Gatazkaren ondoriozko biktimak izan dituzte gogoan Memoriaren Eguneko ekitaldietan

Eusko Legebiltzarrean bi minutuko isilunea egin dute PP, Ciudadanos eta Vox ez beste alderdi guztiek. Etxerat-ek ere elkarretaratzea egin du, kartzelan hildako 35 euskal presoak eta sakabanaketak eragindako istripuen ondorioz hildako hamasei senideak ere biktima gisa aitor ditzatela eskatzeko.

Bakartxo Tejeria eta Iñigo Urkullu, lore eskaintza egiten. L. RICO / EFE
2022ko azaroaren 10a
10:45
Entzun

Memoriaren Egunaren harira, bi minutuko isilunea eta lore eskaintza egin dute Cristina Iglesiasek biktimen omenez egindako Gauerdiko iparrorratza eskulturaren aurrean, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea izan ditu buru ekitaldiak, eta alderdi guztietako ordezkariak izan dituzte alboan, PP, Ciudadanos eta Vox kenduta.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeko buruak indarkeriaren analisi kritikoa egitera deitu du, eta ez ahaztera: «Denok gaude interpelatuta, baina, batez ere, helburu politikoekin indarkeria erabili zuten edo erabiltzea justifikatu zuten pertsonak». Biktima guztien aitortza aldarrikatu du, eta bide horretan Eusko Legebiltzarrean jorratzen ari diren lege egitasmoa ekarri du gogora: «Terrorismoaren biktimak aitortu eta erreparatzen dituen legea onartu eta hamalau urtera, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea izapidetzen ari da Eusko Legebiltzarrean, estatu kolpearen, gerraren eta ondorengo diktaduraren biktima guztiak aintzatesteko eta erreparatzeko».

Julen Arzuaga eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, lore eskaintza egiten Etxerat-ek antolaturiko ekitaldian, gaur, Gasteizen.

Etxerat-ek ere elkarretaratzea egin du Gasteizen, legebiltzarraren alboko Loma Jeneralaren plazan. Euskal presoen sakabanaketaren ondorioz izandako istripuetan hildako hamasei senideak eta espetxean hildako 35 euskal presoak izan ditu gogoan, eta haiek ere biktima gisa aitortzeko eskatu dute. Salatu dute erakundeek «ahaztu» egin dituztela biktima horiek, eta ahaztura hori bakardadean jasan behar izan dutela. EH Bilduk bat egin du elkarretaratze horrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.