Gasteizko Udalak Urrezko Domina eman dio Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari

Florencio Dominguezek esan du oraindik ere badela indarkeriaren «ikuspegi erromantikoa eta idealizatua». EH Bilduk eta Memoria Osoa plataformak uste dute «bizikidetzaren aurkako eraso bat» dela gaurko saria.

Maider Etxebarria alkatea Urrezko Domina ematen Florencio Dominguez fundazioko zuzendariari. GASTEIZKO UDALA
Maider Etxebarria alkatea Urrezko Domina ematen Florencio Dominguez fundazioko zuzendariari. GASTEIZKO UDALA
xabier martin
Gasteiz
2024ko abuztuaren 5a
15:30
Entzun

Memoria arloko talde askoren kritika gogorren artean eta EH Bilduren babesik gabe, Gasteizko Udalak uztailaren 9an jakinarazitako erabakia gauzatu du: Hiriaren Urrezko Domina eman dio Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari, gaur eguerdian egindako ekitaldi batean, Arabako hiriburuko udaletxean.

Maider Etxebarria alkatearen ekimenak polemika handia piztu du. Gasteizko EH Bilduk baztertu egin zuen, udal gobernuaren asmoa jakin bezain laster. Azaldu zuen fundazio horrek indarkeriaren «ikuspegi partziala» sustatzen duela, eta ez dela «bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko asmoz aritzen». Gasteizen duen museoak ika-mika handia eragin izan du, kasurako, Francoren gobernuko presidente eta armadako almirante Luis Carrero Blanco gogoratzeagatik.

Batera edo bestera, Urrezko Domina jaso du jadanik Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak, eta, saria jasotzean, haren zuzendari Florencio Dominguezek esan du badela indarkeriaren «ikuspegi erromantikoa eta idealizatua oraindik ere». ETAk Gasteizen hildako 28 biktima gogoratu ditu, hasi 1978an hildako Espainiako hiru poliziarekin eta Maximo Casado kartzeletako funtzionarioarekin bukatuta, 2000. urtean hila. Memoriaren arloan aritzen den fundazioko zuzendariak ez du hitzik izan estatuko biktimentzat.

«Bi arrisku daude: terrorismoaren ikuspegi erromantikoa izatea eta indarkeriak helburu politikoak lortzeko balio duela pentsatzea»

FLORENCIO DOMINGUEZTerrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko zuzendaria

Dominguezek ziurtatu du demokrazia ezin dela eraiki «neutraltasun moduko baten gainean», eta hark buruan dituen arrisku biren berri eman du: «Terrorismoaren ikuspegi erromantikoa izatea, batetik, eta indarkeriak helburu politikoak lortzeko balio duela pentsatzea, bestetik». Fundazio sarituko buruak ohartarazi du «oraindik badirela terrorismoa zuritzen duten gazteak». Erantsi du kudeatzen duen Gasteizko memoria zentroa «arrisku horien aurka» aritzen dela.

Etxebarria eta aterkia

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak, berriz, aterki bat baliatu du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa eta Gasteizko jaiak lotzeko, Zeledonek eskuetan daraman objektua izaki. Gogoratu du Jose Luis Lopez de la Calle biktimaren hilotzaren alboan aterki gorri bat azaltzen dela, 2000. urtean Andoainen (Gipuzkoa) egindako atentatua islatzen duen argazki batean. Gasteizko zentro sarituaren museoko sarreran, Agustin Ibarrolak egindako mural bat dago, argazki hori dauka oinarri: «Gure aterkia da ahanzturaren zaparradaren aurrean».

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak, ordea, Martxoaren 3ko biktimak ahaztu egin ditu azken hiru urteetan, 2021. urtetik abiatu zenetik alegia; aldiz, azken hiru abuztuetan, «Meliton Manzanas torturatzaile eta Gestapoko kolaboratzailea omendu dute», EH Bilduk gogoratu zuenez, uztailaren 10ean. Koalizioak salaketa argia egin zuen aurtengo Urrezko Dominaren egokitasuna dela eta, Manzanasen «jarduera ahaztu eta soilik ETAren biktima izan zela azpimarratzen baitu» erakunde horrek.

Gasteizko Udalak ez ditu jaso soilik alderdien kritikak, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa omentzeagatik; Memoria Osoa plataformak argi utzi du egunotan «umiliagarria eta iraingarria» dela erakunde publiko batek biktimen «diskriminazioa eta bazterketa» bultzatzen duen zentro bat saritzea. Estatu indarkeriaren biktimek eta memoria historikoko hamabost elkartek osatzen dute Memoria Osoa plataforma, eta haren eledunek ziurtatu dute «bizikidetzaren aurkako eraso bat» dela gaurko saria.

Finean, Memoria Osoa plataformak uste du «baztertzailea eta diskriminatzailea» dela Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren izaera: «Euskal gizarteak, bere aniztasunetik, elkarbizitza eraikitzeko prozesuaren inguruan adierazi duen espiritu eta bokazioari kontrajartzen zaio udalaren erabakia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.