KEM-MOC talde antimilitaristak gastu militarrari eragozpen fiskala egiteko bulego bat ireki du gaur Bilbon. Izan ere, talde antimilitaristak eragozpen fiskala egiteko kanpaina abiatua du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bulego bat ireki ditu hiru lurraldeetako bakoitzean. Errenta aitorpenean eragozpen fiskala egiteko aholkuak emateko xedez zabaldu dituzte. Gaur ireki dute Bilbokoa, eta goizean zehar, hainbat lagunek, aholkulariekin batera, zerga aitorpena egin dute, militarismoa finantzatzeari uko eginez.
KEM-MOC taldeak ohar batean azaldu duenez, kanpainaren helburua da zergen zati bat ordaintzeari uko egitea eta diru kopuru hori herri egitasmoetara bideratzea; hain zuzen ere, «alternatiba eraldatzaile eta solidarioak sortzeko lan egiten duten herri egitasmoetara» bideratzea proposatu du taldeak.
Kanpainaren bultzatzaileen arabera, ia berrehun lagunek hartu dute ordua dagoeneko, eta ekainaren amaierara arte egin ahal izango dute eragozpen fiskala. Gainera, bulegoetara joan ezin direnentzat, tutorial bat jarri dute martxan Interneten.