Aieteko konferentzia: 5. urteurrena. Elkarrizketa. Eugenio Etxebeste, 'Antton'. ETAren solaskidea 1989an Aljerren

«Gatazka batean irtenbide demokratikoa lortzeko baldintzak erein behar dira»

ETAren eta Espainiaren arteko lehen elkarrizketa mahaian izan zen Antton: 1989an, Aljerren. Uste du ezker abertzaleak ez dituela ondo kudeatu negoziazio prozesuak, pazientzia falta izan zaiola. Fase berri honetan 'punch' handiagoa nahiko luke.

enekoitz esnaola
Donostia
2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Eugenio Etxebeste Antton (Donostia, 1951) 17 urte zituela hasi zen militantzia politikoan, eta, 1989an, 38 urterekin, Aljerko elkarrizketetan ETAren solaskideetakoa izan zen. Santo Domingotik 1997an Espainiaratu eta kartzelatu zuten, Lizarra-Garazi atarian, eta 2004an atera zen libre. Harrezkero itzalean baina gertutik segitu du ezker abertzalearen ibilbidea. Aldaketa estrategikoaren alde egin zuen, eta ez zen edonor.

1989an Aljerren izan zinen, ETAren solaskidetzako taldean, Espainiako Estatuarekin hizketan. Gerora gauzak asko aldatu ziren, 2011n Aieteraino iristeko.

Gure garaian, ikusten zen bi aldeak ondo prestatuta zeudela konfrontazio politiko-militarrarekiko. Baina Aljerren eta beste prozesu publiko batzuetan —Lizarra-Garazin eta Anoeta-Loiolan—, osagai berak egon dira, eta estatuaren borondate falta izan da gabezia nagusia, ez duelako gatazka aitortu. Beste gabezia bat: oinarri sozialik eza, gatazkaren konponbidearen garapena bide demokratikoetatik bere gain hartzeko.

ETAk orain bost urte eman zuen bukatutzat jarduera armatua. Lehen su-etena 1989an eman zuen, Aljerko saioan, bi astekoa.

Aljer aurreko bi urteetan parte bakoitzak espektakulu politiko-militarra eskaini zuen. Hartu-emanen maila igoz joan zen, 1989ko mahaira iristeraino. Egoera aztertuta, ETAk bi asteko su-etena eman zuen, alde bakarrez.

Ezker abertzalea bere osotasunean indartsu al zen orduan?

Bai. Arlo politiko-militarraren eta indar politikoen bideak ez ziren kontrajarriak; indartuz zihoazen. Ikusi zen posible dela bataila gunetik negoziazio eremura pasatzea, mahai horretan euskal nazioaren aitortza lortzeko, eta eskubideak garatzeko eta gauzatzeko.

Non bukatuko zen ETAren egitekoa?

Nazio aitortza lortzean, protagonismoa eragile politiko eta sozialengan utzita. Aljerren hasi ginen bereizketa hori marrazten.

Aljertik, zerekin geratu ziren?

Filosofiarekin. Ahaltsua zen. Estrategia administratzen jakinez gero, konponbidea lortzeko gidalerro demokratikoak ezartzeko aukera izango genuen.

Esan izan duzu ETAri pazientzia eta gerria falta izan zitzaiola.

Aldebakartasunak pazientzia handia izatea eskatzen dizu, baina bestearen partetik ere detaile bat behar duzu, emaitza txikiren bat. Konfrontazio politiko-militarretik atera nahi genuen 1989an, baina ez zen emaitzarik. Gainera, Euskal Herrian eragile batzuk, gauzak errazten ibili beharrean, sabotatzaile lanetan aritu ziren. EAJk pentsatzen zuen bere hegemonia politikoa gal zezakeela Aljerrek zerbait emanez gero.

Aljerko garaian hasi al zen ETA eta, oro har, ezker abertzalea bide politiko soilen aldeko gogoeta batekin?

Aljerrek hamar urte iraun zuen, 1997an Santo Domingotik ETAren solaskidetza kanporatu arte. Bitartean, ezker abertzalea Aljerren hasitako filosofia garatuz joan zen. Ikusten zuena zen gatazkaren irtenbide demokratikoa lortzeko baldintzak erein behar zituela.

