Gaur dira hamar urte ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela. 2011ko urriaren 20an egin zuen iragarpena, hain zuzen. Urteurrena izaki, egun hura gogora ekartzeko agerraldia egin du Sortuk, Donostian. Gaur egungo egoera «erabakigarria» dela azpimarratu dute, eta «gatazkari aterabide demokratikoa» galdegin.
Ehun bat lagun azaldu dira agerraldira, Paseo Berrian. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek adierazpen bat irakurri du hedabideen aurrean, eta, besteak beste, azken hamar urteotan egindako bidea izan du hizpide. Azaldu du Euskal Herria orain hamar urte baino egoera hobean dela egun, eta, halaber, eskatu die albo batera utz ditzatela alderdi interesak, «herri interesak« lehenesteko, Euskal Herrian aurrean erronka handiak dituela iritzita. «Une historiko honek herri susperraldi handi bat abiatzea eskatzen digu. Etorkizunerako begirada luzea, erantzukizuna eta eskuzabaltasuna erakusteko garaia da».
Gainera, Rodriguezek azpimarratu du ezker independentistak Aieteko Adierazpeneko bost puntuekin konpromisoa duela.
Belaunaldi desberdinetako militanteak agerraldian
Sortuko ehunen bat militante bildu dira Donostian, alderdiaren agerraldian. Belaunaldi desberdinetako jendea egon da. Arkaitz Rodriguez hizlariaz gain, bertan izan dira, besteak beste, Pablo Gorostiaga, Itziar Aizpurua, Rafa Diez, Elena Beloki, Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria, Arantza Zulueta, Iñaki Olade, Xabier Alegria, Jone Goirizelaia, Julen Aginako, Ino Galparsoro, Antton Lopez Ruiz, Juan Mari Olano, Txelui Moreno, Esther Agirre, Joseba Permach, Jokin Etxeberria, Jon Salaberria, Xabi Larralde, Kizkitza Gil de San Vicente, Sonia Jacinto, Ibon Meñika, David Pla, Onintza Ostolaza, Igor Arroyo, Pello Otxandiano, Gotzon Elizburu, Lur Albizu, Eraitz Saez de Egilaz eta Olaia Matxain.