Gabi Mouesca. Lepogogorra liburuaren bertsio gaurkotua argitaratu du Zortziko argitaletxeak, euskaraz, frantsesez eta espainolez. Lehengo asteartean aurkeztu zuten, Donostian, eta ondoren hartu zuen Mouescak (Baiona, 1961) BERRIA. IK Iparretarrak-eko kide ohi eta euskal preso ohiari buruzko liburua 2006an atera zen lehen aldiz, frantsesez. «Aski fite saldu zen», dio Mouescak, «baina argitaletxeak —Parisko handi batek— ez zuen berriro inprimatu; kontratuak ez zioen horrelakorik». Argitalpen berria urteak egon zen geldirik, eta Mouescak Angeluko (Lapurdi) argitaletxe batera jo zuen. Baiezkoa lortu, eta eduki berri bat sartuz atera dute. EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta EAren Alkartasuna fundazioak lagundu dute.
Zergatik atera duzu liburua berriro, eta bertsio gaurkotu gisa?
Gure herriko aldaketak agertu nahi izan nituen 2006an, lehen edizioan, eta, geroztik gauza gehiago gertatu denez, berritu egin dugu. Militante, gizon eta langile gisa mintzatzen naiz.
21 urte zenituela, IKn sartu zinen. Liburuan azaldu duzunez, agian zure izaera diskretuagatik erreparatu zuten zugan.
Hamazazpi urterekin sartu nintzen lantegian, eta sindikalista nintzen. Ene adinean gauza ederrak ziren borroka, anaitasuna izatea langileen artean... Nire identitatea nazionala —abertzale gisa— eta soziala —langile gisa— gurutzatu ziren. IK bazen 1973tik, eta haiek jakinen zuten bazela Baiona aldean langile abertzale eta sindikalista bat, aski izaera diskretua zuena, eta haientzat diskrezioa ere osagai interesgarria zela uste dut.
Zuk nola ikusten zenuen IK?
IK aitzin, Hego Euskal Herriko errealitateari ere begiratzen nion. Mende Berri elkarteak iheslariak laguntzen zituen. Sudurra sartu nuen mundu hartan, eta liburu batzuk pasatu nituen Iparraldetik Hegoaldera, baita alderantziz ere iheslarientzat poltsa handiak familiek emanak. ETA zen ene gazte denboran niretzat erreferentzia, eta orain argiki erraten ahal dut momentu hartan ETAk deitu izan banindu ETAn sartuko nintzatekeela. Baina IK-k deitu ninduen.
IKren kasuan, borroka armatuaren eta propaganda armatuaren artean bereizi behar zela diozu.
Gure borrokan frantses poliziak hil dira —gure kideak ere bai—, baina sekula ez genuen hautatu polizia bat edo beste bat hiltzea. Guk bagenekien polizia bat-edo hiltzen bagenuen, gure alde zen jende anitz aurka jarriko zirela. Bortizkeria hautatu genuen, baina arrunt mugatua: kalte materialak egin, lapurretak... Hori zen desberdintasun handia Hegoaldeko jarduera armatuarekiko. Nahiz eta gure borroka moldea horrelakoa izan, guk nahi genuena zen gure mezua entzunaraztea, Parisek ere entzun zezan. IK sortu arte, Iparraldean abertzaleek aitzinarazten zuten mezua, baina Parisek ez zuen entzuten edo ez zuen entzun nahi. Guk hori aldatu nahi genuen. Lortu zen. Baina erdietsi zen beste lanak ere egiten zirelako. Hau da, gure borroka armatua osagarria zen beste lanekiko; guztiok hartu behar genuen erantzukizuna irabazteko gakoa sorrarazteko. IK beste tresna bat zen.
Armak hartu zenituen, «errotik ez-bortitza» zarela aitortu arren. Kontraesantzat al duzu?
Ez. IK behar zela pentsatzen nuen, Parisi erakusteko Iparraldeak behar zituela gauzak aitzinatu. Politikoki hori pentsatzen nuenez,borroka armatuan hasteko engaiamendua hartu nuen; ez nintzen etxean geratu.
