Rufi Etxeberria Sorturen Gatazkaren Ondorioetako arduradunak Iruñeko atzoko hitzaldi batean esan zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak Oslon gatazkaren ondorioez hitz egiteko nazioarteko bitartekarien bidez bide orri bat adostu zutela. Sortuk lehen aldiz eman du horren berri. ETAk 2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen jarduera armatuaren bukaera, eta ondoren ziren, Sorturen esanetan, Oslon hizketan hastekoak Madrilekin.
Aieteren aurretik. Duela lau urte pasa Aieteko Konferentziara iristeko (2011-10-17), nazioarteko bitartekariek Espainiako Gobernuaren eta ETAren «konpromisoak» lortu zituzten gatazkaren ondorioen arloan, haiekin banan-banan bilduta, Rufi Etxeberriak Iruñean ere berretsi duenez. Jakinarazi du ezker abertzaleak orduko urriaren 8an jaso zuela konpromisoen berri bitartekarien aldetik, eta beste alderdi politiko nagusiek bazutela haien berri —tartean, PPk—. ETAk bukatutzat eman zuen jarduera armatua (2011-10-20), eta, Etxeberriak dioenez, hauek ziren konpromisoen alorrean «aldekotasuna zuten puntu esanguratsuak»:
• Gaixotasun larriak zituzten presoen kaleratzea.
• Presoen bizi baldintzak hobetzea.
• Presoen Euskal Herriratze mailakatua.
• ETAren ordezkaritza Europako estatu batean kokatzea.
• ETAko ordezkaritzak Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin aztertzeko eta adosteko gaiak: presoen etxeratzea; iheslarien itzulera; armagabetzea; desmilitarizazioa; eta etxeratuko ziren preso eta iheslariak bizitza sozialean berrezartzeko neurri lagungarriak bideratzea.
• Aieteko Konferentzia egitea. Espainiako Gobernuak horretan laguntzea.
• Ezker abertzalearen legalizazioa berreskuratzeko bidea politikoki eta instituzioetatik laguntzea.
Aieteren ondoren. PP Moncloara iritsi zen 2011ko abenduan, eta «konponbidearen aurkako estrategia garatu zuen hasieratik», Etxeberriaren esanetan.
Deia «gobernu berriari». Sortuk uste du «goizago edo geroago gobernu berria» egongo dela Espainian —«beharbada hauteskundeak errepikatuko dira»—, eta hari «exijitu» egingo dio «2011n orduko gobernuak hartu zituen konpromisoak betetzea, estatu konpromisoa zelako».