Gatazka eta memoria izango dira X. Jakin jardunaldien ardatzak

Ekainaren 20an eta 21ean egingo dituzte, Usurbilen. Euskal gatazkaren hainbat arlo aztertuko dituzte, besteak beste, auzi nazionalari, genero gatazkari eta afera sozialari erreparatuz.

Jakin jardunaldien aurkezpena, gaur, Donostian. JAKIN
Jakin jardunaldien aurkezpena, gaur, Donostian. JAKIN
Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 21a
14:35
Entzun

Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka. Izenburu horren bueltan arituko dira ekainaren 20an eta 21ean Usurbilen (Gipuzkoa), X. Jakin jardunaldietan. UEUren udako ikastaroen barruan antolatu dute jardunaldien hamargarren edizioa, eta Usurbilgo Udalaren babesa ere izango du. Haietan, euskal gatazkaren inguruko memoriagintzaz «kritikoki hausnartzea» dute xede, eta aferaren inguruan egindako ekimenak eta ikerketak ezagutzea; besteak beste, gazteek gatazka jaso duten behatuta.

Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak azaldu duenez, jardunaldian gatazka eta memoria kontzeptuen uztarketari erreparatuko diote. Hala, galdera sorta bota du: «Gatazka baten bilakaeran, noiz hasi gaitezke memoriaz hitz egiten? Zer da memoria? Zer da historia? Zer kontakizuna? Nork ebazten du? Nork kontatzen du?». Izan ere, argudiatu du «memoria kolektiboa eta publikoa» eraikitzea «botere joko» bat dela. Hain zuzen, hartatik eratortzen delako kontakizuna: «Eta kontakizunetik historia, eta historiatik memorialak eta memoriaren industriak, eta hortik memoria kolektiboa eraikiko da, eta hortik aurrera egin beharreko bidea zedarritu».

Horiek hala, Agirrek azaldu du jardunaldietan euskal gatazkaren hainbat alderdiri erreparatuko diotela; «gatazka nazionala», «gatazkaren barneko genero gatazka», «gatazka soziala». Izan ere, argudiatu du azalarazi nahi dituztela «gatazkan sortzen diren subjektu barbarizatuak, subjektu bestetasunean gorpuztuak, subjektu isilduak». Finean, «gatazkaren barneko gatazkez memoria ariketa gisa» planteatu dituzte jardunaldiak, Jakin-eko zuzendariaren esanetan.

Era berean, memoria kolektiboa eraikitzeko prozesua bera ere kontuan hartu dutela azaldu du Agirrek: «Une oro ari gara memoria egiten, memoria borrokatzen, memoria inpugnatzen, genealogiak berreskuratzen; izan ere, etorkizuna, hein handi batean, iraganean jokatzen eta ebazten baita».

Horretarako, jardunaldian tratatuko dituzte, besteak beste, gatazka nazionalaren teorizazioa, ezker abertzaleko emakumeen militantzia eta jasandako errepresioa, frankismo hasieran emakumeek jasandako errepresioa, gazteek gatazkaren inguruan duten pertzepzioa eta Martxoak 3 memoriagunearen nondik norakoak. Hizlarien artean dira, berriz, Cira Crespo historialaria, Olatz Dañobeitia eta Iñaki Sagardoi antropologoak, Maider Galardi kazetari eta EHUko doktoregaia eta Samara Velte EHUko irakaslea.

Jardunaldiei amaiera emateko, Negu Hurbilak filma ikusiko dute, Mikel Ibarguren eta Ekain Albite zuzendariekin batera. Hain zuzen, bi lagun horiek ere hartuko dute hitza, euskal gatazka fikziora eramateko narratiba berrien inguruan aritzeko.

Eztabaidarako gune

Jakin jardunaldiak UEUko ikastaroen egutegian txertatu dituzte. Aurtengoa ikastaroen 52. edizioa izango da, eta Aitor Bengoetxea zuzendariak azaldu duenez, lan egin dute berriz ere gizartearen beharretara egokitzeko: «Hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea, gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz». Horien parte izango dira Jakin jardunaldiak; hala, UEU arduratuko da antolaketa eta koordinazio lanez; ekainaren 17ra arte egongo da izen emateko aukera, UEUren webgunean.

Jakin Jardunaldiak Usurbilen antolatzen segitzeko hitzarmena luzatzeko borondatea azaldu dute, 2027a amaitu bitarte. Izan ere, Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan, udalerri harentzat «luxua eta ohorea» da halako jardunaldi baten topagune izatea: «Gisa honetako topaketak behar-beharrezkoak ditugu elkarrekin pentsatzen jartzen gaituelako, eta herrigintzarako eta herri eraikuntzarako ezinbestekoa da hori». Hala, udalak 10.000 euroko dirulaguntza emango du urtero jardunaldirako: 6.000 Jakini eta 4.000 UEUri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.