Bilboko Casilda Iturrizar parkean manta batekin tapatuta, hilotz. Astearte gauean halaxe aurkitu zuten gizonezko bat. Ertzainek herritar baten bidez jaso zuten abisua; jakinarazi zien denbora zeramala gizonak bankuan, eta ez zela mugitzen. Larrialdi zerbitzuak heldu zirenerako, hilotz zen. Autopsia egitera eraman zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako lehen datuen arabera, bortxa zantzurik ez zuen batere.
Itxura guztien arabera, gaua kalean pasatzen ari zen gizona, eta, horren harira, etxegabeen egoeraz ohartarazi du LAB sindikatuak. Heriotza horrez gain, herenegun Zabalgarbin hilotz aurkitu zuten gaztearena ere aipatu du, eta heriotza horien muinean egun usu indarrean dagoen «nekropolitika» dagoela deitoratu du. «Ideia horren atzean zera dago: boteretsuek pentsatzen dute bizitza batzuk besteek baino gehiago balio dutela». Halakoak saihesteko ez dela aski egiten uste du. Motibo sakonek zailtzen dute pobrezian eta etxerik gabe dauden pertsonen bizimodua.Baga: «Harrera egiteko azpiegituren eskasa». Biga: «Higiezinen munduko espekulazioa». Euskal Herriko administrazioek oro har etxebizitzaren inguruan ikuspegi «baztertzaile bat»ezarri dutela salatu dute: «Espekulazioa eta pilaketa lehenesten ditu, pertsonen bizitzaren gainetik».
Horien ondorioz, milaka pertsona «indarkeria instituzionalaren» mende daudela salatu dute LAB sindikatuko ordezkariek; prekario daude sarri askotan, eta oinarrizko eskubideak «urratuta».
«Erantzukizun» politikoa
Bilboko Udalak Atxuri auzoan etxerik gabeko etorkinek lo egiteko erabiltzen zuten estalpea itxi izana politika oker horien adibidetzat jo du sindikatuak. Erakundeei eskatu die «erantzukizun politikoa».Etxegabeen egoeraz ohartarazten jarduten du Beste Bi elkarteak, neurri egokiak eskatzen. Baieztatu dute etxegabea zela Bilbon hilotz agertu den gizona. Azaldu dute gaur ohar bat plazaratuko dutela albisteari buruzko zehaztapen gehiago emateko.
Gaua parke batean pasatzen ari zen gizon bat hilotz aurkitu dute, Bilbon
Bortxa zantzurik ez zuen; etxegabea zela baieztatu du Beste Bi elkarteak. LAB neurri eske ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu