Gatazkari «konponbide integral bat» emateko eskatu du Sarek, Durangon

Urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko eskatu du, «euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urra dezaten, askotariko biolentzien biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen».

Bego Atxa, aterkipean bildutakoei hizketan, gaur, Durangon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Bego Atxa, aterkipean bildutakoei hizketan, gaur, Durangon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 6a
13:45
Entzun

Sare herritarrak «konponbide integral bat» eskatu du «euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urra dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen». Hori bera aldarrikatuko dute urtarrilaren 11n Bilbon egingo duten manifestazio nazionalean. Bizikidetzaren aldeko mezua hedatu nahi izan du gaur, Durangon, Landakoren alboan musikariekin egin duten agerraldian.

Bego Atxa Sareko eledunak hartu du hitza gogoratzeko duela gutxi lortu dela salbuespen neurri bat indargabetzea, Espainiako Justiziak Europako beste estatutan auzi beragatik betetako kartzela urteak aintzat hartuta hainbat euskal presorengan izango duen onurarengatik. Baina esan du oraindik ere indarrean jarraitzen duela beste salbuespen auzitegi batek: Espainiako Auzitegi Nazionalak. Eta 7/2003 legearen bidez zigortutakoen egoera ere salatu du, kasu batzuetan, bizi osorako espetxe zigorraren parekoak bete behar izaten dutelako.

Salbuespen eta sufrimendu egoera horiek amaitzeko deia egin du Atxak. Alderdiak, sindikatuak eta eragileak etorkizunera begira jartzera deitu ditu, eta gatazkari «konponbide integral bat» eskaintzeko lana egin dezatela eskatu die.

Horren ostean kantatu dute Behin betiko kanta, Imanol Urbietaren hitza eta doinua duena, Arkaitz Estiballes bertsolariak egokituta.

Atxaren aurretik, Esne Beltzak ere kantatu du Mugitu harriak kanta, presoak etxeratzearen alde propio egindako kanta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.