Gasteizko Segurtasun zinegotzi ohia auzitara eramatea aztertzen ari da udaltzainburu ohia

Marian Bidaurre udaltzainburu ohiak uste du agian prebarikazio delitua egin zuela Iñaki Gurtubai zinegotzi ohiak. Bidaurrek helegitea aurkeztu du udaltzainburua izendatzeko prozesuaren kontra, bera baztertzen zuen baldintza bat ezarri zutelako.

Marian Bidaurre, erdian, uztailean egin zuten bilera baten aurretik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarekin —ezkerretik bigarrena— eta Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziarekin —eskuineko lehena—. GASTEIZKO UDALA
Marian Bidaurre, erdian, uztailean egin zuten bilera baten aurretik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarekin —ezkerretik bigarrena— eta Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziarekin —eskuineko lehena—. GASTEIZKO UDALA
jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 26a
17:00
Entzun

Marian Bidaurre Gasteizko udaltzainburu ohiak uste du udala gezurretan oinarritu zela bera kargutik kentzeko, erabakia «arbitrarioa» izan zela, eta agian prebarikazio delitua ere egin zutela. Horregatik, aztertzen ari da Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotzi ohia auzitara eramatea. Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatua da azaro amaieratik. Hura izan zen Bidaurre kargutik kendu zuen arduradun politikoa, azaroaren hasieran, Bidaurre lau hilabetez udaltzainburu izan eta gero.

Kargugabetzea zuritzeko orduan, Gurtubaik «gaitasun falta» eta «egokitasun falta» egotzi zizkion. «Menpekoei lana bideratzeko joera handia du, eta ez du erabakirik hartzen», esan zuen Bidaurreri buruz. Lau hilabetean behin bakarrik deitu ziola zehaztu zuen Segurtasun zinegotziak; aurreko udaltzainburuak, berriz, egunean lau aldiz deitzen ziola gehitu zuen. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak babestu egin zuen Gurtubairen erabakia. Jendaurrean esan zuen Bidaurre ez zela pertsona egokia ardura horretarako. «Zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzeko betebeharra dugu, eta hori egin dugu udaltzaingoarekin», esan zuen Etxebarriak.

Bidaurrek ohar bat bidali du komunikabideetara, abokatuen bulego batera jo eta gero, Gurtubaik kargugabetzea zuritzeko emandako arrazoiei aurre egiteko. Zinegotziak, besteak beste, esan zuen Bidaurrek oporretan ez ziela erantzuten berak bidalitako mezuei, «aditzera emanez erantzun egin behar zituela, prestasun plusa jasotzen zuelako».

Udaltzainburuaren esanetan, ordea, oporretan bere ordezkoak betetzen ditu udaltzainburuaren funtzioak, hura da une oro eskuragarri egon behar duena, eta hala izan zen Bidaurrek abuztuan eta urrian oporrak hartu zituenean. Gehitu du telefonoz eta posta elektronikoz harremana izan zuela «beharrezkoa izan zenean». Gurtubaik hori guztia bazekiela ere gehitu du.

«Baliogabetuak ez izana»

Bidaurre kargugabetu eta gero, Gasteizko Udalak prozedura bat abiatu zuen udaltzainburu berria aukeratzeko. Baldintza berri bat ere jarri zien hautagaiei: «Aurretik deialdi honetan eskaintzen den lanpostua bete baldin badute, baliogabetuak ez izana, gaitasun falta txostenetan oinarrituta». Bidaurre Gasteizko udaltzainburu izan zen, eta kargutik kendu zuten, haren gaitasuna auzitan jarrita. Beraz, horren arabera, ezin izan du deialdi berrira aurkeztu, eta bera izan da baldintza hori betetzen ez zuen bakarra: «Bere karrera profesionalean igotzeko aukera kendu diote, hari bakarrik aplika dakiokeen baldintza bat asmatuta», salatu du oharrean.

Bidaurre Gasteizko udaltzainburu izan zen, eta kargutik kendu zuten, haren gaitasuna auzitan jarrita. Beraz, ezin izan da deialdi berrira aurkeztu.

Baldintza hori «harrigarria» eta «zentzugabekeriaren ginga» da Bidaurrerentzat. Baldintza horren kontrako helegitea aurkeztu du. Bere dosier pertsonala aztertu eta gero, ikusi du ez dagoela bere gaitasun faltari buruzko txosten teknikorik, Gurtubaik berak Segurtasun zinegotzia zela egindako agiri bat baizik. «Beraz», Bidaurreren eta haren abokatuen arabera, «ez du inolako balio juridikorik hautaketa prozesuan parte hartzea eragozteko, zinegotziek ez baitute eskumenik txosten teknikoak egiteko».

Gasteizko Udalak jada izendatu du Bidaurreren ordezkoa: Jose Carlos Garcia Marcos, 2011. eta 2012. urteen artean udaltzainburu izana, 35 urtez udaltzain lanetan aritutakoa. Abenduaren 17an jakinarazi zuten. Bidaurrek, baina, helegitea aurkeztuko du bera prozesutik baztertu duen baldintzaren kontra.

Lehen emakumea

Bidaurre lehen emakumea izan zen Gasteizko udaltzainburu postuan. Epaitegietan borrokatu behar izan zuen. Izan ere, aurrena beste pertsona bat aukeratu zuten Gasteizko udaltzainburu. Roberto Garcia Tobalina, gizon bat. Baina Gasteizko Administrazio auzietarako lehen epaitegiak atzera bota zuen izendapen hori, iazko apirilean, «genero diskriminazioagatik». Zergatik? Azkeneko urteetan, barne prozesuan zerbitzu eginkizunetan bete izan da postua, deialdi publiko baten bidez, eta, hala egin balitz, Bidaurrek bakarrik betetzen zituen udaltzainburu izateko baldintzak.

Gasteizko Udalak ez zuen egin deialdi publikorik, eta Bidaurrek baino kategoria apalagoa zuen gizon bat izendatu zuen udaltzainburu, Garcia Tobalina, «aldebakarrez» eta Bidaurreri parte hartzeko aukerarik eman gabe.

Baina Gasteizko Udalak ez zuen egin deialdi publikorik, eta Bidaurrek baino kategoria apalagoa zuen gizon bat izendatu zuen udaltzainburu, Garcia Tobalina, «aldebakarrez» eta Bidaurreri parte hartzeko aukerarik eman gabe. Epaitegiak botere abusua egotzi zion Gasteizko Udalari, eta Garcia Tobalina kargugabetzera eta Bidaurreri ordura arte zegozkion ordainsari guztiak ordaintzera behartu zuen udala.

Gasteizko Udalak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, baina auzitegi horrek ere arrazoia eman zien ELAri eta Bidaurreri, aurtengo maiatzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.