 24 orduz jarraituko dute.
Guztira, AVSko hogei bat kide aritu dira proiektu horretan lanean, hiru urte baino gehiagoz. Zortzi milloi euroko inbertsioa jaso dute; horren %40, publikoa. Uztailean ziren satelitea jaurtitzekoak; Falcon 9-ak motorrean izandako arazo bat zela medio, ordea, atzeratu egin zuten espazioratzea, gaur arte.
Zerk egiten du berezi, baina, Lur-1?
Harrigarria da, gero, gailuaren itxura. 57 kilogramo pisatzen du, eta hainbat antena ditu, baita beso zabalgarri bat ere, eguzki panelez hornitua. Haren helburua Lurrari behatzea da, Hego Euskal Herriko geografia batez ere. Horretarako, Lurraren inguruan egingo du orbita, segundoko zazpi kilometroko abiaduran. Bereizgarri nagusia zera da, Lurreko argazkiak oso kalitate onarekin ateratzeko gai dela.
Horrez gain, Lur-1-ek txertatuta dauka MICE gailua —Arabako konpainiak garatu du, Europako Espazio Agentziarentzat—, zeinak orbitatik irteteko aukera emango dion sateliteari, hala behar izanez gero. Horren helburua da misioa amaitutakoan satelitea espazioan ez geratzea, espazioko zabor bihurtuta. Aurreikusi dute bost urtez egongo dela martxan Lur-1.
Satelitea erabat Euskal Herrian eraikia izanik, «euskal espazio industriari ikusgarritasuna emateko modua da, euskal teknologia munduan eta espazioan kokatzeko aukera». Halaxe nabarmendu zuen Iñigo Urkulluk duela hamar hilabete, AVSren egoitzara bisita egin zuenean.
AVSk, 200 langile
AVS Elgoibarren sortu zen, 2006. urtean. Gaur egun, 200 langile baino gehiago ditu, eta haietatik 25ek parte hartu dute proiektu honetan. NASAren Marte 2020 misioko Perseverance ibilgailuak dituen bi osagai ere garatu ditu enpresak: MEDA meteorologia neurtzeko gailua eta Super Cam kamera sistema bat; azken hori, ibilgailuaren mastaren goialdean kokatutakoa.
Enpresak espaziora jaurti nahi dituen lau sateliteetako bat da Lur-1. Horren ondoren, beste bi espazioratuko ditu heldu den urteko otsailean, eta beste bat, berriz, uztailean.
Euskal Herriko beste satelite bat
Gaurkoa ez da Euskal Herriko satelite bat espaziora jaurti duten lehen aldia: aurrekoa, Urdaneta-Armsat1, 2022. urtean espazioratu zuen Satlantis taldeak —EHUk Leioan duen parke teknologikoan du egoitza—. Hori, baina, ez zen guztiz Euskal Herrian egina: Europako zenbait talderen laguntzarekin eraiki zen; beraz, Lur-1 aitzindaria da alde horretatik.