Gaur eta bihar epaituko dituzte 'bakegileak' Parisen

ETAren armak edukitzea eta garraiatzea leporatzen diete Etxeberri eta Molleri, Luhusoko operazioan parte hartzeagatik. Ekintza hark ETAren armagabetzea bideratu zuen.

(ID_13707535) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2024-03-16, Luhuso.  Bakegilearen prentsaurrekoa Beatrice Molle-Haran eta Txetx epaitzeko
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Delitua ote da armak eta lehergaiak garraiatzea baldin eta erakunde armatu baten armagabetzea bideratzeko egiten bada? Besteak beste, galdera horri erantzun beharko dio Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberak gaur eta bihar, bakegileen auzian. Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle epaituko dituzte, ETAren armak eta lehergaiak eramatea leporatuta, Luhusoko operazioan parte hartzeagatik.

2016ko abenduko gau hark ETAren armagabetzea eta ondorengo desegitea bideratu zituen. Erakundearekin gutunak trukatu ondotik, haren armategiaren ardura hartu zuten Etxeberrik, Mixel Berhokoirigoinek eta Michel Tubianak. Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan pertsona ezagunak dira hirurak —Berhokoirigoin eta Tubiana zenduak dira—.

Luhusoko operazioan, ETAren armategiaren %15 indargabetzeko asmoa zuten ekintzaileek, egindakoa bideoan grabatu eta Frantziako autoritateei armagabetze ordenatu baterako esparru bat proposatzeko. Baina Frantziako Poliziak atxilo hartu zituen. Haien alde sortu zen elkartasun uholdeak eta gerora izandako elkarrizketek jarrera aldarazi zioten Frantziako Gobernuari, eta, azkenerako, haren baimenarekin gauzatu zen ETAren armagabetzea, 2017ko apirilaren 8an. Ondoko urtean desegin zen erakunde politiko-armatua.

Etxeberrik egunkari honi adierazi zion Luhuson leporatzen diotena beste hiru aldiz egin dutela bakegileek Frantziako autoritateekin adostuta. Apirilaren 8ko armagabetzea izan zen lehenik —Frantziako Poliziak jarrera kooperatiboa izan zuela erakusten duen bideo bat argitaratu zuten lehengo astean—; eta beste bi entrega ere izan ziren: 2018ko otsailean bat, eta apirilean beste bat.

Bakegileen epaiketa zer egunetan eginen zen jakinarazi zutenetik, Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona ezagun andanak galdetu du Etxeberri eta Molle errugabetu ditzatela; besteak beste, Frantziako Gobernuko zortzi ministro ohik. Ingurune anitzetako 5.000 pertsonak adierazi diete babesa. Martxoaren 16an, agerraldia egin zuten berrehun pertsonak Luhusoko (Lapurdi) Errekartea baserrian.

Morvan eta Fekl lekuko

ETAren armagabetzea gertatu zenean jardunean ziren Frantziako autoritateak lekuko izanen dira bakegileen auzian: Matthias Fekl Frantziako Barne ministro ohiak eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefet ohiak deklaratuko dute Parisko Zigor Auzitegian.

Beste lau lekukok ere hartuko dute hitza, bakegileen defentsak eskatuta: Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak eta Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak —Baionako Adierazpenaren sinatzaileetarik izan ziren 2014an—; Sylviane Allaux PSko diputatu ohiak —armagabetze egunean behatzaile aritu zen—, eta Jean Pierre Massiasek, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko zuzenbide publikoko irakasleak —justizia trantsizionalean aditua da—.

Horrez gain, lau abokatu arituko dira defentsan: Jean-François Blanco, Jean-Michel Baloup, Xantiana Cachenaut eta Patrick Baudouin. Azken hori Frantziako LDH Giza Eskubideen Ligako presidentea ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.