Gaur, Segurtasun Sailak Ernaiko 133 kideri jarritako 2.500 eurorainoko isunak aztertzen hasiko dira auzitegiak. Bilbon eta Gasteizen identifikatutako bi gazteren kasuek zabalduko dute prozesua. Banan-banan eztabaidatuko dute isunen inguruan, eta, Ernairen kalkuluen arabera, hurrengo urtera arte itxaron beharko da ebazpen guztien berri izateko. Ia 300.000 euro daude jokoan.
Iazko irailaren 22an hasi zen dena. Galder Barbado eta Aitor Zelaia espetxeratzearen aurkako protestak egin ziren Bilbon eta Gasteizen. Bizkaiko hiriburuan, eserialdia egin zuten Espainiako Gobernuaren egoitzaren aurrean, eta trafikoa eten zuten lau orduz; Gasteizen, berriz, Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoaren atarian mobilizatu ziren.
Ikusi gehiago
Egun hartan, Segurtasun Sailak jakinarazi zuen hiru lagun atxilotu zituela, ehun baino gehiago identifikatu zituela eta zigorrak eskatu zituela. Aurtengo maiatzean heldu zitzaizkien identifikatutako 133 gazteri 1.500 euro eta 2.500 euro arteko isunak. Orotara, 298.000 euro.
Alegazioak banaka aurkeztu zituzten, ekainean. Argudiatu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mozal legearen «interpretazio oso zigortzailea» egin duela, eta helegiteen bitartez frogatuko dutela iazko irailean egindako protestak «mobilizatzeko eskubidearen barruan egindako ekinaldi baketsuak» izan zirela. Ernaiko kideen ustez, «argi dago» Jaurlaritzak «modu erabat neurrigabean eta arbitrarioan» jokatu duela. Isunak «ezohikoak eta gehiegizkoak» direla iritzi diote.
Epaitegiek lehen bi alegazioak aztertuko dituzte gaur.