Eusko Ikaskuntzaren lehendakaritzari gogotsu heldu dio Ana Urkizak (Ondarroa, Bizkaia, 1969); atzoko batzar orokorrean aukeratu zuten Kontseilu Errektore berria, Urkiza buru duena. Harekin batera, honako hauek osatuko dute: Isabel Elizaldek, Zelai Nikolasek, Eguzki Urteagak, Manu Olariagak eta Asier Etxenikek. Idazlea eta itzultzailea da Urkiza, eta erakundea ez zaio arrotza; Bankoa du ogibide, eta, bankua bazkide izanik, haren ordezkari gisa hasi zen parte hartzen. Idazkari nagusi izendatu zuten ondoren: «[Xabier Alkortari] Esan nion ez nengoela aktak jasotzeko, kontseiluan iritzia eman nahi nuela». Lehendakari da orain: «Pixka bat pentsatu nuen, eta lantalde honekin aurrera egin daiteke».
102 urte igaro eta gero, lehen presidente emakumezkoa zara.
Zazpi lehendakari izan dira aurretik, eta guztiak gizonezkoak izan dira. Gaur egun, erakunde moderno eta dinamikoa da Eusko Ikaskuntza, eta gure gizartearen ispilu. Orduan, normala da emakumezkoa izatea.
Iñaki Dorronsorok zortzi urte egin ditu karguan. Hautagaitza kontinuista bat da zurea?
Bai, baina gehiago esango nuke. Iñaki Dorronsorok azken zortzi urteotan sekulako lana egin du; norabide berria eman dio erakundeari, eta horren erakusgarri da mendeurreneko kongresurako eginiko lana eta lan hori nola egin den. Hortik ateratako Liburu Zuriak eta adierazpenak babesa jaso zuten gure herrialdeko hiru agintari nagusien aldetik. Hor badago egindako lanaren babes bat, onespen bat. Orain, legealdi honi dagokio ibilbide hori indartzea eta sendotzea.
Zein izango dira Kontseilu Errektorearen lehentasunak datozen lau urteetan?
Lau lerro estrategiko nagusi ezarri ditugu, eta bost ekinbide. Lerro nagusiak dira, batetik, agenda propioa izatea; Liburu Zuriaren oinarria hartu, eta, momentu honetan daukagun egoerari begiratuta, lau gai nagusi lehenetsi ditugu. Horiek lantzeko jarri dugu agenda hori. Bigarrena: Eusko Ikaskuntzaren benetako ekarpena egitasmoen bidez egiten da, eta horien kudeaketa prozesua ontzea da helburua; hirugarrena, dauzkagun harreman sareak eta aliantzak sendotzea, hori delako gure langaia; eta laugarrena, lurraldetasuna: Euskaltzaindiarekin batera, erakunde bakarra gara lurralde guztietan presente dagoena eta eragiten duena. Hori da dugun indar handienetako bat.
Martxoan, mendeurreneko kongresuaren ondorioen aurkezpenean, Dorronsorok esan zuen 30 urterako lana ezarri zuela kongresu horrek. Hori izango da zeregin nagusia?
Ehundik gora lan lerro zehatz atera ziren hortik. Asko erratu ez bagara, 25 urterako lana dago hor, baina lehenetsi egin behar da. Agenda horretan, lau gai nagusi lehenetsi ditugu.
Zeintzuk?
Bat, euskal nortasunaren garapena; zehaztera heltzea euskal herritarrok zer ulertzen dugun euskal nortasunaz. Beste bat, ongizatea; lehen ere ari ginen horretan. Asmoa da gizartearen babeserako eredu zabal, eraginkor eta jasangarri bat proposatzea. Hirugarrena, gobernantza: eredu demokratikoan sakontzea; zer herri nahi dugun zehazteko bidean, zer nolako lan tresnak erabili behar ditugun aztertzea eta proposatzea. Eta, laugarrena, euskal lurraldeak munduan; non eta nola kokatu nahi ditugun: komunitatearen garapena, zerbitzu publikoen sare bat sortu daitekeen... Eta, noski, Europa eta Euroeskualdea. Hor filoi bat daukagu; herri izateko eta herri garela erakusteko Europarako zubi interesgarri bat.
