Gasteizko Udalak Hiriaren Urrezko Domina emango dio Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari, eta PSE-EEko alkate Maider Etxebarria buru dela hartutako erabaki horrekin ez da ados azaldu EH Bildu. Koalizio subiranistak uste du fundazio horrek indarkeriaren «ikuspegi partziala» sustatzen duela, eta ez dela «bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko asmoz aritzen». Fundazio horrek Gasteizen duen museoak ika-mika handia eragin izan du, kasurako, Francoren gobernuko presidente eta armadako almirante Luis Carrero Blanco gogoratzeagatik.
Etxebarria alkateak Bozeramaileen Batzordean azaldu zuen atzo udal gobernuaren proposamena. Esan zuen «oso gertukoa» dela zentro horren eta hiriaren arteko harremana, 2021ean abiarazi zutenez geroztik. Fundazio hori «balio demokratiko eta etikoen alde» aritzen dela ziurtatu zuen. «Biktimen memoria kolektiboaren alde aritzen da, herritarrek kontzientzia har dezaten askatasunaren defentsaren alde eta terrorismoaren aurka». Halaber, alkateak uste du zentro hori «baliabide turistikoa» dela Gasteizentzat, zabaldu zutenetik 85.000 lagunek ikusi omen baitute. Horietatik %60 Euskal Herritik kanpo etorritakoak lirateke.
Aurreko urtean, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak jaso zuen Hiriaren Urrezko Domina, haren 125. urteurrenean. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak abuztuaren 5ean jasoko du saria, Gasteizko udaletxean, Andre Mari Zuriaren jaietako egun handian.
Meliton Manzanas
EH Bilduren babesik gabe hartu du udal gobernuak biktimen zentroa omentzeko deliberazioa. Koalizioak uste du «errealitatearen zati bat baztertuz» aritzen dela memoriaren arloan, eta jarrera hori «bizikidetzarako arazo bat» dela ziurtatu du. Azken hiru urteetan, Martxoaren 3ko biktimak ez ditu aintzat hartu Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak; aldiz, azken hiru abuztuetan, «Meliton Manzanas torturatzaile eta Gestapoko kolaboratzailea omendu dute». Koalizioak salaketa argia egiten du auzi horri buruz, Manzanasen «jarduera ahaztu eta soilik ETAren biktima izan zela azpimarratzen dutelako».
Hala, EH Bilduk azaldu zuen «giza eskubideen urraketa guztiak aintzat» hartzen dituzten proiektuak babestu behar direla, «biktima guztiak babesten dituztenak». Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak ez du horrela egiten, koalizioaren arabera, eta, horregatik, ez dago ados udalak zentro horri domina ematea erabaki izanarekin.