1986an kartzelatik ihes egitean IKn segitu zenuen.
IK-koa nintzen presondegian, eta handik kanpo ere hala segitu nuen. Kasik hiru urteko espetxealdiak ez zidan sobera minik edo eraginik egin.
Aldiz, 2001ean libre atera zinenean ez zenuen IKn segitu. «Gaitasunik» ez zenuela diozu.
Orduan ere berriro borroka armatuan sartu nahi nuen, baina ohartu nintzen gizon ahulduanintzela. Sartu nintzen Euskal Herrian, eta aski fite arrunt galdua sentitu nintzen. Sasia ez da erraza, eta 2001ean IKn segituz gero arriskutsua izan nintekeen.
1986an Iparretarrak bete-betean zebilen. 2001eko egoera desberdina al zen?
Mundua aldatua zen azkarki; nazioartean gauza garrantzitsuak gertatu ziren —2001ean bertan, New Yorkeko atentatuak-, eta borroka armatuaren zilegitasuna txikiagoa zen leku guztietan. Iparraldeko gaztediak ere aldaketak ukan zituen. Gauza anitz falta ziren borroka armatua segitzeko.
Ia 17 urte egin zenituen preso, 6.134 egun. Espetxeak «deuseztearen» alde zaude.
Euskal Herrian presondegirik ez denean izanen da gure herri hau libre. Gaur egungo sistemak behar ditu presondegiak. Gure sistema soziala eta ekonomikoa justua dela erakutsiko dugu kartzelarik ez dugunean, ez dugulako beharko. Nire nahi hori ez da bihar erdietsiko, baina ezkertiar eta iraultzaile modura izar hori behar dugu, horren bila joateko. Delituak baldin badaude, badira zigorrak betearazteko beste era batzuk. Badira adibideak Europako iparraldean, oraindik han ere presondegirik gabeko estaturik ez den arren.
Hamalau kartzelatan eduki zaitu Frantziak.
Preso egotea eta, gainera, urrun egotea arras gogorra da. Gure aitak, eritasun bategatik, ezin izan ninduen bisitatu; amak bai, anitzetan, baina hari ez nion sekula entzun gogorra zitzaiola egoera, zailtasun ekonomikoak-edo zituztela... Ez da gezurrik erraten, baina egia osoa ere ez, bestearen bizkar gainean pisu handiagoa ez jartzearren. Baina nire ama bisitetan beti ikusi nuen negarrez. Presondegiko aroaz zerbait oroitzen badut, hori da, gure ama negarrez. Ni askatu baino astebete lehenagoko bisitan ere ikusi nion malkorik bisaian. Azalpenetan ez zen gogortasunaz mintzatzen; malko haiek mintzo ziren horretaz.
Babes handia zenuen, 17.000gutun jaso baitzenituen.
Denetarik ziren idazten zidatenak: familiakoak, lagunak, politikoki sostengantzen gintuztenak, Euskal Herritik kanpokoak... Ene aldetik indarra egiten nuen arrapostu egiteko, hori baitzen kanpoarekiko lotura atxikitzeko aukera bat. Preso eta militante gisa saiatu behar duzu horretan. Hedabide batzuetan ere idazten nituen artikuluak noizbehinka. Nire xedea zen presondegien eta preso politikoen errealitatearen berri ematea.
IK-ko presoek ez dituzte urte asko-asko ere egin kartzelan, Filipe Bidartek eta zuk salbu. Zergatik?
IK-ko 51 lagun egon ginen preso, eta gehienak bost urtez azpitik egon ziren presondegian. Batez ere, Bidart eta biok egon gara urte luzez preso: hura hemeretzi urtez, ni hamazazpiz. Estatuaren helburua garbia zen: gurekin etsenplu bat azaldu nahi izan zuen. Iparraldeko gazteei erakutsi nahi zien gure bideari segitzen bazioten haien biziaren denbora luze-luze bat presondegian pasatu beharko zutela. Baina Frantziak ETAko Iparraldeko militanteak ere biziki gogor zigortu ditu, xede berarekin.
