«Gatazkaren konponbidea baldintzatzen duten neurrien» aurka mobilizatu dira Bilbon

Gogoratu dute euskal presoen aurkako «salbuespen lege» batzuk indarrean daudela oraindik. Urtarrilaren 11ko manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dute.

Sare Herritarrak deituta larunbat eguerdi honetan Bilbon egindako manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sare Herritarrak deituta larunbat eguerdi honetan Bilbon egindako manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko abenduaren 21a
12:50
Entzun

Euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurri guztiak» bertan behera gera daitezela exijitzeko, manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilbon. Sare Herritarrak mobilizazio dinamika bat antolatu du egunotan Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Behin betiko. Bakea, konponbidea, elkarbizitza lelopean, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestazio nazionalari begira.

Euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde lan egiten duen erakunde horrek nabarmendu du Gabonetako egunak gogorrak izaten direla presoentzat eta iheslarientzat eta haien senide eta lagunentzat, «gatazkaren gainerako biktimentzat bezala», eta adierazi du ahalik eta arinen amaitu behar dela elkarrekin egon ezinak eragindako min hori. «Euskal Herrian izandako gatazkak utzitako ondorioak amaitzea premiazkoa da euskal herritarrontzat; behar bat da sufrimenduak gehiago ez luzatzea».

Sareko bozeramaile Bego Atxak gogoratu duenez, ETAk bere jarduera bukatutzat eman zuela hamahiru urte luze igaro arren, 124 euskal preso daude, eta hogei euskal herritar inguru deportatuta edo ihes eginda. Azaldu du hori gertatzen dela «salbuespen legeek» indarrean jarraitzen dutelako. «Orduan euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun zer-nolako salbuespena dakarten». Sareren iritzian, «estrategia antiterroristaren pean bideratutako legeek herri honen konponbiderako hautua baldintzatzen jarraitzen dute», eta horregatik da beharrezkoa horiek amaitzea.

Etorkizunera begira

Espainiako eta Frantziako estatuek neurri horietako batzuk indargabetu badituzte ere, oraindik eragin nabaria duten beste zenbait lege eta erakunde batzuk indarrean daudela gogorarazi du Sarek. Besteak beste, «salbuespenekotzat» daukan Espainiako Auzitegi Nazionala eta, bereziki, «bizi guztiko espetxe zigorra ordezkatzeko sortu zen» 07/2003 legea. «Aspaldi esan genuen eta esaten jarraitzen eta jarraituko dugu herri honetan elkarbizitzarantz eta bakerantz bidea egiteko ezinbestekoa dela kartzelak atzean uztea, salbuespenak sortzen duen sufrimendua behin betiko ezabatzea, alegia», adierazi du Atxak.

Sareren bozeramailearen iritzian, eragile sozial eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura da oro har, neurri horiek amaiaraztea, «etorkizunera begira jarri eta sufrimendua amaitzeko, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko».

Horregatik guztiagatik urtarrilaren 11n Bilboko Casilla kiroldegitik abiatuko den manifestazioa babestera eta bertan parte hartzera deitu du, «aterabide integral bat eskatzeko, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen, eta, finean, Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari, elkarbizitzari begira jarri gaitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.