Gastu militarra areagotzearen alde dago EAJ: «Europaren alde gaude»

Estebanek esan du Europak bere burua babestu behar duela. Horretarako, inbertsioak eskatu ditu segurtasunaren alorreko Europako industria indartzeko. EH Bilduren jarrera Mahai Politikoak aztertu eta erabakiko du.

Pedro Sanchez eta Aitor Esteban, gaur, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE
aitor biain
2025eko martxoaren 13a
15:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Europa «berrarmatzea» adostu ondoren, Europako Batasuneko estatu kideak hasiak dira gastu militarra areagotzeko babesa bilatzen. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Vox ez beste alderdi politiko guztiekin bildu da, baina erantzun apala bildu du oraingoz, ez baitu ez Alderdi Popularraren ez inbestidurako alderdien oniritzirik lortu. EAJk ere ñabardurak egin dizkio planari, baina gastu militarra handitzearen alde kokatu da oro har: «Europaren alde gaude». EH Bilduk ez du baloraziorik egin oraingoz.

Alderdiek xehetasunak eskatu dizkiote Sanchezi: gastu hori nola handituko duen eta dirua zertarako erabiliko duen azaltzeko. Eskari horiek ez dute erantzunik izan, ordea, Bruselak ere zehaztu gabe baitu bidea oraindik. Hala uste du Aitor Estebanek, Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaileak. Estebanek argi du nazioarteko harremanak aldatu diren gisan Europak ere bere estrategia aldatu behar duela, «segurtasun arlotik hasita».

EAJren bozeramaileak esan du AEBek «jarrera aldatu» dutela, eta Europako Batasuna jada ezin dela haren babesaren «zain» egon. Ildo horretan, uste du ezinbestekoa dela bai segurtasun alorrean, bai ekonomiarenean «berrantolatzea». «Europak bere kabuz babestu behar du bere burua», azpimarratu du. Iritzi dio, halere, dirua segurtasunaren alorreko Europako industria indartzeko erabili behar dela, eta ez hainbeste armagintzarako.

Telekomunikazio sistema jarri du adibide moduan Estebanek. Hau da, helburu militarrerako ez ezik, gizartearen beharretarako ere baliagarriak izango diren sektoreak indartu behar direla iritzi dio buruzagi jeltzaleak. Nabarmendu du, dena den, dirua ezin dela erabili estatubatuarrei teknologia edo osagaiak erosteko. «Gure pentsamoldea berrantolatu eta behar ditugun inbertsioak egiten ez baditugu, Europa gain behera joango da. Eta ez soilik segurtasunaren aldetik, baita ekonomiaren aldetik ere».

Horiek horrela, EAJ prest dago Espainiako Gobernuaren ildoa eta, oro har, batasuneko estatu kideek adostutako bide orria babesteko: «Gu europazaleak gara, eta Europaren alde egon gara beti. Orain ere bai». Izan ere, Estebanek azpimarratu du «gai garrantzitsua» dela, Espainiako Estatuaren «markoa» gainditzen duena.

Pedro Sanchez eta Mertxe Aizpurua, gaur, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE
Pedro Sanchez eta Mertxe Aizpurua, gaur, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE

Ezkerra, ezezkoan

Sanchezek Moncloan hartu du Mertxe Aizpurua ere, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Koalizio subiranistak ohar bidez egin du bileraren balorazioa, eta adierazi du gastu militarra areagotzeko Europako agintarien iragarpenak «garrantzi handikoak» bezain «kezkagarriak» direla. Eta gogorarazi du euskal gizarteak «diplomazioaren, negoziazioaren eta akordioaren aldeko apustua» egiten duela, duela 39 urte NATOren aurka zegoela adieraztean erakutsi zuen bezala. Hori dela eta, EH Bilduk iragarri du printzipio horiek onarri hartuta aztertuko duela gaia Mahai Politikoak, «sakontasunez eta seriotasunez» eztabaidatu behar dela iritzi baitio jarrera «ikuspegi eta eskala nazionaletik» finkatu ahal izateko.

Dena den, Sanchezen inbestidura babestu zuten ezkerreko alderdiak mesfidati agertu dira. ERCk, esaterako, argi adierazi du ez duela gastu militarra handitzea babestuko, baldin eta zer egin nahi duten eta nola egingo duten «zehatz-mehatz» azaltzen ez badiete. Podemosek ere ez du dirua gerra areagotzeko erabili nahi, eta argi adierazi du ez duela gastu militarra handitzearen aldeko botorik emango.

JxC Junts per Catalunyak esan du zehaztapenak falta dituela gai horri buruzko jarrera erabaki ahal izateko. «Erabateko gardentasuna» eskatu dio Miriam Nogueras bozeramaileak Sanchezi. Hala ere, gogorarazi du tresna militarrar gehienak inportatu egiten dituela Europako Batasunak, batez ere AEBetatik. Hori dela eta, uste du gastua areagotu behar bada Europan geratu behar duela diru horrek.

Alderdi Popularrak, berriz, gaur-gaurkoz ez luke babestuko gastu militarra handitzeko sozialisten proposamena. Akordiorako aukerak uxatu ditu gaurko bileraren ondoren Alberto Nuñez Feijook, eta tonu gogorra erabili du beste behin Sanchezen aurka egiteko. Gaia Espainiako Kongresuan eztabaidatu eta bozkatzeko eskatu dio presidenteari, susmoa baitu ez dela hori Sanchezen asmoa.

Jaurlaritza, alde

Eusko Jaurlaritzak aldeko jarrera agertu du. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuaren hitzetan, «Europako defentsaren proiektuari laguntzea dagokio Euskadiri», Europako «nazioa» baita. Sailburuak uste du euskal industriak baduela segurtasunaren alorrean laguntzeko gaitasuna, baita teknologiaren alorrean ere.  

Izan ere, sailburuaren hitzetan, gerra «gero eta digitalagoa» bilakatu da, eta, beraz, alor horretan tresnak beharko dira, zibersegurtasunean esate baterako. «Ahalegin horretan lagundu beharko genuke», esan du Jauregik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.