Aljer aurretik konfrontazio militarrak agortuta zeudela idatzi izan duzu. Baina ETAk gero jarraitu egin zuen.

Ez baitzegoen beste aukerarik. Ateak itxita zeuden. Ondoren ezinezkoa izan zen beste ahalegin bat egitea Aljer II irekitzeko. Baina esperientzia sozialak eta politikoak heldutasun bat hartuz joan ziren, eta Lizarra-Garazi iritsi zen.

Ezker abertzaleak aterabidearen premia ba al zuen ordurako?

1992an, Santo Domingotik txosten bat idatzi nuen [ETAren zuzendaritzari]. Borroka armatuak jarraitzen bazuen jarraitzeagatik, borroka armatua bihurtuz helburu, uste nuen horrek alor sozialari eta politikoari kalte egiten ziela. Borroka politikorako akuilu izateari utzi, eta haren galga bihurtzen hasia zen borroka armatua.

Garai zehatz batean koka al dezakezu «galga» bihurtze hori?

Aljerren ondoren; 1992aren aurretik, orduan eta ondoren, bost urteko epean. Aljertik, politikoki, nolabait ukituta atera ginen. Ez erakundea, baizik eta indar sozialak eta politikoak. Itxaropen handia sortu zen Aljerkoarekin, baina ikusi zen borrokak jarraitu egin zuela, eta borroka gogorra da. Borroka armatuak baldintza gehiago sortu nahi izan zuen. Esaten zen: «Zergatik egin dugu porrot? Ez zegoelako baldintzarik». Hori Lizarra-Garazin gertatu zen berriro, baita Loiolan ere. Erakundeak pentsatu izan du ekintza militarraren ondorioz estatua mahaian eseraraziko zuela berriro. Kontua da prozesu horiek denek azkenean kalte bat sortzen dizutela.

1995etik aurrera pauso kualitatibo bat eman zuen ETAk, politikariak eta enpresariak-eta hiltzen hasita. Kontraesan batean bizi al zen ENAM?

Horrelako estrategia militarra izanda, baietz esan liteke. Gidalerro politikoek ezin zuten estrategia militar hura jasan.

Baina hiru urtera, Lizarra-Garazi.

Beste konbultsio bat sortu zen. «Honaino iritsi gara» esatea bezala izan zen. Indar sozialak protagonismo handia izaten hasi ziren; batez ere, 1995etik aurrera, ELA eta LAB. Abangoardia argi bat bihurtu ziren bi sindikatuok, eta eskaintza sendo bat egin zuten. Hori ezin zen baztertu. Erakundeak ulertu zuen baldintza garrantzitsu batzuk sortu zirela. ETAk ere erein zuen baldintzarik.

Baina 1997an Miguel Angel Blancoren hilketagatik mobilizazio erraldoiak izan ziren.

Ez nuke esango hura funtsezkoa izan zenik ETArentzat. Gizarteak errefusatu gintuen lehen ere; [Lemoiz auziko] Ryanen kasuan, esaterako. Halakoak unean-unean sortu izan dira, boteregune batzuek sustatuta. Orduan bestelako baldintza batzuk sortuz joan ziren, eta Lizarra-Garazi gertatu zen. Kartzelako atarian esaten genuen: «Irabazi dugu». Uste genuen herri gisa apustu bat egiteko baliabideak bazirela. Indar haiek Euskal Herriaren gehiengoa ziren. ETAk aitortu zuen hura dena, eta bigarren maila batera pasatu zen.

2006ko udazkenean Loiolan aurreakordio politiko garrantzitsua lortu zuten EAJk, Batasunak eta PSE-EEk.

Horrek onduz joan behar zuen.

ETAk Madrilen atentatu bat egin zuen 2006ko abenduan, artean su-etenean zela. Sinesgarritasuna galdu al zuen?

