Gatazka konpontzeko eskatu dute lehendakari ohiek

Garaikoetxea, Ardanza eta Ibarretxerekin bildu da Lopez, aro berriaren inguruko gogoetak elkarri azaltzeko asmoz

E.B
Gasteiz
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
ETAk hartutako erabakiaren ondoren, alderdi politiko eta eragileekin bilera sail bat hasi zuen asteleheneanPatxi Lopez lehendakariak. Atzo, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hiru lehendakari ohiekin batzartu zen. Arratsaldean bildu zen Jose Antonio Ardanza, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxerekin, banaka, Lehendakaritzako egoitzan. Hasi den aro berriaren inguruan gogoetak elkarri azaltzeko asmoz batzartu zen Lopez lehendakari ohiekin.

Bilerak amaituta, Lehendakaritzak ohar batean jakinarazi zuen Garaikoetxeak, Ardanzak etaIbarretxek hirurek adierazi zutela beharrezkoa dela neurriak hartzea indarkeriaren amaiera «atzeraezina»izan dadin. Zabaldu den aroa «soseguarekin eta modu burutsu batean» kudeatu behar dela esan zien Lopezek lehendakari ohiei.

Lehendakaritzako egoitzan bildutako komunikabideenaurrean agerraldia egin zuten Garaikoetxeak eta Ardanzak, bileren ostean. Ibarretxek, berriz,ez zuen adierazpenik egin.

Garaikoetxeak eta Ardanzak esan zuten ETAren indarkeriaren amaieraren ostean irtenbidea eman behar zaiola gatazka politikoari. Garaikoetxearen ustez, lehenik «premiazko» neurriak hartu behar dira, eta ostean euskal gatazka politikoa «lasaitasunez» aztertu beharko da. Haren iritziz, «logikoak eta arrazoizkoak» direnneurrien artean daude ezker abertzaleak barkamena eskatzea ETAren biktimei,euskal presoen sakabanaketa amaitzea, Parot doktrina baliogabetzea, Arnaldo Otegi aske uztea eta Sortu legeztatzea, besteak beste.

Ardanzak, berriz, zuhurtzia eskatu zuen ETAren ondorengo aroa kudeatzeko: «Gauzak bere tokian jarri behar dira lehenik, eta ostean elkarrekin aurrera egin behar dugu». Haren ustez, «34 urteko basakeriaren» ostean ezin da «iruzurrik» egin ezer gertatu ez balitz bezala.

Gaineratu zuen ETAk «bere porrota» onartu behar duela, eta aitortu bere estrategiak «samina eta trabak» baino ez dituela jarri. Hala ere, adierazi zuen ez dela garaituen eta garaileen bakerik ezarri behar, eta etorkizuna «justiziaren eta egiaren» gainean eraikitzea aldarrikatu zuen. Biktimak oso aintzat hartu behar direla esan zuen, baina baztertu egin zuen normalizazio politikoan eragile politikoak izan behar dutela. «Auzi horiek guztiak ixten direnean Euskal Herriak duela 120 urte duen gatazka konpontzeko ordua izango da», gaineratu zuen.

EB eta UPDrekin ere bai

EB eta UPD alderdiekin ere batzartu zen atzo lehendakaria. Mikel Arana EBko legebiltzarkideak lehendakariari esan zion badela garaia presoak hurbiltzen hasteko, eta sentsibilitate politiko guztien arteko elkarrizketa mahaia eratzeko ere eskatu zion. UPDko Gorka Maneirok, berriz, elkarrizketa mahairik ez eratzeko eskatu zion.

Lopezek elkarrizketa sortarekin jarraituko du gaur. Goizean, ELA sindikatuko ordezkariak hartuko ditu, eta arratsaldean, Bildukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.