Gasteizko Udalak uko egin dio Gasteiz antzokiari «konponbide adostua» bilatzeari

PSE-EEk, EAJk eta PPk atzera bota dute antzokia «lehenbailehen» irekitzeko eskaera udalbatzan. Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak «hitzetatik ekintzetara» igarotzea galdegin dio udalari.

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren elkarretaratzea Gasteizko Udaletxearen parean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren elkarretaratzea Gasteizko Udaletxearen parean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 17a
15:30
Entzun

Gasteiz antzokiaren inguruan sortutako korapiloak ez du, oraingoz, askatzeko trazarik. Ez bederen luze gabe. Antzokiaren aldeko plataformaren ekimenez, Izaskun Arrue kulturgunea lehenbailehen irekitzeko mozioa eztabaidatu du gaur udalbatzak, baina PSE-EEk, EAJk eta PPk atzera bota dute. EH Bildu eta Elkarrekin taldeen babesa baino ez du izan ekinbideak.

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak joan den astean iragarri zuen mobilizazio dinamika bati ekingo ziola antzokia lehenbailehen irekitzeko eskatzeko. Besteren artean, jakinarazi zuen talde politikoekin bilduko zela eta udalbatzan mozio bat aurkeztuko zuela. Bada, gaur eztabaidatu dute ekinbidea, baina ez du lortu taldeen babes nahikorik, eta ez dute onartu. Era berean, EAJk eta PSE-EEk mozioari aurkeztutako osoko zuzenketak ez du aurrera egin; bi taldeek Gasteizko Udalari eskatu diote lanean jarrai dezala Izaskun Arrue kulturgunea berandu baino lehen irekitzeko.

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak herritarren txanda baliatu du talde politikoei konpromisoak eskatzeko. «Hitzez harago, ekintzak behar ditugu», nabarmendu du Txema Ramirez de la Piscina plataformako kideak. Eta udal gobernuari zuzenean hitz egin dio, gogoratzeko antzokiaren inguruan sortutako egoeraren erantzukizuna harena dela, eta, beraz, hark bilatu beharko duela irtenbidea; irtenbide «adostua», betiere.

Ramirez de la Piscinak ohartarazi du ez dela onargarria Lazarraga kultur elkartearen bizkar uztea antzokia itxita egotearen ardura; eta, are, salatu du «bidegabea» ere badela udalaren jarrera, badakielako elkarteak ez duela sortu arazoa; egungo egoera udalak bete ez dituen konpromisoen ondorio delako, eta elkarteak ezin dituelako bueltatu eskatzen dizkioten 113.000 euroak. «Udalak sortutako gurpil zorotik ateratzeko, hitzezko borondatea ekintzetan islatu behar da. Premiazkoa da, hiri honentzako proiektu mesedegarria delako».

Nanclares, bereari eutsita

Orain arteko gidoiari eutsita erantzun dio Maria Nanclares Euskara zinegotziak plataformari. Adierazi du udal gobernuaren helburua dela antzokia lehenbailehen martxan jartzea, baina «bermeekin» egin nahi duela, eta horretarako aurtengo hitzarmena sinatu beste biderik ez duela Lazarraga elkarteak. Hori bai, antzokia kudeatu nahi badu, udaleko kontu hartzailearen xedapenak dioena bete, eta jasotako diru laguntzatik 112.800 euro ere itzuli beharko dituela. «Giltzak eskaini dizkiegu; hartu nahi dituzten ala ez, zain gaude», berretsi du.

«Udalak sortutako gurpil zorotik ateratzeko, hitzezko borondatea ekintzetan islatu behar da. Premiazkoa da, hiri honentzat proiektu mesedegarria delako».

TXEMA RAMIREZ DE LA PISCINAGasteiz antzokiaren aldeko plataforma

Horrelako planteamendu bat egitea «tranpatia» dela erantzun dio Ramirez de la Piscinak, Gasteiz antzokiaren plataformaren izenean: «Gori-gori dagoen burdin bat hartzea eskatzen diguzue, eta ezin dugu, erre egingo gara eta». Udalbatzak akordiorik lortu ez izana deitoratu arren, antzokia irekitzeko lanean segituko dutela ziurtatu du plataformako kideak.

Hain justu ere, udalbatzan eztabaida egin duten bitartean, kanpoan elkarretaratzea egin du Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak. Hainbat lagun bildu dira Gasteiz antzokia behar dugu orain leloa zuen pankartaren atzean.

EAJ, akordioaren alde

Iñaki Gurtubai EAJko Segurtasun zinegotziak, berriz, atea ireki dio kontu hartzaileak Lazarraga elkarteari exijitzen dion diru kopuruaren inguruan konponbide adostua bilatzeari. Esan du elkarteak baduela dirua epeka bueltatzea, eta, udalak bere konpromisoak bete ez dituela uste badu eta atzerapenen ardura duela erakusten badu, prest daudela ekonomikoki konpentsatzeko.

«Udal gobernuaren helburua da antzokia martxan jartzea, baina bermeekin egin behar dugu. Giltzak eskaini dizkizuegu; hartu nahi dituzuen ala ez, zain gaude».

MARIA NANCLARESGasteizko Euskara zinegotzia

Gurtubaik aitortu du antzokiaren inguruan «arazo larria» sortu dela, baina posible dela konpontzea, eta bide horretan Lazarraga elkartea bidelagun izan nahi dutela: «Gasteizko euskalgintzak konfiantza dauka elkartearengan, eta hura gabe ezinezkoa da antzokia martxan jartzea». Nolanahi ere, ez du bat egin udalaren kudeaketa zalantzan jartzen dutenekin, eta adibide gisa jarri ditu Oihaneder Euskararen Etxea eta antzokiaren proiektuetan egindako inbertsioak.

EH Bilduk eta Elkarrekinek, aldiz, udala egin dute egoeraren erantzule. Haserre hitz egin dio Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak gobernuari: «Benetan sinesten baduzue Gasteiz antzokia proiektu estrategikoa dela, ekintzekin erakutsi». Gobernuaren «benetako konpromisorik» gabe proiektuak «porrot» egingo duela ohartarazi du Uriartek. Halaber, «lotsagarri» iritzi dio Oihaneder Euskararen Etxeak ateak itxi zituenetik bi urte bete direnean antzokiaren eraikina oraindik itxita egoteari eta arazoari benetako irtenbiderik ez emateko udalak hitzarmena sinatzeko argudioa behin eta berriz erabiltzeari. «Udal gobernuak sortu duen arazo bat da, eta udalak konpondu behar du».

Bide beretik aritu da Garbiñe Ruiz Elkarrekin taldeko zinegotzia ere, udal gobernuari antzokiaren proiektuari «balazta» jartzea egotzita. «Kudeaketa desegoki batek umezurtz utzi ditu Gasteizko euskaltzaleak», kritikatu du.

Mozioaren aurka bozkatu arren, gobernuak egindako kudeaketa gogor kritikatu du PPko zinegotzi Iñaki Garcia Calvok, eta ardura Lazarragaren bizkarrean uztea arbuiatu du. «Zergatik sinatu zenuten 300.000 euroko hitzarmen bat, jakinik ez zela abian jarriko? Ez zenekiten zer sinatzen zenuten, edo gezurra esan zeniguten; edo biak», kargu hartu dio udal gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.