Bai, nabarmen. Estatuak konpromiso batzuk hautsi zituen, eta erakundeak pilota bueltatu zion. Baina zuk herri bat duzu, eta su-etenarekin, politikoki, herriaren aurrean konpromiso bat hartu zuen ETAk, ez estatuaren aurrean. Loiola ostean ikusi zen borroka armatuaren estrategiak ez zuela gehiago ematen, eta meloia ireki zen.

Ezker abertzalea zer moduz dago sinesgarritasun aldetik?

Berreskuratu du, egunez egun lan handia eginda. Baina eremu sozialean eta politikoan sinesgarritasuna gehiago lantzen jarraitu behar da. Gure historian zehar aldi batzuetan harrokeria militarra egon den bezala, beste aldi batzuetan harrokeria politikoa egon da. Adibidez, 2011n instituzio askotara heldu zenean, ezker abertzaleak gauza batzuk ez zituen ondo kudeatu. Umilagoak izan behar gara. Herriak ikusten badu prozesuak ez direla nahikoa parte hartzaileak, konfiantza kendu egiten dizu.

Ezker abertzaleak, ofizialki, 2009an hasi zuen eztabaida estrategikoa. Lehen ez al zegoen horren beharrik edo aukerarik?

Gogoetak eta eztabaidak beti izan ditugu. Nire ustez, borroka armatuaren estrategiaren eboluzioan azkenaldian zerikusi handia izan du nazioarteak. Batetik, borroka armatua erabiltzen zuten askapen prozesuetan gauzak aldatuz joan ziren, eta irtenbiderako beste tresna batzuk bilatuz: Hego Amerikan, Ipar Irlandan… Bestalde, terrorismo jihadista deiturikoaren faktorea ere sortu da, eta Mendebaldeak terrorismoen aurkako bide errepresiboak indartu ditu.

Zuk, garai hartaz, Imanol Murua Uriaren Ekarri armak liburuan (2015) zera diozu: «Zuzendaritza politikoaren eredua aldatzen hasten da. Zuzendaritza politikoa ezker abertzale politikoan kokatzen hasten delako».

Berritasun bat zen hori. Ez nuke esango ezker abertzalean pisu kualitatiboa duten kide batzuek erakundeari planto egin ziotenik, baina bai erakundearekiko alde bakarreko gidalerro batzuk ezarri zituztela. Borroka armatu politikoaren eta borroka politikoaren arteko kontraesanak zeuden. Baina lortu zen haustura eragoztea.

Zuk ikusten zenuen armarikgabeko bidea hartu behar zela.

Bai, eta oso garbi neukan hori. 1992ko txostenean esan nuen: borroka armatuaren garapenak batez ere helburu argi batzuetara bideratutakoa izan behar zuela; ETAren ekintza baten ondoren ezin zela ekintza azaltzen ibili; eta, oroz gain, borroka armatuak ezin zuela zaildu estrategia politikoa. Borroka armatua, azken batean, askapen prozesuaren estrategiaren parte bat zen, ez borroka armatua bera estrategia. 1992ko txostenean idatzi nuen bataila militarra galtzeak ezin zezakeela eraman bataila politikoa galtzera. Baina urteak aurrera zihoazen heinean, gero eta oxigeno gehiago behar zen, herrian gero eta babes txikiagoa zegoen, kontraesanak ugarituz zihoazen, eta borroka armatu hori ez zetorren estrategia irabaztailearekin bat.

2010eko otsailean, Zutik Euskal Herria. Erabakigarria.

Ezker abertzalearen ibilbidean inflexio puntu garrantzitsua izan zen. Eztabaida sakona izan zen. Baina badut kritika bat: Zutik Euskal Herria asko geratu da paperean. Praktikan ez zen garatu, batik bat masa borrokan eta ideologikoan. Nagusiki, politika instituzionalean garatu zen, ez borroka instituzionalean. Hegemonia eremura eraman zen borroka, eta akats bat izan zen, alternatibaren partez alternantziaren alde egin zelako. Gainera, ez geunden prestatuta, Bilduk ez zuelako benetan botererik. Errealitatea aldatuz joateko asmoa zegoen, baina hori herriak lagunduta egin behar genuen. Konfrontazioa bilatu nahi zen Zutik-ekin, demokratikoa, baina konfrontazioa, eta ez halakorik egon. Punch-a falta da.