Zuen programan jasotzen da aurreko presidenteei ere entzundako ahulgune bat: behar bezainbeste ez gizarteratu izana. Egiturazko arazo bat da hori EIrentzat? Nola konpondu?
Ez da erakundearen gaitz endemiko bat. Aurreko legealdietan, erakundea aldatuz joan da, gizartearen beharretara egokituz joan delako. Beharbada, aurreko legealdietan erakundeak lan lerro asko lehenetsi ditu, eta, horietan, lehen lan lerro gisa ez da egon erakundearen beraren kokatze estrategia: esatea zer den, non dagoen, zer egiten duen. Oraingoan, zeharkako lerroetako bat da.
Zerorrek erantzun: Zer da? Non dago? Zer egiten du?
Justu orain, gure funtzioa da etorkizuna irudikatzea eta gizartearen beharrei erantzutea, baina ez bakarrik akademia bat bezala; iritzi aniztasunarekin kontatuz, horri plaza emanez, partaidetza zabalduz, ateak irekiz, lankidetzan arituz. Lankidetzarako eragile, aditu, aritu, akademiko, unibertsitate, erakunde publiko... Horiekin guztiekin batera lan egitea. Azkenean, gizartearen kohesiora heldu behar dugu; guztiok egiten ditugun ekarpenekin, proposamen kontrastatu bat eskaini behar diegu gizarteari eta erabakiak hartzen dituztenei; tartean, instituzio publikoei. Hori egiten badakigula eta horrela lanean aritu garela demostratu dugu mendeurrenaren kongresuan. Ez da orain asmatu dugun zerbait: aldez aurretik egiten hasiak ginen. Baina adieraztea dagokigu hori dela gure lan egiteko modua, hori dela gure funtzioari erantzuteko daukagun lanabesa.
Proiektu asko instituzio publikoetatik gauzatu beharrekoak dira.
Lan egiteko modu hau daukagu, eta, modu horretan, instituzioak ere egon dira; hori da instituzioei egiten diegun eskaintza. Guk proposatzen dugun agenda ez da asmakeria bat, ez da lehendakariari edo Kontseilu Errektoreari bururatutakoa; duela hiru urte, milatik gora pertsona aritu ziren, eta horien artean denetarik zegoen: akademikoak, profesionalak, eragile sozialak... Jende horren guztiaren artean atera zen Liburu Zuria. Ez da Eusko Ikaskuntzako lantalde txiki batek amesten dugun Euskal Herriaren eraikuntzarako proposatzen ditugun gaiak.
Hartzaile diren heinean, noraino ikusten dituzu erakunde publiko horiek prest Eusko Ikaskuntzaren agenda jaso eta praktikara eramateko?
Bizi dugun krisia bizi izanda, argi daukat honi irtenbidea ez diotela emango bakarrik gobernuek eta instituzio publikoek; gizarte osoak aritu behar du, bakoitzak bere lekutik, bere ekarpena eginez. Eusko Ikaskuntza da ekarpen horiek guztiak jaso, azterketak egin, esperimentatu, kontrastatu eta politika publiko aurreratuak eskaintzeko gune, plaza eta erakundea. Hori eskaini nahi diegu gizarteari eta instituzio publikoei.
Plaza horretan zer leku dagokie herritarrei?
Orain arte, zorionez, herri hau erakundetu egin da, baina momentu honetan gizarteak ahaldundu beharra dauka; dena ez dugu zertan jaso erakundeek esaten dutelako. Gizarteak badauka ahalmena, erakunde publikoekin batera, nahi dugun gizartea amesteko eta horren alde egiteko. Gure egitekoa da Euskal Herri hori amestea, gizartearen kezkei erantzutea, baina gizartearekin berarekin kontatuz, erabakiak martxan jarri ahal izateko. Hori da espiritua, eta ez nork agintzen duen edo gaiak nork jartzen dituen. Guk behatoki funtzioa egin behar dugu; zer proposamen, esperientzia dauden Euskal Herrian, Europan. Horren gainean ikertu, gure neurrira, gure beharretara egokituta, eta proposamen bat egin. Hori eraman laborategira: kontrastea egingo duen beste eragile batengana. Azken fasea da onartutzat eman den proposamena sozializatzea. Eusko Ikaskuntza aitzindaria izan da, hori DNAn daramagu.
