Sarri askotan nabarmentzen da alkohola eta bolantea ez direla bateragarriak, eta behin eta berriz esaten da alkoholik ez edateko autoa hartu behar izanez gero. Auzia eztabaidagai izan dute gaur, Espainiako Kongresuan, PSOEk araua aldatzeko lege baten tramitazioa aintzat hartzeko eskatu baitu; zehazki, gidatzerakoan baimendutako gehienezko alkohol tasa jaitsi ala ez eztabaidatu du ganberak, eta aste batzuk barru lege gisa iritsiko da ekimena, behin betiko bozkatu dezaten. Lege horrek, halaber, trafiko kontrolen kokapena jakinaraztea zigortu luke.
Gaur egun, Hego Euskal Herrian gehienez ere odol litroko 0,5 gramo alkohol eta aire litroko 0,25 alkohol miligramo edukitzea dago baimenduta. Orain, zera dago erabakizun: hurrenez hurren, tasa horiek 0,2ra eta 0,1era jaitsi ala ez. Orain arte, Euskal Herri osoan tasa bera egon da baimenduta. Araua gogortuko balitz, garagardo bat edan ondoren positibo emango lukete gidari gehienek.
PSOEk egindako proposamena da, eta aurrez ere Espainiako Kongresuaren babesa jaso zuen, 2024an; orduan, legez besteko proposamen hark 175 boto izan zituen alde eta 33 kontra, eta 138 eledun abstenitu egin ziren. Orain, PSOEko eledunak azaldu du edozein hil daitekeela errepidean alkoholaren ondorioz, «ezkerrekoa zein eskuinekoa, hau ez da ideologia kontu bat». Zehaztu du Espainiako estatuan trafiko istripu hilgarrien heren batek lotura zuzena dutela alkoholarekin edo drogekin. Araua gogortzeak alkohol tasa zorrotzenak ezarri dituzten Europako herrialdeen parean jarriko luke Hego Euskal Herria.
EAJren zalantzak
Hego Euskal Herrian, 1973tik dago araututa gidatzeko gehienezko alkohol tasa; 0,8 gramo litroko zen orduan, eta 1989an jaitsi zuten 0,5era. EAJko diputatu Maribel Vaquerok iragarri du EAJren aldeko botoa izango duela legea tramitatzen jarraitzeko eskaerak, baina ohartarazi du jeltzaleen zuzenketa bat behintzat izango duela lege proposamenak, ez badute aldez aurretik haren idatzia aldatzen. Izan ere, Vaquerok azaldu du idatzi horretan ez dutela jaso zigor gogorragoak ezarriko zaizkiela behin baino gehiagotan mozkorturik gidatzen harrapatu dituzten gidariei. «Ez dakigu nahi gabe egin den ala ez, baina alkoholaren araua behin baino gehiagotan hausteak beste zigor bat ekarri behar du, orain arte bezala». Era berean, legean ez dute ezer aipatu alkohol tasa bikoiztuta gidatzeagatiko zigorrari buruz; hori ere argitzea nahi dute jeltzaleek.
Edonola ere, EAJko eledunak oso argi esan dio PSOEri Espainiako Gobernuak bere kabuz alda dezakeela gidatzeko baimendutako alkohol tasari buruzko araua; izan ere, araua gogortuko zuela iragarri zuen Fernando Grande Marlaska Barne ministroak. «Joan dira hilabeteak, eta ez duzue araua aldatu; gero, legez besteko proposamena iritsi zen, eta orduan ere aukera izan zenuten araua aldatzeko, baina, hala egin beharrean, oraindik ere berdin jarraitzen dugu, eta orain lege proposamena iritsi da», salatu du Vaquerok.
Azkenik, EAJko diputatuak erantsi du «logikoa» iruditzen zaiola alkoholaren eta drogen aurkako trafiko kontrolak non dauden esaten dutenei muga jartzea sare sozialetan, baina Vaquerok ez daki nola egin nahi duen hori Espainiako Gobernuak; adierazi du lege proposamenean ere ez dutela zehaztu zer-nolako mugak eta zer-nolako zigorrak ezarriko diren, «eta batez ere nola» galarazi nahi duten zabalpen hori.
Maribel Vaquero euskara hutsean aritu da Kongresuan, harik eta Alfoso Rodriguez ganberako presidenteordeak eten egin duen arte. Itzulpen automatikoa ez zebilela adierazi dio Vaquerori, eta, handik gutxira, itzulpen zerbitzuarekin zalantzak zeudela ikusita, jeltzaleak gaztelaniaz jarraitzea erabaki du. Orduantxe txalo batzuk entzun dira, eta Vaquero berriz isildu da; jarraian, txalo egindakoei esan die errespetua galdu beharrean, eskerrak eman beharko lizkieketela uler dezaketen hizkuntza batean ari zelako. Burrunba apal bat entzun bada ere, aurrera egin du Vaquerok.