Taka-taka, taka-taka... Helikoptero baten helize hotsek urratu dute gaur goizean Errezilgo (Gipuzkoa) isiltasuna. Atzo, herriko Hernio mendiaren magalean sua piztu zen 19:30 aldera. Bi foku izan ziren, eta, herritarren artean kezka eragin bazuten ere, ez da aparteko kalterik izan azkenean; hogei hektarea erre dira, dena otea-eta.
Ikusi gehiago
Zelatunen, Hernioren magalean, biharamunean oraindik nabari da sutearen ajea. Goizean, basozainen bi-hiru kotxe daude, baita Ertzaintzaren beste bat ere, eta agerikoa da erre usaina. Hernio aldera pauso batzuk ematea nahikoa da aztarnak ikusteko: berehala ageri da ote sail bat erreta; aurrerago, beste bat, dezente handiagoa.
9:30ean, ez da inor ageri Zelatunen bueltan, mendizaleren bat-edo bakarrik; haize zakarrak ere ez du askorik laguntzen. Baina, betiko legez, Maria Jesus Etxeberriak borda ireki du. Sua piztu zenean, ez ziren bertan, baserrian zeuden: «Nire gizonak esan zuen estreinako: 'Hernion ea sua den'. Argi bat bezala ematen zuen, gutxi-gutxi ikusten zen». Berehala jabetu ziren sua zela, bai: «Gero, baserritar batek hots egin zidan, Hernion sua zela esanez, eta, harekin telefonotik hitz egiten ari nintzela, beste bat ere piztu zutela ikusten zen».
Orduan, bordara igotzea pentsatu zuten, sua itzaltzeko lanean ari zirenei jan-edana ematera-eta, baina ertzainek ez zieten laga: «Esan ziguten goian zela, suhiltzaileek-eta gora joan behar zutela, eta ez ziguten pasatzen utzi; orduan, etxera joan ginen». Etxera joan bai, baina burua Zelatunen zutela igaro zuten gaua: «Gauean ere bi aldiz-edo begiratu dugu ea zer zegoen, eta guregandik dezente urruti ematen zuen». Kezka eragiten zieten sugarrek: «Haize handi samarra zebilen, eta kezka pixka bat ematen dizu. Ez duzu jakiten suak norantz joko duen, eta ordu txarra zen; gauean beldur handia ematen du suak».
«Haize handi samarra zebilen, eta kezka pixka bat ematen dizu. Ez duzu jakiten suak norantz joko duen, eta ordu txarra zen; gauean beldur handia ematen du suak»
MARIA JESUS ETXEBERRIA Zelatungo Antonioren bordako nagusia
Gaur, eguna argitzearekin batera, hobeto ikusi dute panorama: «Zikina erre izango da. Badaude pare bat txabola han, baina ez da ailegatu izango, ez dut aditu behintzat. Mendia zikina dago, otea dago, eta horixe». Deiak ere jaso dituzte, galdezka: «Hiru-lau baserritarrek hots egin ziguten, galdetzeko ea enteratuta geunden sua zegoela. Gaur goizean beste batzuek hots egin digute ea txabolak-eta ondo al dauden galdetzeko».
Inguruan bizi da Elaia Azpillaga herritarra: «Hortxe bizi naiz, beheraxeago». Atzo, kalean zegoela jabetu zen suteaz: «Tabernako terrazan geunden, eta auzoko lagun batek esan zidan: 'Begira ezazu Hernio azpira. Sua dago'». Terrazatik atera, eta foku «txiki» bat ikusi zuten, baina aurrerago joanda, konturatu ziren ondoan «sute handi xamar bat» ere bazegoela: «Ikusten zen linterna bat aurrera eta atzera zebilela ere, eta, horrekin batera, sua handitu egin zen».
Taberna ondotik ezin ondo ikusi, eta plazara igotzea pentsatu zuten: «Ordurako jende pila zegoen bertan. 19:30 aldera, gurekin zegoen lagun batek hots egin zien suhiltzaileei, eta 20:00ak eta pikora arte ez ziren agertu; berriz hots egin genien badaezpada». Azpillagak azaldu duenez, surik txikiena ordubete edo ordu eta erdian «menderatuta» zegoen; bestea, berriz, egunsentira arte egon da piztuta.
«Hasieran, larritasun handiagoa neukan; gero, ohera joaterako, ikusten zen arrisku handirik ez zegoela»
ELAIA AZPILLAGAErrezildarra
Bitartean, kezka eragin zioten sugarrek: «Hasieran, larritasun handiagoa neukan; gero, ohera joaterako, ikusten zen arrisku handirik ez zegoela; bi foku handi zeuden, gar handi xamarrak zituztenak, baina, bueno, ikusten zen azpialdean dezente kontrolatuta zeukatela; hala ematen zuen behintzat». Gainera, azienda ere sail horietan ibili ohi dute: «Aitaren behiak inguru horretan ibiltzen dira, baina justu arratsalde horretan aitak saletxera ekarrita zeuzkan; ez zegoen kuidadorik, bagenekien hor ez zegoela arriskurik. Beste zenbait larrituta ibili ziren, goian aziendak zeuzkatelako».
Gau osoa erne
Hernioko sutearen harira, gau osoa erne igaro du Koldo Arzallus Errezilgo alkateak ere. Azaldu du 19:15-19:30 aldera Hernio erretzen ari zen abisu eman ziotela, eta ordurako bi fokuak piztuta zeudela: «112ra deitu nuen lehenbailehen. Esan nion non zegoen, datuak jaso zituen, eta nik deitu eta ordu erdi batean hor ziren suhiltzaileak, bai Tolosa aldekoak, bai Azpeiti aldekoak, baita erreskatekoak, basozainak eta ertzainak ere».
«Ikusten da dena itzalita dagoela, eta ez dut uste arriskurik daukanik. Gainera, erre dena ere otea eta belarra izan da; zuhaitzen bat edo beste ere erre da, baina besterik ez»
KOLDO ARZALLUSErrezilgo alkatea
Behin larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarrita, Zelatunera joatea erabaki zuen. Han, sutea kontrolatzen ari zen teknikari batekin egon zen: «Teknikariak esan zidan: 'Lasai, kontrolatuta dago, eta lasai dabiltza bertan dabiltzanak; ez dago arriskurik'». Hura kontrolatuta ikusi zuenean, beheko baserri batera joan zen, eta gaua ia lorik egin gabe igaro du: «Denbora dezente egon nintzen han, eta etxera jaitsi nintzen; etxetik ere ikusten nuen, baina etxetik ikusi ezinik geratu nintzenean, Trintxerara joan nintzen. Han egon naiz harik eta dena itzalita ikusi arte». Goizaldera arte egon da bertan. Gaur ere joatekoa da kiskalitako eremura: «Egingo dut buelta bat; ikusten da dena itzalita dagoela, eta ez dut uste arriskurik daukanik. Gainera, erre dena ere otea eta belarra izan da; zuhaitzen bat edo beste ere erre da, baina besterik ez».
Izazpin ere bai
Herniok ez ezik, Izazpi mendiak ere hartu du su, 01:20 aldera, Ezkio-Itsaso inguruan (Gipuzkoa). Suhiltzaileek BERRIAri jakinarazi diotenez, hamabost hektarea kiskali dira bertan.