Gaur da azken eguna Gasteizko udal gobernuak 2025. urterako egindako aurrekontu proposamenari zuzenketak aurkezteko. Bada, oposizioko hiru alderdiek zuzenketa partzialak aurkeztu dituzte eta ez osokoak. Hortaz, dirudienez, Maider Etxebarria alkateak aurrekontuak onartzeko beharrezko botoak izango ditu, baina norenak izango diren argitzea falta da. Hurrengo astean izango da bozketa, hilaren 24an.
EH Bilduk 25 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, bost ataletan banatuta: etxebizitza, gizarte babesa, dinamizazio ekonomikoa, trantsizio ekosoziala, eta aisialdia, kirola eta kultura. Aurrekontuak «aurrerakoiagoak, eraldatzaileagoak eta pertsonen benetako beharrei eta hiriaren erronkei erantzuteko modukoak» izatea nahi du koalizioak.
Atal horien guztien batura sei milioi eurotik gorakoa da. Beste hiru milioi 2024ko aurrekontu akordioan sartutako konpromiso kredituak dira. EH Bilduko kideek azaldu dutenez, diru horren bidez jarraipena eman nahi diete aurreko urtean abian jarritako hainbat proiekturi.
PSE-EEren eta EAJren arteko udal gobernua gutxiengoan dago. Oposizioko alderdiren baten babesa behar du asmoak aurrera ateratzeko, eta EH Bildu izan zen iazko aurrekontuak onartzeko makulua. Duela egun batzuk Rocio Vitero EH Bilduko eledunak esan zuen «pozik» daudela egindakoarekin, eta akordio ituna «ia osorik» bete izana goraipatu zuen.
Era berean, udal gobernua eta EH Bildu ados jarri ziren 2025. urterako ordenantza fiskala zehazteko. Zergak eta tasak %4 igotzea onartu zuten. Gaur, EH Bilduk akordioaren garrantzia azpimarratu du, bestela 2025. urterako aurrekontua txikiagoa izango zela argudiatuta; baina gasteiztarrek egindako ahalegina «nahitaez» itzuli egin behar dela ere aipatu dute, «gasteiztarren bizitza hobetuko duten proposamen eta politiken bidez».
Are, Arabako Foru Aldundian ere bat egin zuten hiru alderdiek aurrekontuen gaian. EH Bildu abstenitu, eta EAJren eta PSE-EEren arteko foru gobernuak aurrera atera zituen 2025. urteko aurrekontuak. Eta hainbat udalerritan, Guardian kasurako, bazkideak dira.
Dena den, akordiorik ez dagoela esan du Viterok. Gaineratu duenez, Gasteizko udal gobernuarekin negoziazioetan dabiltza, eta adostasunerako borondateari eusten diote.
Udal gobernuak ez du aterik itxi nahi, eta azpimarratu dute legegintzaldian alderdi guztiekin egin dituztela akordioak. Adierazi dute oraingo honetan ere oposizioko alderdi guztiekin ari direla hizketan. Etxebarriak behin baino gehiagotan agertu du aurrekontuak aurrera ateratzeko baikortasuna.
Denek izan nahi dute bazkide
Alderdi Popularrak 48 zuzenketa aurkeztu ditu. Zazpi milioi euro baino gehiago. Haiek ere bost ataletan bildu dituzte proposamenak: hirigintza, garapen ekonomikoa, segurtasuna, jasangarritasuna, eta mugikortasuna eta gizartea.
Iñaki Garcia popularren bozeramaileak eskua luzatu dio Etxebarriari. EH Bildurekin jarraituz gero, Gasteiz «kaltetua» izango dela esan dio, eta PPren alde egiteko eskatu dio: «Beste molde bat eskaintzen dugu, berritzailea. Norabidea aldatzeko ordua da».
Elkarrekin koalizioak, berriz, 36 zuzenketa erregistratu ditu, besteak beste, gizarte politikei, gazteriari, mugikortasunari eta hondakinen kudeaketari dagozkionak. Bost milioi euroko diru sailak proposatu dituzte.
Garbiñe Ruiz eledunak eman ditu xehetasunak. Udal gobernuaren proposamenari «ausardia» falta zaiola azaldu du, eta, horren ondorioz, Gasteiz «geldialdian» sartuko dela.