Gaur erabakiko dute Beskoitzeko auzapeza nor izango den

Herriko etxerako bozen bigarren itzulia egingo dute. Bi hautagai lehiatuko dira: Pascal Jocou, lehen itzuliko irabazlea, eta Fabienne Etxegarai, orain arteko auzapezordea.

Pascal Jocou, Beskoitzen, zerrendako kideekin. GUILLAUME FAUVEAU
Pascal Jocou, Beskoitzen, zerrendako kideekin. GUILLAUME FAUVEAU
Maite Asensio Lozano.
2024ko ekainaren 23a
05:30
Entzun

Beskoitzeko Herriko Etxearen (Lapurdi) ardura nork hartuko duen argituko da gaur, hauteskundeen bigarren itzulian. Iragan igandean Pascal Jocouren zerrenda gailendu zen lehen itzulian, eta, Haritza Camblongek hautagaitza erretiratu ondotik, lehiakide bakarra izango du gaur: Fabienne Etxegarai, orain arteko herriko kontseiluan parte hartu dutenen ordezkaria.

Ikastolaren aferaren itzalpean egiten ari dira hauteskundeak. Herrian ikastola bat eraikitzeko proiektuak sortutako gatazkaren ondorioz, gutxiengoan gelditu zen Fabienne Aiensa auzapeza martxoan, eta dimisioa aurkeztu zuen. Herriko bozak aitzinatu egin zituen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, eta hiru zerrenda aurkeztu ziren hasieran; hirurek agertu zuten auziari konponbidea emateko borondatea.

Aiensaren «jarraipen» zerrenda da Etxegarairena; orain arte, gazteria, euskara eta gizarte gaietarako ardura zuen bigarren auzapezordea izan da. Halere, kritiko agertu da Aiensak ikastolaren auzia kudeatu zuen moduarekin, baita ikastolako gurasoekin ere. Orain arte herriko kontseilua osatu dutenen erdiak eraman ditu zerrendara: denek bozkatu zuten ikastolari hitzarmena luzatzearen alde martxoan.

FABIENNE ETXEGARAI
Fabienne Etxegarai, orain arteko axuanta. PATXI BELTZAIZ

Jocou izango du aurrean. Ez da izen ezezaguna Beskoitzen, lehenago ere izana baita herriko etxeko hautetsi, eta Hazparneko herri elkargoko lehendakari ere izan zen urte batzuetan. Ikastolako gurasoak sartu ditu zerrendan. Hain zuzen, hark ditu auzapez izateko aukera handienak: iragan igandeko lehen bozketa 575 botorekin (%37,27) irabazi zuen Jocouk; 539 boto jaso zituen Etxegaraik (%34,93), baina litekeena da Camblongek lortutako 429 botoetako (%27,8) batzuk Jocourengana mugitzea, zerrendak elkartzea aztertu baitute hauteskunde prozesuan.

Camblong hirugarren hautagaia ikastolako gurasoa da, eta Hats Berri izeneko zerrenda aurkeztu zuen hainbat euskaltzalek eta abertzalek bultzatuta, baina lehiatik erretiratu da asteon. Aitortu duenez, lehen itzuliko emaitzek «bihotz ematen» diete segitzeko, baina ez diete «garaipena ikusteko menturarik» erakutsi, eta beste hautagaiekin batzeko modurik ez dute izan.

%70

Lehen itzuliko parte hartzea. Parte hartze handia espero da gaur, azken bi urteetan herrian izandako giro tirabiratsuaren erakusgarri, eta iragan igandeko datuari jarraikiz: Beskoitzeko herritarren %70 inguru joan ziren bozkatzera lehen itzulian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.