Antimilitarismoa

Gastu militarraren aurkako XV. bizikleta martxa egingo dute larunbatean

Zenbait kolektibo antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak antolatu dute. Arma industria industria zibil bihurtzea aldarrikatuko dute.

Larunbateko Bizikleta martxa aurkeztu dute gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundian. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko apirilaren 12a
12:58
Entzun

«Hemen armak egiten dituzte, eta beste herrialde batzuetan erabiltzen dituzte», argi utzi du Luis Garcia Kakitzat taldeko kideak. Hori dela eta, larunbaterako XV. bizikleta martxa antolatu dute zenbait kolektibo antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak; hain zuzen ere, Eguzki, Ekologistak Martxan, Biziz Bizi, Kakitzat, KEM-MOC, Komite Internazionalistak, Gerra Hemen Hasten Da eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek. Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzatik abiatuko dira, 11:00etan. Eta arma fabrika garrantzitsuenekin kolaboratzen duten enpresen filialen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte, Barakaldon eta Getxon.

Gastu militarraren aurkako martxa izango da. «Pedro Sanchezek gastu militarra %26 handitu du aurten», zehaztu du Garciak. Zehazki, «27.000 milioi euro baino gehiago» erabiliko dituzte gastu militarrerako. Salatu duenez, arma industriara gehiago bideratuko dute, «pertsonen beharretara» baino: «Gaur egun, gerra testuinguru batean bizi gara, prezioak izugarri igo dira, eta jendea ez da hilabete amaierara ailegatzen. Hala ere, nahiago dute gastu militarrean inbertitu: hor ikusten dira lehentasunak».

Beste helburu bat ere izango du bizikleta martxak: arma industria industria zibil bihurtzea aldarrikatuko dute. Izan ere, Garciak adierazi duenez, «Euskal Autonomia Erkidegoak 750 milioi euro» fakturatzen ditu industria militarraren bidez; «horietatik 150 milioi irabaziak dira». Euskal ekoizpen militarraren %80 Saudi Arabierara bideratzen dela azaldu du. Gainera, kritikatu du Eusko jaurlaritzak, aurrekontu bidez, 100 milioiko diru laguntza ematen diola gerraren euskal industriari. «Guk zerga bidez ordaindutako dirua da». Diru hori «fabrikak aldatzeko» erabili behar dela adierazi du Kakitzat taldeko kideak. Eta adibide moduan jarri du Orbea fabrika: «Bere garaian, hiltzeko armak, errebolberrak eta era guztietako arma laburrak egiten zituzten; eta, orain, bizikletak egiten dituzte».

Elkarretaratzea Precicasten eta Senerren aurrean

«Gastu militarrean inbertitzea gerra bultzatzea da». Horregatik, Barakaldon egingo dute lehenengo geldialdia, Precicast enpresan. «ITP taldearen parte da, eta Europako gerra hegazkinetarako piezak egiten dituzte». Barakaldotik Getxora joango dira; hor bukatuko dute martxa. Herri horretan dago Sener enpresa. Garciak azaldu duenez, Senerrek Israel Aircraft Industries LTD armamentu enpresa israeldarrarekin kolaboratzen du, material aeronautiko berriak diseinatzeko. «Ezin gara geldirik gelditu; martxan parte hartzeko deia egin nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.