Jean Grenet. UMPko diputatua

«Gaur egun, terrorismoaren aurka Espainiarekin eraman elkarlanak tokirik ez du»

Ez du maiz euskal gatazkari buruzko adierazpenik egin Jean Grenetek (Baiona, 1939), baina euskal presoen sakabanaketa eta urruntzea bukatu behar dela esan zuen asteartean, Frantziako Legebiltzarrean.

GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bake prozesua gauzatzea nahi du Jean Grenet euskal diputatuak, eta «bide horretara doazen keinu guztiak» sostengatu behar direla dio. Horregatik zuen presoen hurbilketari buruzko lege proposamenaren alde bozkatu, asteartean: «Urrats oso garrantzitsua da, argi uzteko orria itzultzen ari dela, eta erakusteko bi aldeetan dagoela bakea lortzeko nahikeria».

2006an, Justizia ministroari gutun bat bidali zenion euskal preso politikoen hurbilketa eskatuz. Asteartean, zer dela eta egin zenuen horretarako eskaera bat legebiltzarrean?

Adiskide dudan Sauveur Gandolfi-Scheit Korsikako diputatuarekin (UMP) hitz egin genuen, eta lege proposamen hori aurkeztu zuen, presoak familiez hurbiltzeko. Frantzia guztian eta, batez ere, iparrean sakabanatuak daude euskal presoak, eta horrek arazo larriak dakarzkie, bai familiei eta bai presoei. Uste dut zigor bikoitza dela Frantzia guztia trabeskatzea minutu batzuk irauten duen bisita bat egiteko. Humanoki, materialki eta ekonomikoki oso kaltegarria da. Badakigu, halaber, hurbiltzeak gizarteratzea errazten duela kalera ateratzeko orduan. Horra, gai humanitarioa da azken finean. Euskal Herriko egoerak ere eraman nau horretara. ETAk jarduera armatua utzi du, eta orain negoziazio eta bake prozesu batean sartu behar dugu; espero dut Euskal Herria hortik baketsu aterako dela, sobera sufritu dugulako orain arte. Bakea lortzeko bidean, urrats oso garrantzitsua da hurbilketa, argi uzteko orria itzultzen ari dela eta erakusteko bi aldeetan dagoela bakea lortzeko nahikeria.

Bakea lortzeko beharra azpimarratu duzu. Gobernuak entzun ote du mezu hori?

Uste dut entzun duela. Baina egia da lehenik Espainiako Estatuari dagokiola hainbat arazo konpondu eta elementu batzuk kontuan hartzea, behin betikoz bakea lortzeko Euskal Herrian. Ekonomikoki aberatsa da Euskal Herria, baita hizkuntza eta historiari dagokienez ere. Gudu horrek sobera iraun du; bake iraunkorra behar dugu, eta bide horretara doazen keinu guztiak sostengatu behar dira. Frantziari doakionez, uste dut lege proposamena ildo horretatik doala, eta horregatik dut suhartasun handiz defenditu.

Frantziako Gobernuak prozesuari begira zein jarrera duen galdetu zuen Jean-Jacques Lasserrre senatariak asteartean, Senatuan. ETAren aurka borrokan segituko dutela erantzun zion Frantziako Atzerri ministroaren Estatu idazkariak, prozesua aipatu gabe.

Egoera zein den kontutan harturik, ez da erantzun egokia. Gaur egun, gaia ez da terrorismoaren aurkako errepresioa, ez garelako gehiago horretan. Honako honi begiratu behar diogu: Frantziako Estatuak zer egin dezake prozesu hori ahalbidetzeko? Gaur egun, terrorismoaren aurka Espainiarekin eraman elkarlanak ez du tokirik. Hori anitz urtez egin izan dugu; orain, urrats bat aurrera egin eta begiratu behar dugu zer egin dezakegun Euskal Herriak behin betikoz bakea lortzeko.

Gandolfi-Scheitek egin lehen proposamena moldatu egin dute. Zer deritzozu bozkaturiko bertsioari?

Uste dut bozkaturiko bertsioa ez dela lehena bezain atsegingarria, ez duelako hurbiltzera behartzen, jatorrizko bertsioak zioen moduan. Ahal den neurrian presoen hurbilketari buruz joan behar dela dio, baina ez du automatikoki hurbilketa bat behartzen. Dena den, uste dut gobernuak mezua ulertu duela, eta gaur egun sineskor naiz, preso guztiak poliki-poliki haien bizitokiaz eta familiaz hurbilduko dira. Hurbiltzea humanoki ezinbestekoa dela uste dut, eta politikoki ere bai, bistan da, bake prozesua ahalbidetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.