Erietxe psikiatriko batean sartuko dute Gasteizko zahar etxeko hilketagatik atxilotutako gizona

Zaintza Arabak uste du hilketak Arabako Foru Aldundiaren «utzikeria» erakusten duela.

Gasteizko IMQ Igurko zahar etxea. L. RICO / EFE
Gasteizko IMQ Igurko zahar etxea. L. RICO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 30a
17:00
Entzun

94 urteko emakume bat hil zuten herenegun goizaldean Gasteizko IMQ Igurko zahar etxean, arkatz batekin. Ertzaintzak 68 urteko gizon bat atxilotu zuen zahar etxean bertan, komunetako batean ezkutatuta zegoela, eta hari leporatu diote hilketa. Zahar etxe horretako egoiliarrak ziren biak. Gasteizko epaitegi batek atxilotua erietxe psikiatriko batean sartzeko agindu du, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek Europa Press agentziari esan diotenez. Atxilotuak buruko gaitz bat du eta aita hil zuen 1987an. Erietxean sartu eta gero, bertako medikuek zehaztu beharko dute ea hilketagatik atxilotua noiz egongo den epailearen aurrean deklaratzeko moduan.

Zaintza Araba elkartearen iritziz, hilketak erakusten du Arabako Foru Aldundiaren «utzikeria» zenbatekoa den zaintzaren arloan. Zorrotz hitz egin du erakundearen kontra: «Aldundi honek harro defendatzen du pertsona ardatz duen zaintza sistema delako hori, gezur hutsa baino ez dena». Hori baieztatzeko, ustezko hiltzailearen egoera izan du oinarri, besteak beste. «Nola liteke gaixo psikiatriko bat egoitza pribatu batean egotea?», galdetu du Zaintza Arabak. «Agian unitate psikiatriko publiko batean izatea baino merkeagoa delako?», erantzun du.   

«Zainketak pribatizatzeak lan prekaritatea baino ez dakar, eta zerbitzuetan gabezia larriak izatea», Zaintza Arabaren esanetan. Uste du txanda bakoitzean ez dagoela nahikoa langile kalitatezko arta bermatzeko.

Agintarien «nagusikeria»

Zerbitzua pribatizatuta ere, erakundeei dagokie haren ardura. Ikuskatzaileak dituzte zerbitzuak zaintzeko. Zaintza Arabaren esanetan, ordea, ikuskatze zerbitzuak langile gutxiegi ditu, eta ez dute modurik egoitza batzuetan dauden «gabezia larriak» egiaztatzeko. Izan ere, Zaintza Arabak hilabeteak daramatza Arabako Foru Aldundiak zahar etxeak kudeatzeko duen modua kritikatzen. Salatu du zenbait zahar etxetan tratu txarrak ematen dizkietela egoiliarrei. 

«Nagusikeriaz» jokatzea egotzi diete Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari, «eta horrek ondorio larriak ditu mendekotasunen bat dutenentzat». Bukatzeko, galdera egin diete Arabako zaintzaren arduradunei: «Noiz arte jarraituko du administrazioak Araban zainketen kalitatearen okertze progresiboari bide ematen?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.