IKren zer balantze egiten duzu?
Georges Marchais Frantziako PCko militante historikoari ihardesten ziotenean zer bilan egiten zuen Sobietar Batasunari buru, hark irribarre batez erraten zuen: «Globalki, positiboa». Nik ere gauza bera diot IKren ibilbideaz, globalki positiboa izan zela. Bistan da IKren xedea ez zela borroka armatuaren bidez Paris belaunikatzea, hori ezinezkoa zelako. Gure nahia zen Iparraldea entzunaraztea Parisen ere; hemengo jendeak —bereziki, abertzaleek— galdegiten zutena Parisen entzutea, eta Iparraldea Euskal Herria dela eta badituela aldarrikapenak. 1973an sortu zen IK; orduan euskal kontzientziakasik hila zen; arrunt folklorikoa zen. Kontzientzia nazional bat eraikitzen lagundu zuen IK-k, beste jende eta elkarte batzuen lanarekin batera. Berpiztu egin dugu kontzientzia hori. Gaur egun, maila horretan bide onean gara. Oraindik gutxiengo bat gara, baina gero eta jende gehiago dabilborroka honetan.
Agiririk atera gabe isildu zen IK, 2000ko hamarkada hasieran. Zergatik?
Arrazoi anitz egonen zen gelditzeko. Pentsatzen dut jende gutxiago egonen zela militatzeko, nazioarteko egoera berriak zerikusia izanen zuela... Baina egia da ez zela argiki erran IK zergatik gelditu zen. Dena dela, IK borroka espiritu bat zen, izenaren gainetik espiritu bat, erresistentziarena. IK aitzin ere izan ziren borrokalariak Iparraldean, gure herria defenditzen zutenak, eta IK ondotik ere egon dira. Hala ere, iaz HNT Harrematarako Nazioarteko Taldeakin izan ginen, gure bilana egiteko.
Eta idatzi bat eman zenieten[liburuan dakarki Mouescak]. IKren bukaera ofizialtzat al duzu HNTrekin egindako bilera?
Bukaerako puntutzat jo ahal da. IKren bilanaz idatzi bat prestatu genuen, eta azaldu eta eman genien. Han diogu zergatik sortu zen IK, zer egin genuen, nola, eta gaurko egoera zein den. Han diogu lotuak garela Aieteko Konferentziako adierazpenari, eta atxikiak garela militante gisa Iparraldearen aldeko borrokari. IKren ustez, Iparraldearentzat autonomia estatutu bat behar dugu, lehen etapa gisa. Euskararen ofizializazioa ere behar dugu ukan, eta amnistia, dena ontsa bukatzeko. Erran ahal da IK-k bilkura horretan eman zuela bere historiaren bukaera.
Zure ustez ere, «emantzipazio prozesu baterako» ez da indarkeriaren beharrik gaur egun.
Pentsatzen dugu gaur egun herriak baduela egiazko indarra gauzak bultzatzeko eta askapen dinamika aitzinatzeko. Gaur egun, egiazko indarra ez da armena,herriarena baino. ETAk ere Aiete ondotik zioen borroka armatua bukatua dela eta euskaldun bakoitzak baduela aski indar aitzinera joateko.
IKn ibilitako jende bat Iparraldeko eremuetan lanean dabil.Aurre-aurrean batzuk.
Bai, eta inoiz kontatu gabekoa erranen dut, ene ametsa delako: IKn gaztetan aritu zen jendeak erran behar luke han ibili zela. Izan ere, bada jende bat aski preziatua dena Iparraldean, inportantea eta onartua dena politikan, kulturan, ekonomia eta beste eremu batzuetan lehen IKren lerroetan ibili zena, eta garrantzitsua litzateke haiek erratea geroztik beste engaiamendu bati lotu direla. Nik uste horrelako aitortza bat egitea posible dela Iparraldean egun, horrek ez duelako ezerekin eginen talka. Erakutsi behar dugu borroka armatua izan zela denbora batez jende anitzen engaiamendua, ez bakarrik gazte idealista batzuena; gaur egun jende serio modura hartua denak ere borroka armatuan parte hartu zuela erratea inportantea da.