Amestutako Euskal Herriaz jardun duzu. Nola ikusten duzu egun?
Osasun krisia ardatz izanik, beste krisi batzuk dauzkagu inguruan: ekonomikoa, soziala, kulturala... Krisi horretatik ezin gara atera erakunde publikoek bakarrik lan eginda. Gizarte oso heldua gara, sekula baino ezagutza maila eta irizpide gehiagoko jendea daukagu herri txiki eta handi honetan. Elkarrekin asmatu eta irudikatu behar ditugu irtenbideak.
Gabezia bat ikusten duzu hor.
Historian izan dugun gabezia handienetako bat hori da: ez dugu behar bezainbeste ikasi elkarrekin lan egiten; beharbada kontraste handirik gabe aritu gara. Prest gaude lankidetzan aritzeko, erakunde honek badaki lankidetzan aritzen, badauka harreman sare izugarri zabala, badaki aliantzak egiten, deialdi indar izugarria daukagu; dei egiten dugunean, jendea gogotsu dator lan egitera. Garaia da benetan elkarlanean ikasteko.
Lehendik ere baziren beste krisi batzuk. Osasun krisiak guztiak alboratu ditu?
Krisiak aldaketa esan nahi du, aldaketarako gonbita egiten digu. Krisialditik pasatzea inori ez zaigu gustatzen, baina horren ondoren beste leiho batzuk irekiko dira. Kostatuko zaigu, krisi zabala delako; ez du esan nahi izugarrizko krisia denik, baizik eta, gizarte heldua garen neurrian, dena ezbaian jartzen dugula eta ez garela edozerekin konformatzen. Horregatik nahi ditugu erantzun zuzenak, zorrotzak, sinesgarriak eta aplikagarriak.
Lehendakaritzarako programan ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak bereizi dituzue. Egungo testuinguruan, zeintzuk dira ahulguneak eta mehatxuak?
Mehatxuen artean, izurria dela-eta, erakunde askotxo ari dira proposamen berriak egiten, foroak antolatzen, gizartea mugiarazten... Egin behar den lan hori egiten. Alde batetik, zorionez, lehiakide asko ateratzen ari dira; eskaintza berdintsuak egiten dituzten erakunde asko daude.
Ahulguneak?
Finantzaketa eredua. Aurreikus daiteke, egoera honetan, erakunde publikoek murrizketa batzuk egin ditzaketela. Baina hor aukerak ere badaude; gure erakundeak egiten dituen proposamenak ez dira proiektuka ikusi behar; proiektu batean egin dezakezu murrizketa bat, edo atzeratu dezakezu, baina gure eskaintza ez da proiektu bat: lan egiteko modu bat da, plaza bat, foro bat eta emaitza batzuk; horretarako, egitasmoetan oinarritzen zara. Horretarako, behar dugu aurrekontu egonkor bat, erakunde publikoekin landu nahi duguna. Finantza egonkortasun bat, plaza hori eskaintzeko.
Indargune nagusia?
Marka oso potentea daukagu. Ehun urtean eginiko lana eta egokitzeko izan dugun ahalmena da horren seinalea. Legitimitate izugarria dugu, gizartearen nahiz instituzio publikoen aldetik.
Nola ikusi nahiko zenuke herri hau zure lehendakaritza amaitzean?
Lan egiteko prozesuan zentratuko nintzateke, gaietan baino gehiago; gustatuko litzaidake esatea elkarrekin lanean aritzen jakin dugula. Gaur egungo gure Euskal Herriari pauso hori ematea dagokio, eta ez dago eragozpenik hori ez egiteko.
Ana Urkiza. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
«Gaur egungo Euskal Herriari dagokio elkarlanean aritzeko pausoa ematea»
Eusko Ikaskuntzako lehendakari aukeratu dute Ana Urkiza. Lan eskerga du aurretik, baina uste du, proiektuez gain, erakundeak lan molde bat daukala eskaintzeko, herritarrei nahiz instituzioei: «Gure egitekoa da gizartearen kezkei erantzutea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu