Eibarren (Gipuzkoa) aldarrikatu zuten lehenengoz Espainiako II. Errepublika, 1931ko apirilaren 14an, gaurko egunez duela 90 urte. Bi egun lehenago egin zituzten udal hauteskundeak monarkiko eta errepublikazaleen arteko plebiszitu bihurtu ziren, eta bigarrenek irabazi zuten estatuan. Bizkaian eta Gipuzkoan, ere bai; Araban eta Nafarroan, ez. Eibarren, 05:00etan osoko bilkura berezi bat egin zuten bozetan aukeratutako zinegotzi errepublikazaleek —udalbatzako hemeretzietatik hemezortzik—, eta errepublika aldarrikatzea erabaki zuten.
Alfontso XIII.a Espainiako erregea boteretik egotzi zuten, eta erbestera jo zuen. Errepublikak erreforma garrantzitsuak abiarazi zituen armada eta eliza katolikoaren estatus pribilegiatua, hezkuntza sistema, lan mundua, nekazaritza eta antolaketa politikoa iraultzeko asmoz. Onartu zuen konstituzio berriak, esaterako, bidea ireki zien autonomia estatutuei.
Aldaketa hori, ordea, lehenago bultzatu zuten. Donostian, 1930eko abuztuaren 17an, alderdi errepublikazale eta alderdi katalan gehienak elkartu ziren, Garibai kalean, Union Republicanaren egoitzan. Gero Londres hotelean aditzera eman zuten errepublika ezarri arteko atsedenik ez zutela izango. Beste helburu bat ere adostu zuen Donostiako Hitzarmenak: errepublika hori ezarritakoan, autonomia estatutu bat izango zuen Kataluniak.
Han ziren Partido Republicano Radical, Accion Republicana, Partido Republicano Radical Socialista, Derecha Liberal Republicana, Accion Catalana, Accio Republicana de Cataluña, Estat Catala eta Organizacion Republicana Gallega Autonoma alderdietako kideak; tartean, Manuel Azaña eta Alejandro Lerroux, besteak beste. Baita Indalecio Prieto sozialista, Felipe Sanchez Roman legelaria, Fernando de los Rios sozialista eta Eduardo Ortega y Gasset abokatua ere —Jose Ortega y Gasset filosofoaren anaia—, baina ez inoren ordezkari gisa.
Bilera haren ostean dokumentu ofizialik atera ez zuten arren, oihartzun handia izan zuen. Prietok hartutako ohar batzuk argitaratu zituen prentsak: orduko erregimenari elkarrekin eta «adorez» aurre egiteko konpromisoa nabarmendu zuen nagusiki; eta «Kataluniari dagokion arazoaren» irtenbidea ere azaldu zuen. «Onartu zuten Kataluniak modu askean idatzitako estatutu bat aurkeztea Gorte Konstituziogileetan haren herrialde bizitza eta Espainiako Estatuarekiko lotura arau dezan», eta akordio hori zabaldu zuten «bizitza autonomoaren beharra sentitzen duten gainontzeko eskualdeentzat» ere. Garai hartako kroniken arabera, Kataluniako estatutuaren gaia lehia bizikoa izan zen, eta alderdi katalanen ordezkariek irmo defendatu zuten herrialdea aitortzearen beharra.
EAJ, kanpoan
EAJ ez zen egon Donostiako Hitzarmenean, errepublikanoen laikotasunari errezeloa ziotelako. «Akatsa izan zen», Manuel Irujo jeltzaleak gerora onartuko zuenez. Akatsa, gero ikusi zutenez, katalanek estatutua lortu zutelako 1932ko irailean, errepublika aldarrikatu eta urtebetera. Eta euskal herritarrek, ez: 1936ko urrian, gerra hasi eta gero, sortu zen Eusko Jaurlaritza. «Parte hartu izan bagenu, euskal estatutua, Nafarroakoa barne, katalanarekin batera onartuko zen», adierazi izan zuen gerora Irujok. Eztabaida luzea izan zen aurretik, eta Prietok «Gibraltar vatikanista» ezizena jarri zion estatututik aterako litzatekeen Euskal Herriaren zatiari, ika-mikaren erdian.
Azkenean, PSOEk eta UGTk ere bat egin zuten Donostiako Hitzarmenarekin 1930eko urrian, Madrilen. Itun haren inguruko batasunak ekarri zuen 1931ko udal hauteskundeak plebiszitu bihurtzea. Orduan sortu zutena 1936ko gerrarekin bukatu zen, Espainiako militar faxistek Espainiako II. Errepublikaren aurka egindako altxamenduarekin.
Agirre, Nafarroatik
1931ko hauteskundeetan, Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakaria izango zena, Getxoko (Bizkaia) alkate hautatu zuten. Ekainaren 28an, errepublika garaian, Gorte Konstituziogileetan diputatu izateko aukeratu zuten, bi zerrendatan; izan ere, bi zerrendaren buruan joan zen: EAJrenean Bizkaian, eta EAJk karlistekin eta monarkikoekin egin zuen koalizio antierrepublikanoan Nafarroan. Bietako bat aukeratu behar, eta Nafarroakoari heldu zion.
Nafarroako jeltzaleek Euzkadi Buru Batzarrari eskatu zioten Manuel Aranzadi abokatu nafarrak har zezala Agirreren lekua Bizkaiko zerrendan, trukean. Horren ordez, baina, Bizkaiko zerrendako bigarrena, Manu Robles-Arangiz jarri zuten buruan. «Horrek min handia egin zigun; niri min handia egin zidan, eta bolada bat igaro nuen haserre, mitinetara joan gabe», kontatu zion Irujok Iñaki Anasagastiri Hermes aldizkarian eginiko elkarrizketa batean.
Aranzadi diputatua izandakoa zen, errepublikako gobernuko kideekin batera, oposizioan, eta Nafarroako jeltzale askok ez zuten begi onez ikusi errepublika sortu berritan hari bizkarra eman eta kristau antierrepublikanoekin lerratzeko erabakia.
Errepublikaren garaia errepublikanismotik aparte abiatu zen EAJ: ez zuen parte hartu Donostiako Hitzarmenean, eta bozetara koalizio antierrepublikano batean aurkeztu zen Nafarroan. Hala ere, itun hark irekitako bidetik lortu zuen estatutua Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat, 1936an. Eta, gerra hasia zela, EAJ errepublikako gobernuaren barruan zen: izan ere, Irujo ministro izendatu zuten. Sailik gabekoa Francisco Largo Caballeroren agintaldian, eta Justizia ministroa Juan Negrinenean, 1937ko abendura arte.