Gaur Donostian ahotsa ozenduko dute berriro euskararen aurkako sententzien kontra

Eguerdian, udaleko langileek antolatutako protesta egingo dute, ELA eta LAB sindikatuek deituta; arratsaldean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagerak antolatutakoa egingo dute, 18:30ean.

Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko otsailaren 12a
05:00
Entzun

Euskararen biziberritzea helburu duten araubideen kontrako ebazpen judizialen soka luzeak beste korapilo bat du lehengo astetik: jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman diola Donostiako udaltzainen euskara eskakizunen auziarekin lotuta Donostiako Udalak jarria zuen helegite bat tramitatzeari. Euskarazko B2 eskakizuna zuten bi udaltzain lanpostu baliogabetu zituzten epaileek iaz, euskara eskatzea «diskriminatzailea» izan zitekeela ebatzita. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du ez duela ikusten epai horren kontrako helegiterako «interes objektiborik»; beraz, bide judiziala bukatutzat eman behar da, eta epaia irmoa izango da.

Kontra egite aldera, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat aldarria berriz ozentzeko protestak antolatuta daude gaur Donostian. 12:00etan, Donostiako Udaleko langile batzordeak antolatutako elkarretaratzea egingo dute, eta ELAk eta LABek deitu dute propio protestara. Arratsaldean, 18:30ean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteek deituta egingo dute protesta. Biak egingo dituzte Alderdi Ederren.

Protestarako deia lehengo astean egin zuen Kontseiluak. Kalera irteteko motibo sendoak daudela uste du: «Larritasunez bizi dugu azken erabaki hau; izan ere, kontuan izanik udaltzainek herritarrarekin harreman zuzena dutela eta haien segurtasunari lotutako lanpostuak direla horiek, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake».

LABek ere atera du ohar bat protestarako deia egiteko. «Euskaraz bizitzea eta lan egitea ezinezkoa bihurtu nahi dute Donostian», ohartarazi du. «Donostiako Udalean udaltzaina izateko euskara jakin beharrik ez dagoela adieraztea euskal komunitatearen aurkako erasoa da».

Donostian 400 udaltzain daudela zehaztu du LABek oharrean. Haien hizkuntza gaitasuna guztiz aintzat hartu beharreko aldagaia dela gogoratu du. «Guztiek herritarrekin harreman zuzenean lan egiten dute». Donostiako Udalak urteotan euskararen normalizazioan egin dituen aurrerabideak aintzat hartu behar direla uste du sindikatuak, eta orain epaitegietan hartzen ari diren erabakiak «inboluzioa» direla bide horretan: «Duela oso gutxi arte legezkoa zena baztertzailea bihurtu dute». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.