IK amaitzean sortu zen Batera plataforma, eskakizun jakinbatzuekin, eta ari dira emaitzak iristen.
Baina Batera aitzin ere egon ziren beste mugimendu batzuk —Enbata, IK bera...—, eta Batera-rekin bazen segida bat, beraz. Beti egon da borrokaren espiritu bat. Urteekin indar metaketa bat lortu da; kontzientzia kolektibo bat erein da. Ez da erran behar metodo batzuek besteek baino arrazoi handiagoa ukan dutela. Historia umiltasunarekin begiratu behar da.
Ipar Euskal Herria erresistentzia fasetik eraikitze fasera pasatzen ari al da?
Bai. Errate baterako, hirigune elkargoaren sortze fasean sartu gara. Batzuek erranen dute ez dela aski. Abiapuntu bat da, abiapuntu zehatz bat. Eta guk eginen duguna izanen da hirigune elkargoa. Tresna bat da. Horren indarra gu gara, gure eskuetan da.
Bilboko gaur zortziko manifestazioaren deitzaileetakoa izan zinen, beste 1.600 preso eta iheslari ohi pasarekin batera. Nola dago presoen-eta auzia?
Erraten denean euskal presoek legedia erabiliko dutela —EPPK-k berak ere erran zuen 2013ko agirian—, hori da preso batzuk askatzeko ahal bezain fite. Baina badakigu beste preso batzuentzat zailagoa izanen dela azkar gelditzea aske, zigor luzeagoak dituztelako; haientzat justizia trantsizionala beharko da ezarri, beste bake prozesuetan gertatu bezala. Azkenean denak askatu nahi ditugu, bururaino. Beraz, legedia beteko da, marra gorri gisa damua eta salaketa ezarrita. Hortik kanpo, dena irekia da. Kolektiboak erabakiko du noiz egin urratsak.
Espainia ez bada mugitzen, Frantzia mugituko ote?
Ipar Euskal Herrian duela hiru bat urtetik jende anitz biltzen ari gara afera honetan ere. 2014ko udazkenean, kasurako, sentsibilitate denetako eragileek izenpetu zuten Baionako adierazpena. Frantzian ere ari gara lanean, eta ohartzen gara jende anitz dela lotua eskubideen errespetuari. Christiane Taubira zela Justizia ministroa, haren taldearekin egin ziren harreman batzuk, eta iaz Parisen Nazioarteko Konferentzia bat egin genuen. Indar metaketa dugu irabazteko bidea. Nik neuk uste dut Frantziak lehenago edo berantago helduko diola duintasunaren bideari. Orain arte joko ilun eta itsusi bat ukan du, erranez presoen auzia espainiarren arazoa dela, baina badut itxaropena hortik urrunduko dela pixkanaka.
Presoen auzia azkartzeko aktibazio soziala lortzeko gogorik edo borondaterik ikusten al duzu Euskal Herrian, batez ere Hegoaldean?
EPPK-k dio herriaren beharra duela eta herriaren indarrarekin gauzak aitzinatuko direla presoen egoeraren inguruan. Bistan da Euskal Herriaren potentzialitate guztia ez dela oraindik askatu; denak ados dira horretan. Ezker abertzalearen Abian prozesuan gauzak argiki dira erranak, eta pentsatzen dut deliberatua izanen dela aktibazio sozial hori nola egin, norekin egin, noraino... Badugu indar anitz, eta datozen hilabeteetan behar dugu hori askatu.
Gabi Mouesca. Iparretarrak erakundeko kide ohia eta euskal preso ohia
«Gaur egun, herriak badu egiazko indarra askapen dinamika aitzinatzeko»
Iparretarrak erakunde armatuko kiderik ezagunenetakoa izan zen Gabi Mouesca. Gazte zela heldu zion borrokari, eta ia hamazazpi urte pasatu zituen kartzelan. Haren liburu gaurkotu bat atera dute; haren eta IKren ibilbidearen berri dakar nagusiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu