Abiadura Handiko Trenaren (AHT) alternatiba aztertu du Arabako, Nafarroako eta Burgosko Trenaren Aldeko Alternatiba plataformak. Arabako taldeko kidea da Iñigo Leza (Gasteiz, 1976). Bizikleta martxa bat egin zuten atzoobretara.
Zein da ikerketaren ondorioa?
Funtsean, gaur egungo trenbideak hobetuta, tren guztiak bertatik pasatzeko modua dagoela; bai tren azkarrak, bai merkantziak eta pertsonak garraiatzen dituzten tren arruntak. Abiadura handiko trenak pasatzea onartzen dugu; baina izan dadila jada eraikita dauden bide horietatik.
Zer onura ditu trenbide horiek baliatzeak, bide berriak egin beharrean?
Abiadura onak lortu daitezke, eta askoz merkeago. Adibidez, Burgos-Gasteiz-Iruñea-Castejon tartean, gure proposamena 1.500 milioi merkeagoa da. AHTak dirutza handia xahutzea ekarriko du, eta, esaterako, Burgos eta Gasteiz arteko bidaian gehienez ere hamar minutu aurrezteko, ez dauka zentzurik.
Ingurunean daukan inpaktua ere txikiagoa izango litzateke tren sozialarekin, ezta?
Inpaktu txikiagoa du. Trenbideak berritzeko bihurgune batzuk kentzea ez da beste trenbide bat egitea bezainbesteko aldaketa.
Izan ere, askotan aipatu duzue trena dela etorkizuneko garraioa klima larrialdiari aurre egiteko.
Ikerketa asko daude hori erakusten dutenak. Trena da gutxien kontsumitzen duen garraioa, eta, gainera, elektrikoa da. Beraz, ez da beharrezkoa petrolioa edo erregai fosilak erabiltzea. Hala ere, gaur egun oso jende gutxik erabiltzen du, frekuentzia gutxi dagoelako; horiek handitu beharrean, AHTa egiten xahutzen ari dira diru guztia.
Nola daude Araban AHTa egiteko lanak?
Burgos-Gasteiz trenbidean hasi dira obrak orain. Hain zuzen, Billoda eta Jundiz artean ari dira lurra lautzen, baina oraindik garaiz gaude lan horiek gelditu eta guk proposatzen duguna aztertzeko.
Euskal Y-aren eta AHTaren Nafarroako korridorearen arteko loturaren inguruan ere eztabaida egon da azken hilabeteetan.
Nafarroako korridorea jada lotuta dago; bai Donostiarekin, bai Gasteizekin: Altsasun dauka lotura. Berriro ere, trenbide hori hobetuta, azkar joan daiteke leku batetik bestera. Horrez gain, tartean dauden herrietakoek ere erabili lezakete trenbidea. Tren azkar bat jarri liteke, eta geltoki guztietan gelditzen diren beste batzuk ere bai. Horrela, ez diezu herri horiei lotura kentzen.
Abiadura Handiko Trena. Proiektuen egoera. Iñigo Leza. Trenaren Aldeko Alternatiba
«Gaur egungo trenbideetatik tren guztiak pasatu daitezke»
Lezak uste du AHTa baino aukera iraunkorragoak eta merkeagoak daudela, baita eraginkorragoak ere. Ikerketak hori frogatu duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu