ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Gasteizko Administrazio auzietarako lehen epaitegiak atzera bota du Gasteizko udaltzainburuaren izendapena, lanpostura aurkeztu zen emakume bat genero arrazoiengatik diskriminatua izan zelako.Azken urteetan, Gasteizko Udaleko udaltzainburuaren lanpostua barne prozesuan zerbitzu eginkizunetan bete izan da, deialdi publiko baten bidez, eta, modu horretan, Gasteizko udaltzainek, hainbat lanpostutan lan egin ondoren, karrera profesionala kontuan hartuta egin dute gora aginte katean. Prozedura hori bete izan ez balitz, komisariorde zen emakume batek bakarrik beteko zukeen udaltzainburu izateko baldintza, ELAren arabera. Haatik, udalak egindako aldaketari esker, emakumeak baino kategoria apalagoa zuen gizon bat izendatu zuten udaltzainburu. Gainera, lanpostu hori betetzeko asmoz udalak egindako aldaketa ontzat emanda ere, deialdi publiko bat egin behar zela salatu du ELAk. Aldiz, lanpostua «aldebakarrez» esleitu zen, eta udaltzaingoko komisariorde emakumezko horrek ezin izan zuen prozesuan parte hartu ere egin. Horregatik, sindikatuaren zerbitzu juridikoek auzitara jo zuten, eta orain arrazoia eman diote.
Epaiak dio Gasteizko udaltzainburuaren izendapena baliogabetu behar dela ez direlako betetzen «genero diskriminazioa» eta «berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak». Ebazpenaren arabera, komisario lanposturako baldintzak betetzen zituen pertsona bakarraren karrera profesionala «kaltetu» zen, eta Gasteizko Udalari «boterea desbideratzea» eta «botere abusua» egotzi dizkio. Horiek horrela, lanpostu horretarako deialdia «gardentasunez» egin behar dela ebatzi du epaitegiak, eta emakumeari orain arte zegozkion ordainsari guztiak ordaintzera zigortu du udala.
ELAren ustez, «oso larria» da Gasteizko Udalak egindakoa. «Udaltzaingoa bezain maskulinizatua dagoen instituzio baten barruan, izendapen libre eta erregularizatu gabekoak emakumeen kalterako izan ohi dira», ohartarazi du. Horrelako praktikak ez direla onargarriak salatu du, eta administrazioei eskatu die martxan jar ditzatela parekidetasunaren aldeko politika eta neurri eraginkorrak, «puntu moreaz harago» doazenak.
Gasteizko Udala, aurka
Gasteizko Udalak aurreratu du epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko duela EAEko Auzitegi Nagusian. Gasteizko Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutierrezek «zuhurtzia» eskatu du sententzia ongi aztertu arte, baina aurreratu du ez dagoela ados epaiarekin. Hala ere, aitortu du «mingarria» dela esatea udaltzaingoan genero diskriminazioa sustatzen dela. EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Gasteizek «oso larritzat» jo dute ebazpena.