2003ko otsailaren 20a. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduari men eginez, Guardia Zibila Martin Ugalde kultur parkera iritsi zen, eta Euskaldunon Egunkaria itxi zuen. Duela 22 urte izan zen hori. 22 urte dira, egunkaria ixtearekin batera, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila atxilotu zituztela. Haien delitua: euskarazko egunkari bat sortzeko eta hura aurrera ateratzeko lan egitea.
Itxiera eta atxiloketak, ordea, hasiera besterik ez ziren izan. BERRIAk duela urtebete galdetu zien irakurleei ea zer oroitzen duten garai hartaz, eta gehien ageri diren hitzak errealitate haren erakusgarri dira: atxiloketak, mobilizazioak, torturak... Pairatutako horren guztiaren adierazgarri izan ziren Martxelo Otamendi zuzendariak aske geratu berritan esandakoak: «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte. Joan Mari Torrealdai, euskal kulturaren ikur bat, jipoitu egin dute; niri poltsa jarri didate buruan...».
Ikusi gehiago
Egoera hark ezer onik ekarri bazuen, mobilizazioak ekarri zituen. Nagusia, otsailaren 22koa. Milaka euskal herritarrek Donostiako kaleak bete zituzten, Egunkaria aurrera. Bai euskarari lelopean. Eta langileek emandako erantzuna. Izan ere, Egunkaria itxi bazuten ere, Euskal Herriak euskarazko egunkari bat izan du geroztik ere. Egunero argitaratu zuten biharamunean: Itxia, baina ez isildua, zioen lerroburu nagusiak. Eta hilabete batzuk geroago, herri ekimenari esker, BERRIA iritsi zen Euskal Herriko kioskoetara. 2003ko ekainaren 21ean izan zen hori.
Gerora egin ziren auziari lotutako epaiketak. Lehena Torrealdairen, Uriaren, Auzmendiren, Otamendiren eta Oleagaren aurkakoa izan zen, eta 2010eko apirilean itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, auzipetu guztiak absolbituta. Ebazpen hartan, gainera, adierazi zuten Egunkaria ixteko erabakiak ez zuela Espainiako Konstituzioaren babesik, eta, tortura salaketak zirela medio, salatu zuten inkomunikazio aldian kontrol judiziala falta izan zela. 2014ko ekainean, berriz, Donostiako Zigor Auzitegiak erabaki zuen auzi ekonomikoa artxibatzea; fiskaltzak helegitea jarri bazuen ere, urrian Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berretsi egin zuen erabakia.
Kronologia
- 2003ko otsailaren 20a.Euskaldunon Egunkaria itxi, eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.
- 2003ko urriaren 16a. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
- 2003ko urriaren 20a. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten.
- 2003ko urriaren 21a. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik jarri beharrik gabe askatu zituzten. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta.
- 2007ko martxoaren 29a. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu, eta deklaratzera deitu zituzten.
2007ko azaroaren 28a. Epaiketa egitea erabaki zuen Del Olmok, prozedura laburtuaren bidez.
- 2009ko maiatzaren 13a. Torrealdairi, Uriari eta Auzmendiri deklarazioa hartu ondoren, Eloy Velasco epaileak erabaki zuen auziarekin aurrera egitea.
2009ko abenduaren 15a. Egunkaria-ko auzi nagusiko epaiketa hasi zen Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.
2009ko abenduaren 19a. Egunkaria auziaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Bilbon.
2010eko apirilaren 12a. Auzi nagusiko epaia: Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, ebatzita ez zegoela haien kontrako frogarik.
2010eko maiatzaren 5a. Jose Maria Vazquez Honrubia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak esan zuen Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela auzi ekonomikoaren epaiketa. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian ez zegoela «delitu terroristen» zantzurik, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, hau da, «ohiko delitu bat».
2011ko abenduaren 26a. Dignidad y Justicia elkartea auzi ekonomikotik kanpo utzi zuten.
2012ko urriaren 16a. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia kondenatu zuen, Otamendiren tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik.
2014ko apirilaren 7a. Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostiako Zigor Auzitegian. Zortzi auzipetuen defentsek eskatu zuten auzia artxibatzeko, argudiatuta ustezko delituak preskribatuta zeudela. Fiskaltzak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu.
2014ko ekainaren 4a. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak jakinarazi zuen auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuela. Fiskaltzak bost eguneko epea zuen erreforma helegitea edo apelazioa aurkezteko.
2014ko ekainaren 17a. Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ixtearen aurka.
2014ko urriaren 14a. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak itxi egin zuen auzi ekonomikoa.