Luhusoko (Lapurdi) bost atxilotuak goizeko zortzietan eraman zituzten atzo polizia etxetik Miarritzeko aireportura, eta, hortik, Parisera. Gaur deklaratu dezakete epailearen aurrean Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzaileak, Beatrice Molle-Haran kazetariak, Mixel Berhokoirigoin laborariak, Mixel Bergouignan enpresariak eta Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogileak. Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidentea ere atxilotu zituzten etxean egotekoa zen. Iritsi ez zenez, ez dute atxilotu, baina hark ere deklaratu beharko du. Leporatzen diete talde armatuarekin harremana izatea eta armen frogak deuseztatu nahi izatea. Aldiz, bertsio ofizialaren aurka hasieratik azaldu dira gizarte eragileak. Bakearen artisauak izendatu dituzte. Colette Capdeville diputatu sozialistak nabarmendu du «atxilotuek bakearen alde eginiko lana».
Atzo, 19:00etan, bilkura bat izan zuten hainbat eragile politiko, sozial eta hautetsik, aurrerantzean eman beharreko pausoak zehazteko. Bake Bidea mugimenduko Anaiz Funosas Info7 irratian mintzatu zen; haren esanetan, «mugarri baten aitzinean gaude». Horregatik, aurrera begirako jarduna gehiengo baten artean zehaztu nahi dute: «Bilkuraren helburua zen elkarrekin aztertzea zergatik gauden etapa berri batean, eta zergatik etapa horrek ireki ditzakeen bide berriak».
Baionako mobilizazioaren ondotik —4000 lagun inguru elkartu ziren—, beste deialdi batzuk ere izan dira. Atzo bertan, Luhuson eta Donibane Lohizunen ehunka herritar elkartu ziren, 19:00etan, operazio poliziala salatu eta «bakearen artisauei» elkartasuna adierazteko. Igande goizean ere, Donibane Garazin batu ziren dozenaka lagun aldarri beraren pean, atxilotuak askatzea galdegiteko.
Akitania eskualdeko osoko bilkuran, berriz, zazpi hautetsik irakurri zuten atzo atxilotuen aldeko ohar bat, eta Alain Rousset Akitaniako Kontseiluko presidenteak ere bat egin zuen. Hark hartu du ardura deklarazio ofizial hori Frantziako lehen ministroari eta Justizia ministroari igortzeko. Andde Sainte-Marie, Mathieu Berge, Alice Leiziaguezahar, Emilie Dutoya, Michel Veunac, Frederic Espagnac eta Sandrine Dervillek sinatu dute adierazpena.
Elkartasuna, mugarik gabe
Bitartean, elkartasun mezuek ez dute etenik, eta asko dira Frantziako eta Espainiako gobernuek emandako hasierako bertsioa gezurtatu dutenak. Izan ere, ETAren aurkako kolpe gisa aurkeztu zuten polizia operazioa bi herrialde horietako Barne ministerioek eta zenbait kazetak. Bost atxiloketek utzitako frogek beste panorama bat azalarazi dute.
Atxilotuek, gizarte zibileko kide gisa, beren prestasuna agertu zuten ETAren armagabetze prozesua aurrera eramaten laguntzeko. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gainbegiratu behar zuen prozesua, eta armak suntsitzen zituztela berretsi. Horren erakusle da atxilotuetako hiruren eta ETAren arteko korrespondentzia. Gutun horietan irakur daiteke ETAren armagabetzeko borondatea, eta atxilotu dituztenena, bide horretan laguntzeko.
Sarean zabaldu dira anitz atxilotuen aldeko elkartasun mezuak, baita haiek abiarazitako prozesuaren sostengua ere. Txetx Etxeberriren abokatu Jean François Blancok ere txioetan helarazi du Etxeberriren beraren esker mezua: «Txetx bakearen eta desarmatzearen militanteak guztiei eskertzen dizue zuen elkartasuna».
Gaur deklaratuko dute epailearen aurrean Luhusoko bost atxilotuek
ETArekin harremanak izatea eta armetako frogak ezabatu nahi izatea leporatzen diete. Hainbat eragilek eta hautetsik bilera bat egin dute, aurrera egiteko eman beharreko pausoak zehazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu