Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka jardunaldiak zuzenean ikusteko aukera dago gaur —09:00etatik 17:30era— eta bihar —09:15etik 14:30era— BERRIAren webgunean. Usurbilgo Artzabal egoitzan egingo dira, eta streaming bidez ikusteko aukera izango da. Jakinek UEUko ikastaroen egutegian txertatu ditu jardunaldiak eta Usurbilgo Udalaren babesa jaso du.
Erlazionatuta
Jardunaldien aurkezpenean antolatzaileek azaldu zutenez, bi egunetan euskal gatazkaren inguruko memoriagintzaz «kritikoki hausnartzea» dute helburu. Besteak beste, aferaren inguruan egindako egitasmoak eta ikerketak ezagutarazi nahi dituzte. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak nabarmendu zuenez, bi egunotan gatazka eta memoria kontzeptuen uztarketari erreparatuko diote.
Asmo horrekin, egitarau mamitsua antolatu dute, eta tratatuko dituzten gaien artean daude, besteak beste, gatazka nazionalaren teorizazioa, ezker abertzaleko emakumeen militantzia eta jasandako errepresioa, frankismo hasieran emakumeek jasandako errepresioa, gazteek gatazkaren inguruan duten pertzepzioa eta Martxoak 3 memoriagunearen nondik norakoak.
Hizlarien artean dira, berriz, Cira Crespo historialaria, Olatz Dañobeitia eta Iñaki Sagardoi antropologoak, Maider Galardi kazetari eta EHUko doktoregaia eta Samara Velte EHUko irakaslea.