Sortu «birfundatzera» doa.

Ezker abertzaleak berreskuratu behar du bere izaera. Birfundazioa funtsezkoa da. Proiektua dagoen artean, prozesua egongo da. Baina kostatu egingo zaigu. Gizarte hau asko aldatu da, oso aldakorra da.

Aieteko Adierazpenaren ostean ETAk bukatutzat eman zuen jardun armatua. Bigarren puntua ez da bete: ez dago gatazkaren ondorioez elkarrizketarik.

Nazioarteko pertsona garrantzitsuekin oso prozesu interesgarriak garatu dira, jokaleku handiak eraiki dira, baina gero hori ez da kalera eraman. Bi estatuak blokeo eta sabotaje egoeratik ez dira mugitu; jokalekuarekin geratzen zara, eta non da publikoa?

Foro Sozialak izaera iraunkorra hartuko du hilaren 22an.

Mobilizazio sozialik gabe ezingo dira estatuak baldintzatu. Orain, presoen arloan fronte juridikoa sustatu nahi da, baina betikoa: estatuen legediarekin egingo dugu topo, horma batekin. Beraz, aurrera egin nahi bada, instituzioetan ere lan eginez jakina, fronte soziala abian jarri beharra da.

EAJk iritzi dio presoak ezker abertzalearen arazo direla.

Horrek nora garamatza? Hemen gatazkarik egon ez dela onartzera, eta hemen bi parteen enfrentamendu bat soilik egon dela esatera. Ezker abertzaleak ikaragarrizko ahalegina egin beharra du.

EPPK-k pauso gehiago eman behar al ditu?

Nahikoa pauso eman ditu, beharrezkoak, gure garaian pentsaezinak zirenak, baina estatuen hormarekin topo egin dute. Damua-eta eskatzen diete. Hori ez da gatazkaren ondorioak gainditzea, baizik eta garailearen eta garaituaren kontakizuna ezartzea, eta presoak ez du langa hori pasatuko.

ETAren armagabetzeaz, zer?

ETA armagabetzeko inpunitate espazioak sortu behar dira, armak mugitzeko, eta hor estatuen onespen bat beharko da. Baina hor ere estatuak ez dira mugituko, gizartea ez bada mugitzen,

2010ean, ezker abertzalea-EA akordioaren ostean, Gara-n idatzi zenuen «EAJren jarrera tradizionalak» ez duela «proiekzio estrategikorik». EAJk, bozetan behintzat, oso sendo dirau.

Ezker abertzaleak espazioak libre utzi baititu. Borroka armatuaren aroa itxi ondoren, ezker abertzalea zen, nire ustez, erakunde zentrala, bi esparruak bere gain hartzen zituelako: esparru nazionala, abertzalea; eta esparru soziala, gure ideologia, esentzia. Zentralitatea galdu dugu. EAJrengatik eta Ahal Dugu-rengatik zentralitatea bitan banatu da. Zentralitatea da behar dugun bi faktoreetako bat.

Bestea zein da?

Demokrazia. Euskal demokrazia eraiki behar dugu.

Eta, orain, prozesu subiranista ala prozesu independentista?

Prozesu subiranista bat garatuz demokrazia eta zentralitatea eraikitzen ari garenean jakingo dugu euskal gizarteak benetan zer nahi duen. Nire ustez, gaur egun gizarte honek ez du nahi edo ez du ikusten euskal estatua. Eraiki dezagun, erakuts dezagun gure praxia egokia dela. Erabakitzeko eskubideak du gaur egun lehentasuna. Oinarrizko eskubidea da, zernahi erabakitzeko alor sozialean zein politikoan. Hori garatzen badugu, kontzientzia hartuko dugu, baita sentimendua ere. Euskal Herrian sentimendua galdu dugu, identitate nazionala galdu dugu. Iritsiko da denon artean erabakitzeko eskubidea gauzatzeko abagunea, eta independentistok orduan planteatuko dugu euskal estatua edo euskal errepublika konfederala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.