Gaur amaituko da epea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako posta bidezko botoa eskatzeko. Aukera horren alde egiten duten hautesleek uztailaren 20ra arteko epea dute botoa edozein posta bulegotan uzteko.
Posta bidezko boto eskaera mordoa jasotzen ari dira egunotan Correoseko bulegoetan, uztailaren 23ko bozak askoren opor garaian egingo direlako. Ondorioz, Correosek langile gehiago kontratatu behar izan ditu. Hego Euskal Herrian 1.584 langile kontratu ditu plantilla indartzeko. Lurraldeka, 637 pertsona kontratatu dituzte Bizkaian, 359 Gipuzkoan, 238 Araban eta 350 Nafarroan. Gainera, gaurtik aurrera, luzatu egingo dira arretarako ordutegiak. Horrela, astelehenetik ostiralera, Correoseko bulegoak zabalik egongo dira 08:00etatik 22:00etara eta larunbatetan ere irekiko dituzte, 09:00etatik 14:00etara.
Correosek jakinarazi duenez, posta bidezko botoa marka guztiak hausten ari da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, atzo arte 198.207 eskabide aurkeztu ziren. Kontuan hartuta oraindik gaur arteko epea dagoela eta hiru lurraldeetako hautesle erroldako bulegoetan egunero batez beste 5.000 eskaera iristen ari direla, hiru lurraldeetan aise gaindituko dira 200.000 eskaerak. Hiru lurraldeen artean, Bizkaian eskatu dituzte posta bidezko boto gehien. Errolda horretako %13,1ek egin dute aukera horren alde. Orain arte, 117.641 eskaera egin dira, hau da, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako datua halako lau. Zehazki, posta bidezko botoak % 405 egin du gora Bizkaian. Araban 28.404 eskaera jaso dira, erroldaren % 11,3, 2019ko apirileko hauteskundeetako % 14tik urrun–San Prudentzioko zubian izan ziren bozak–. Eta Gipuzkoan jada 52.162 hauteslek eman dute posta bidezko botoa, hau da, hautesle erroldako % 9,4k.
Behin posta bidezko botoa eskatuta, uztailaren 16ra bitarte gutun azalak bidaliko ditu Correosek informazio eta boto paper guztiekin, botoa eman ahal izateko.
Irregulartasunen mamua
Udal eta foru hauteskundeetan posta bidezko botoarekin ustez izandako zenbait irregulartasunak saiheste aldera, Espainiako Hauteskunde Batzordeak erabaki du boto emaileak berak eman behar duela botoa posta bulegoetan. Horretarako, nahitaez identifikatu behar da nortasun agiriarekin, pasaportearekin, gidabaimenarekin, bizileku txartelarekin edo identifikatzeko balio duen beste edozein dokumenturekin. Behin botoa emanda, hauteskunde egunean ezingo da hauteskunde mahaian bozkatu.
Bestalde, atzo Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaiak Corrreoseko langileei mintzatu zitzaien, zera eskatzeko: posta bidez emandako botoak «goizez, arratsaldez eta gauez» entregatzeko, «euren nagusiek esaten dutena esaten dutela ere». Posta bidezko botoen inguruko irregulartasunen mamua hauspotu izanak hautsak harrotu ditu. Correosek agiri bat kaleratu zuen atzo Feijoori erantzuteko. Adierazi zuen bere burua «erakunde eta zerbitzu publikoak ahuldu nahi dituzten eztabaidetatik kanpo» mantendu nahi duela, eta bere langile guztien «profesionaltasuna» babesten duela.
Era berean, Espainian posta bidez bozkatzeko prozesua «segurua» eta «bermeduna» dela azpimarratu zuen, eta gogoratu Hauteskunde Batzordea «erakunde independentea» dela eta bera arduratzen dela prozesu guztia ikuskatzeaz eta herritarrentzako berme guztiekin egiten dela ziurtatzeaz. Halaber, argi utzi zuen aparteko orduak ordaintzeko beharrezkoak diren aurrekontu sailak dituela, eta nominan ordainduko zaizkiela langileei.