Lindano kutsadura ez da gaur goizeko kontua. 1950eko hamarkadan hasi zen ekoizten Bizkaiko ezkerraldean, eta, 1966tik aurrera, abiada handia hartu zuen Nexana Industria Quimica (Erandio, Bizkaia) eta Bilbao Chemicals (Barakaldo, Bizkaia) lantegietan. Pestizida moduan erabiltzen zen, baina arazo handi bat zuen: ekoizten zen kilo bakoitzeko, bederatzi kilo hondakin toxiko sortzen zituen. Modu horretan, 1960ko hamarkadatik hona, milaka tona hondakin barreiatu zituzten han-hemenka, gehienetan modu irregular batean. Nabarmenago Barakaldo inguruan, baina baita Bizkaiko eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere.
Lindanoaren ekoizpena 1986an debekatu zuten Euskal Herrian, baina 1995era arte Jaurlaritzak ez zuen plan bat aurkeztu haren hondakinen (HCHa) tratamendu orokor bat planteatzeko. Horretan, Barakaldoko enpresak gordeta zituen 5.000 tona HCH erraustu eta 600.000 tona lur kutsatu kudeatzeko modua planifikatu zuen, segurtasun handiko bi plantatan. Hala, 1990eko hamarkadan bi segurtasun biltegi jarri zituzten martxan Bizkaian. Argalario mendian (Barakaldon) 415.000 metro koadro lur dauzkate gordeta, eta Loiuko aireportuan, 110.000 tona. Alabaina, horiek hondakinen zati bat besterik ez dira. Oraindik ere milaka metro koadro lur daude kutsatuta, eta, aldiro-aldiro, arazoak azaleratzen dira. Esate baterako, Barakaldoko Oiola urtegian (Trapaga) HCH kutsadura kasu larri bat topatu zuten 2008an, eta bertako ur kontsumoa eten behar izan zuten. 100.000 lagunek (Barakaldoko biztanleek) edaten dute urtegi horretako ura. Geroztik, hainbat aldiz ireki eta berriz itxi behar izan dute hango ur kontsumoa, eta jarraipen mahai bat daukate erakundeek eta ekologistek. Kutsaduraren arduradun nagusi izan ziren enpresek (Alemaniako Boehringer eta AEBetako Merck) akordio bat egin zuten 1990eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzarekin (EAJ eta PSE-EE koalizioan gobernatzen ari ziren), eta utzitako hondakinen tratamendurako euren ekarpena zehaztu zuten. Zenbait iturriren arabera, lau milioi euro inguru eman zituzten enpresek, baina aipatutako azpiegiturak egiteko, esaterako, 60 milioi euro inguru behar izan zituen administrazioak, eta oraindik milaka euro beharko dira kutsatutako guneak kudeatzeko. Ihobe ingurumen agentzia arduratu da kutsadurari aurre egiteko lan horietaz.
Ingurumenean kalte larriak sortzeaz gain, gizakien osasunean ere eragin handia dauka HCHak. Besteak beste, 2015ean minbizi eragiletzat jo zuen, ofizialki, Osasunerako Mundu Erakundeak.
Lindano kutsadura Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Gaur arte dirauen iraganeko ondare toxikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu